Albisteak

Albistea

Bermeoko oinezko guneak arautzeko ordenantzaren aldaketa hasieraz onartu du Osoko Bilkurak

  • Araudi berriak 2016tik antzemandako beharrizanak jasotzen ditu, baimenetarako irizpideak bateratzen ditu eta Portuzarreko trafiko murrizketa ere arautuko du

Bermeoko Udalaren Osoko Bilkurak hasieraz onartu du herriko oinezko guneak —Alde Zaharra eta Portuzarra— arautzen dituen ordenantzaren aldaketa. Proposamenaren helburua da 2016tik indarrean dagoen araudia eguneratzea, azken urteotan antzemandako behar berriei eta arautu gabe zeuden egoerei erantzuteko, herritarren, eragileen eta administrazioaren arteko harremanak argiago eta eraginkorrago arautuz.

Osoko Bilkuran egindako bozketan, udal gobernua osatzen duten EH Bilduk eta Guzanek ordenantzaren aldaketaren alde bozkatu zuten; EAJk, berriz, aurkako botoa eman zuen.

Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak osoko bilkuran azaldu duenez, “osoko bilkurara ekartzen duguna ez da inprobisatutako neurri bat. 2016tik indarrean dagoen ordenantza baten eguneraketa da, urte hauetan antzeman diren beharrizan berriei erantzuteko”. Era berean, nabarmendu du espedienteak berak jasotzen dituela azken urteotan identifikatutako hutsuneak eta egoera berriak, eta horiei segurtasun juridikoz eta irizpide argiekin erantzutea dela aldaketaren helburua.

Ildo horretan, ordenantzak hainbat berrikuntza jasotzen ditu. Besteak beste, Alde Zaharreko lokalen jabeek baimena izateko aukera arautzen da. Gaur egun, Alde Zaharrean 259 lokal daude erregistratuta.

Halaber, araudi berriak etxebizitza turistikoen eta alojamendu turistikoen erabilera ere jasotzen du, orain arte ordenantzan zehaztu gabe zegoen errealitate bati erantzunez. Udalaren esanetan, helburua da erabilera horiek arautzea eta bizikidetza zein espazio publikoaren erabilera egokia bermatzea.

Bestalde, behin-behineko baimenetarako eta salbuespen egoeretarako irizpide bateratuak ezarriko dira, gardentasuna, berdintasuna eta interpretazio bateratua bermatzeko. Horrez gain, berriztatze prozesuen antolaketa eguneratuko da, eta interoperabilitateari eta administrazio efizientziari lotutako neurriak txertatuko dira, administrazio modernoago eta koordinatuago baten alde egiteko.

Ordenantzaren aldaketak Portuzarra ere hartzen du bere baitan. Bertan trafiko murrizketa ezarri da ordutegi jakin batean, espazio publikoaren erabilera hobeto antolatzeko eta oinezkoentzako lehentasunezko eremu seguruago eta atseginagoa sortzeko.

Neurri hori Aste Santutik dago martxan, eta dagoeneko hainbat izan dira uda sasoirako baimena eskatu duten herritarrak eta erabiltzaileak. Orain arte, 400 eskaera inguru erregistratu dira Portuzarrerako.

Alkatearen hitzetan, “Bermeoko portua ez da autoentzako pasabide hutsa; herriaren identitatea, topagunea, jarduera ekonomikoaren eremua eta herritarren bizitzaren parte da”. Ildo horretan, azpimarratu du neurriaren helburua dela “mugikortasuna eta bizikidetza uztartzea eta Bermeo bizigarriago bat eraikitzea”, bereziki ume, adineko, familia eta mugikortasun urriko pertsonentzat espazio seguruagoak bermatuz.

Era berean, udal gobernuak nabarmendu du kalitatezko espazio publikoek merkataritza eta ostalaritza indartzen dituztela, herritarren egonaldia eta erabilera sustatuz. “Jendea gustura dagoen lekuetan gehiago ibiltzen da, gehiago gelditzen da eta gehiago kontsumitzen du”, adierazi du alkateak osoko bilkuran.

Azkenik, udal gobernuak azpimarratu du ordenantzaren helburua ez dela debekuak ezartzea, baizik eta espazio publikoa modu orekatuago eta antolatuago batean kudeatzea. “Hau ez doa debekuen inguruan; hau doa espazio publikoa hobeto antolatzeaz, mugikortasuna eta bizikidetza uztartzeaz eta Bermeo bizigarriago bat eraikitzeaz”, nabarmendu du alkateak.

Hasierako onespena eman ostean, erabakia Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta 30 eguneko jendaurreko epea zabalduko da alegazioak aurkezteko. Epe horretan alegaziorik aurkezten ez bada, ordenantza behin betiko onartutzat joko da.

29 / 05 / 2026

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0