Albisteak

Albistea

Helduentzako antzerki tailerrean izena emateko epea irailaren 7an zabalduko da

-    Bermeoko Udalak antolatutako ekimenaren bidez, antzerkizaletasuna eta euskarazko sorkuntza sustatu nahi dira herritarren artean

Herritarren artean antzerkizaletasuna sustatu eta euskarazko sorkuntza-lanari bidea eman asmoz, Bermeoko Udalak, Euskara Sailaren bitartez, helduentzako antzerki tailerra antolatu du beste urte batez. Izena emateko  epea irailaren 7an zabalduko da, eta interesa dutenek irailaren 30era arte eman ahal izango dute, Berhaz bulegoan edo udalaren egoitza elektronikoan.

Tailerra 16 urtetik gorako herritarrei zuzenduta dago, bereziki antzerkigintzan interesa duten eta komunikazio-gaitasunak landu nahi dituztenei; 115 euroko prezioa izango du.

Antzerki tailerra urritik ekainera bitartean eskainiko da, eguaztenetan, 19:30etik 21:30era, Gizarte eta Kultura Etxean. Saioak Eneritz Artetxe aktore eta sortzailearen gidaritzapean egingo dira.

Ekimenaren helburu nagusietako bat da aurreko urteetan egindako lanari jarraipena ematea eta, aldi berean, antzerkiaren bidez euskarazko sorkuntza artistikoa eta herritarren adierazpenerako gaitasunak sustatzea. Horretarako, parte-hartzaileek antzerkigintzaren oinarrizko hainbat alderdi landuko dituzte, hala nola gorputz- eta ahots-adierazpena, pertsonaien lanketa, erritmoa, inprobisazioa eta testuak.

Ikaskuntza prozesua praktikara bideratuta egongo da: ariketa ezberdinen bidez landuko dira edukiak, eta eskuratutako tresnak eszenan bertan aplikatuko dituzte parte-hartzaileek. Horrela, antzerkiaren mundura hurbiltzeaz gain, norberaren komunikazio-gaitasunak, sormena eta talde-lana ere garatzeko aukera izango dute.

Bestalde, Gabonetan gaztetxoei zuzendutako antzerki tailerra ere antolatuko du Bermeoko Udalak, antzerkiaren inguruko eskaintza adin-tarte ezberdinetara zabaltzeko asmoz.

Informazio gehiago:
Berhaz bulegoan
Euskara Sailean:
94 617 91 22 / 688 84 73 47 (whatsapp bidez ere erantzuten da), euskera@bermeo.eus

 

 

02 / 09 / 2026

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0