Albistea
· Herritarren parte-hartze zabala eta herriko eragileen inplikazioa izan dira irailaren 7tik 16ra ospatutako jaien ezaugarri nagusietakoak; aurreikusitako egitarau osoa aurrera eroatea lortu da.
Duela astebete agurtu zuen Bermeok Xixili, eta harekin batera amaitu ziren aurtengo Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak. Irailaren 7tik 16ra bitartean, herriko kale eta plazak jendez bete dira, eta Bermeoko Udalak balorazio positiboa egin du aurtengo jaien inguruan. Eguraldiak ekitaldi gutxi batzuk baldintzatu baditu ere, aurreikusitako jarduera guztiak egin ahal izan dira, eta herritarren parte-hartze zabala izan da jaietako ezaugarri nagusietako bat.
Kontzertuek protagonismo berezia izan dute egitarauan, eta publikoaren harrera ona izan dute. Baina musika-programaziotik harago, antzerkiak, kalejirek, ekitaldi tradizionalek, protokolozko hitzorduek eta gainerako kultur jarduerek ere herritarren babes handia izan dute. Kaleak eta plazak bete egin dira hainbat unetan, eta horrek berriro erakutsi du Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak herritarren inplikazioarekin eta parte-hartzearekin eraikitzen direla.
“Gure jaiak parte-hartzaileak izan dira beti, eta aurten ere argi ikusi da. Irailaren 7tik 16ra jai-egun asko ditugu, eta horrelako egitarau zabal bati eusteko ezinbestekoa da herritarrak inplikatzea eta bakoitzak bere ekarpena egitea. Aurten ere, hitzordu bakoitzean ikusi dugu hori: kontzertuetan, kalejiretan, antzerkietan zein ekitaldi tradizional eta protokolozkoetan”, adierazi dute udal arduradunek.
Gutxi izan badira ere, eguraldiak zenbait ekitaldi baldintzatu ditu, baina ez du eragotzi programatutako jarduera guztiak egitea. Umeen Danborradan, esaterako, ibilbidea laburtu zen, eta ekitaldi nagusia Goiko plazan egin zen. Cherry & The Ladies taldearen kontzertuan ere ohikoa baino jende gutxiago bildu zen, nahiz eta emanaldia normaltasunez egin eta kontzertuak harrera ona izan. Santa Eufemia Eguneko azokaren lehen orduetan ere euriak eragina izan zuen Lamerako jendetzan. Eguerdi partean, ordea, euria eten eta jendea pixkanaka hurbiltzen hasi zen, Lamera herritarrez betez.
Herriko eragileen lana eta elkarlana, jaien oinarri
Udalak bereziki nabarmendu du jaiak antolatzeko eta aurrera eroateko lanean aritu diren herriko pertsona, talde eta elkarte guztien ekarpena. Ildo horretan, Jai batzordeak aurten osotasunean antolatutako Almikako Jaitsieraren inguruan egindako lana azpimarratu du. Ekitaldiak parte-hartze handia izan du, eta Almikan bertan turuta tailerra eta mozorro lehiaketa ere antolatu dituzte.
Era berean, gogorarazi du Jai batzordea irekita dagoela ekarpenak egin nahi dituzten udalerriko herritar eta elkarte guztientzat, eta herritarrak parte hartzera animatu ditu: “Jai batzordeak ateak zabalik ditu, eta proposamenak, ideiak edo ekarpenak egin nahi dituen edonor etor daiteke”.
Era berean, Bermeoko Udalak Txosna batzordearen lana ere nabarmendu du, bereziki erakutsitako prestutasunagatik eta elkarlanerako jarreragatik: “Eragile desberdinen arteko lankidetza funtsezkoa da herritar guztiek euren lekua izan dezaten jaietan”.
Bestalde, Eleizalde Ikastolak aurten Sukalki lehiaketa berreskuratzea ere nabarmendu da. Ekimenak harrera bikaina izan du: 80 kazola baino gehiago aurkeztu dira eta Tala jendez bete da lehiaketaren inguruan sortutako giroarekin. Hala ere, Udalaren ustez, parte-hartzeaz harago, azpimarratzekoa da Ikastolak egindako antolakuntza-lana eta ekitaldiaren ostean erakutsitako ardura. Izan ere, Tala aurkitu zuten bezala utzi zuten, eta eremua guztiz garbi geratu zen. Horrelako jarrerek erakusten dute jaiak ospatzea eta herria zaintzea bateragarriak direla.
Aurten, lehen aldiz, gurpildun aulkian dauden pertsonek Lamerako kontzertuez gozatzeko aukera egokiagoa izan dute, bertan jarri den plataformaren bidez. Erabilera mugatua izan bada ere, udalak uste du lehen esperientzia honek datozen urteetarako hausnarketa egiteko balio behar duela.
Datorren urtera begira, plataformarekin jarraitzeko asmoa dago, baina haren erabilera aztertzeaz gain, irisgarritasuna hobetzeko beste aukera batzuk ere baloratuko dira, jaietan herritar guztiek kultur eta aisialdi eskaintzaz ahalik eta baldintza onenetan gozatu ahal izan dezaten.
Herria garbi mantentzea guztion ardura
Jaietako parte-hartze handiaren ondorioetako bat hondakin kopuruaren hazkundea ere bada. Horri aurre egiteko, udalak ohiko baliabideak indartu ditu, besteak beste, jai eremu nagusietan edukiontzi gehiago jarriz eta garbiketa-lanak indartuz.
Ahalegin horri esker, udalerria ia beti garbi eta baldintza egokietan mantendu ahal izan da. Hala ere, jaietako egun batzuetan zaborra eta bestelako hondakinak lurrean pilatu dira, baita edukiontzien errefortzuak jarri diren guneetan ere.
Horregatik, herritarrei gogorarazi nahi zaie herria garbi eta baldintza egokietan mantentzea “guztion erantzukizuna” dela, eta jaietako giroa eta parte-hartzea ingurunea zaintzearekin ere uztartu behar direla.
Testuinguru horretan, asko eskertu nahi da jai egunetan lanean aritu diren udal-langile guztien ahalegina. Garbiketa, mantentze-lanak, antolaketa eta beste hainbat zereginetan aritu diren langileek “ahalegin berezia” egiten dute, eta haien lana “ezinbestekoa” da ekitaldiak behar bezala garatzeko eta sortutako egoerei ahalik eta azkarren erantzuteko: “Jai-egun asko ditugu, eta udal-langileek erakutsi dute une bakoitzean euren lana egiteko prest daudela, sortu diren egoerei arin erantzunez. Askotan, isilpeko lana izaten da, baina ezinbestekoa jaiak behar bezala garatzeko. Eskerrik asko bihotzez egindako lan guztiagatik”.
Edozein motatako erasoak eta errespetu faltak, onartezinak
Irailaren 16an, Santa Eufemia Egunaren amaieran, Xixiliri agur esan eta jaiak amaitu ziren. Bermeon oso maitatua den jaietako protagonista nagusia da, eta haren inguruko tradizioek toki berezia dute herritarren artean.
Ildo horretan, Xixiliri eta haren inguruan sortzen diren ohiturei errespetuz heltzeko deia egin nahi da. Xixiliren ileak lortzea jaietako ohitura ezaguna eta herritar askorentzat estimatua bada ere, “horretarako bideek errespetuzkoak izan behar dute beti”. Izan ere, Xixiliren barruan pertsona bat dago, eta haren segurtasuna eta duintasuna errespetatu behar dira.
Azkenik, Bermeoko Udalak ez du onartzen jaietan zehar izandako erasoak eta errespetu faltak: liburutegiak jasandako erasoa, herriko hainbat tokitan egindako pintadak, Errementa Armaidxue eta Txosna batzordearen aurkako pintadak eta erasoak… Udalaren ustez, horrelako jarrerek ez dute lekurik gurean, eta edozein pertsona, talde edo eragileren aurkako erasoak eta errespetu faltak baztertu behar dira: “Jaiak elkarrekin gozatzeko egunak dira. Iritzi eta ikuspegi desberdinak izatea zilegi da, baina ez dugu erasoetan edo errespetu faltan oinarritutako jarrerarik onartzen”.
Amaitzeko, beste behin ere, Bermeoko Udalak eskerrak eman nahi dizkie Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak antolatzen eta gauzatzen lagundu duten pertsona, talde, elkarte eta udal-langile guztiei, baita egun hauetan kaleak bete eta jaietan parte hartu duten herritar guztiei ere.