Albisteak

Albistea

Herritarren sormena pizteko deia: idatzi eta partekatu zure ahotsa 2026ko jai-liburuan

  • Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako argitalpenak testu originalak behar ditu, kultura, memoria eta irudimena uztartuz

Bermeoko Udalak herritar guztiei dei egiten die 2026ko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako jai-liburua aberasteko, sormen-lanak bidal ditzaten. Ekimen honen helburu nagusia da kultura, tradizioa eta jakintza sustatzea, eta, aldi berean, sortzaileei euren lanak plazaratzeko aukera ematea. Epea 2026ko ekainaren 26an amaituko da, 14:00etan.

15 urtetik gorako edonork parte har dezake deialdian, gehienez bi lan aurkeztuta. Testuek askotariko gaiak jorratu ahal izango dituzte, betiere Bermeorekin edo bermeotar komunitatearekin lotura badute: kondairak, istorioak —benetakoak zein fikziozkoak—, efemerideak, kultur adierazpenak edota antropologia, historia, hizkuntza, artea edo musika bezalako diziplinak, besteak beste. Ez da iritzi artikulurik onartuko.

Aurkeztutako lanek originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dute, eta gehienez 9.000 karaktereko luzerakoak. Euskaraz sortutako testuek lehentasuna izango dute, eta, oro har, jai-liburuko eduki nagusia euskaraz argitaratuko da.

Lanak aurkezteko orduan, ezinbestekoa izango da testuak izenburua izatea eta dagokion eskaera-inprimakia beteta aurkeztea (IN-E 291/02-22 edo IN-G 291/02-22). Jai-liburuan argitaratzerakoan, lanaren izenburua eta egilearen izena agertuko dira.

Lanak paperean zein euskarri informatikoan aurkeztu beharko dira (Word formatuan), eta bi bide hauetako edozeinetatik entregatu ahal izango dira: aurrez aurre, Berhaz bulegoan (Ertzilla kalea 6-8), edo bide telematikoan, Bermeoko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez.

Aurkeztutako idazlanen artean, bereziko baloratuko dira ikuspegi inklusiboa, berdinzalea eta aniztasuna errespetatzen duten lanak, baita genero-rol estereotipatuak gainditzen dituztenak eta pertsona guztien duintasuna sustatzen dutenak ere.

Bermeoko Udalak herritarrak animatu nahi ditu euren ahotsa eta irudimena partekatzera: istorio bakoitza, ikuspegi bakoitza eta hitz bakoitza funtsezkoak baitira komunitatearen memoria kolektiboa eraikitzen jarraitzeko.

Oinarriak eta eskaera orriak eskuragarri daude Bermeoko Udalaren webgunearen ekimenak atalean.

07 / 04 / 2026

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0