Albisteak

Albistea

Bisitariaren esperientzia pertsonalizatuagoa da Bermeoko turismoaren erronka berria

·        Turismo Bulegoak 10.601 bisitari izan ditu uztailean eta abuztuan, Gaztelugatxe Zentro berriak 3.715 lagun hartu ditu eta San Juanera joateko autobus eta gidari zerbitzuak 2.655 erabiltzaile izan ditu.

Bermeok turismo-jarduera biziari eutsi dio, eta uztaileko eta abuztuko datuek agerian utzi dute bisitariaren profila eta turismoa bizitzeko modua ere aldatzen ari direla. Turismo Bulegoaren aurrez aurreko arretak, informazio digitalak, Gaztelugatxe Zentro berriak eta San Juanera joateko autobus eta gidari zerbitzuak, besteak beste, bisitariaren beharrei erantzuteko eskaintza gero eta zabalago baten parte dira.

Uztailean eta abuztuan, guztira, 10.601 pertsona bertaratu dira Turismo Bulegora: 4.777 uztailean eta 5.824 abuztuan. Datu horiek erakusten dute udan zehar bisitariek Bermeon informazio eta orientazio turistikoa jasotzeko duten beharra, baina kontsulten izaeran ere aldaketa nabarmena antzeman da.

Izan ere, gero eta gehiago dira etxetik informazioa landuta eta oporraldia neurri batean planifikatuta ekartzen duten bisitariak. Behin Bermeora iritsita, beraz, ez dute hainbeste informazio orokor eskatzen; beren interesetara, denborara eta mugikortasun-aukeretara egokitutako gomendioak eta orientazioa bilatzen dituzte. Horrek kontsultak luzeagoak eta pertsonalizatuagoak izatea ekarri du.

Bermeora iritsi aurretik hasten da bisita

Joera hori Turismo Bulegoaren aurrez aurreko arretatik harago doa. www.bizibermeo.eus webguneak 7.500 bisitari izan ditu ekainaren 1etik abuztuaren 31ra, eta abuztuan izan du jarduera handiena, 3.100 bisitarirekin.

Turismo Bulegoak zuzenean kudeatzen duen webgunea tresna estrategikoa da, bisitari askorentzat Bermeorekin daukaten lehenengo harremana baita. Bertan aurkitzen duten informazioak eragina du herrira iritsi aurretik egiten duten plangintzan; horregatik, edukia etengabe eguneratuta eta elikatuta izatea “funtsezkoa” da.

Aurrez aurreko zein sareko kontsultetan, Gaztelugatxeko San Juan da bisitarien interesgune nagusietako bat. Horrez gain, non jan, Bermeon eta eskualdean zer ikusi, garraio-aukerak eta beste hainbat proposamen ere eskatzen dituzte.

Bisitariaren jatorriari dagokionez, azken urteetako joerari eutsi zaio. Madril eta Katalunia dira estatutik datozen bisitarien jatorri nagusiak, eta atzerritik datozenen artean, berriz, Frantzia da nagusi.

Aurtengo udan, gainera, Turismo Bulegoak beste joera bat antzeman du bisitari batzuengan: oporraldia gehiegi programatzeko beharra. Etxetik aurrez aukeratutako interesgune guztiak denbora oso laburrean bisitatzeko nahiak, zenbait kasutan, oporraldiaren beraren gozamena baldintzatu eta estresa eragin du.

Horren aurrean, turismo-informazioaren eginkizuna ere bada bisitariari bere denbora eta lehentasunak modu orekatuagoan antolatzen laguntzea, Bermeo eta ingurunea presarik gabe ezagutzeko aukera izan dezan. Izan ere, udalerriko turismo-eskaintza ez dago interesgune bakar batera mugatuta, eta herria ezagutzeko denbora hartzea esperientziaren beraren parte da.

Gaztelugatxe Zentroak lehen uda gainditu du

Udako berritasun nagusietako bat izan da, zalantzarik barik, ekainaren 23an zabaldutako Gaztelugatxe Zentroa. Lehen uda honetan, 3.715 bisitari hartu ditu guztira: 1.565 uztailean eta 2.150 abuztuan.

Zentroa Gaztelugatxeko San Juanerako sarrera-ate eta harrera-gune izateko sortu da, eta bisitariei informazioa eskaintzeaz gain, egunean bertan Gaztelugatxe Monumentu Naturala bisitatzeko sarrerak banatzeko eginkizuna ere betetzen du.

Lehen hilabeteotako harrerak erakusten du zentroak bisitariari informazioa eta orientazioa eskaintzeko erreferentziazko gune izateko bidean jarraitzen duela. Gainera, herritarren eta bisitarien aldetik harrera ona izan du.



Gaztelugatxera garraio kolektiboaren eta informazioaren bidez

Gaztelugatxe inguruko bisita arduratsuagoa sustatzeko helburuarekin, Turismo Bulegoak autobus eta gidari zerbitzua ere eskaintzen du San Juanera joateko. Zerbitzuak 2.655 erabiltzaile izan ditu uztailean eta abuztuan: 854 uztailean eta 1.801 abuztuan.

Zerbitzuaren proposamena joan-etorria errazteaz harago doa: garraio kolektiboa erabiltzea eta gidariaren azalpenen bidez ingurunea ezagutzea uztartzen ditu, Gaztelugatxeko bisita modu arduratsuagoan egiteko.

Uztailean zerbitzua pixkanaka ezagutarazteko prozesuan egon zen, eta oraindik herriko zein eskualdeko turismo-eragileen artean txertatzeko denbora behar izan zuen. Abuztuan, ordea, erabilerak nabarmen egin zuen gora, 1.801 erabiltzaile izateraino.

Aurtengo udako tenperatura altuek ere eragina izan dute bisitarien ohituretan, eta, bereziki, goizeko lehen orduetan Gaztelugatxera joateko zailtasuna nabaritu da. Testuinguru horretan, garraio antolatuak bisita errazteko beste aukera bat eskaintzen du.

Autokarabanen guneak ia erabateko okupazioa izan du

Bestalde, autokarabanen guneak ere erabiltzaile kopuru handia izan du udan. Turismo Bulegoak zerbitzua zuzenean kudeatzen ez duen arren, haren datuak turismo-jardueraren argazki orokorraren parte dira.

Uztailean 566 erabiltzaile izan ditu eta abuztuan 589, eta bi hilabeteetan ia %100eko okupazioari eutsi dio. Datu horiek erakusten dute autokarabana ere Bermeon egonaldia egiteko erabiltzen den aukeretako bat dela, eta bisitari mota horri erantzuteko azpiegiturak duen eskaria nabarmena dela.

Uztaileko eta abuztuko datu horien atzean, turismoa ulertzeko modu bat dago: bisitariari informazioa eta aukerak eskaintzea, haren esperientzia erraztea eta, aldi berean, udalerria eta haren ingurune naturala zaintzea. Ildo horretan, Bermeok turismo arduratsuago baten aldeko lana sendotzen jarraituko du, bisitariek herria ezagutu eta gozatu ez ezik, bertako ondarea eta ingurunea errespetatuz bizi dezaten egonaldia.

21 / 09 / 2026

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0