Albistea
Gabon garaia ate joka daukagu, eta askorentzat egun bereziak diren hauek behar bezala ospatzeko, Bermeoko Udalak ekintza programa zabala prestatu du. Asteburu honetan murgilduko gara Gabonetako giroan Gabon Azoka bermeotarrarekin, eta urtarrilaren 5era arte, adin guztietako herritarrei zuzendutako mota askotako gizarte, kirol eta kultur ekintzak egongo dira aukeran. Programa zabal hau antolatzeko, behar-beharrezkoa izan da herriko hainbat talde eta elkarteren lana, horien elkarlana barik ezinezkoa izango litzatekeelako.
Aurten, hirugarren urtez jarraian, Bermeoko Udalak eta Berton merkatari elkarteak elkarlanean, Gabon Azoka Bermeotarra antolatu dute astebururako, abenduaren 6rako eta 7rako. Aurten ere, Artza frontoian izango du kokalekua, eguraldiagatik babestuta egoteko.
Bermeoko merkatariz osatutako azoka izango da beste behin ere, sektore desberdinetako komertzioak eta zerbitzuak egongo dira aukeran. Gabon Azoka Bermeotarra goiz eta arratsaldez zabalik egongo da, 10:30etik 15:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Iazko modura, frontoiaren kanpoaldean kokatuko dute gastrogunea, jatekoarekin eta edatekoarekin. Gastrogunearen ordutegia 10:30etik 22:00etara izango da, etenik barik. Azokari giro polita eman asmoz, musika, Ross Dantza Eskola, umeentzako jolasak... egongo dira asteburu osoan.
Iaz zabaldutako Instagram sare sozialarekin jarraitzen dute aurten ere: gabon_azoka_bermiotarra. Bertatik ematen ari dira azokari buruzko informazio guztia, bideo desberdinen bitartez.
“Herritarrak eta merkatariak batzen dituen azoka antolatzea da asmoa, gure herritarren parte hartzea sustatuta. Gabonetako Azokak magiaz eta jai giroz beteko du frontoia eta ingurua, etorri, kuxkuxeatu, erosi eta gozatu”, adierazi dute udal ordezkariek.
Merkataritza kanpaina Behargintzatik
Udalerriko merkataritzarekin jarraituta, Bermeoko Udalak, Behargintzaren bitartez, herriko merkataritza babesteko ekimen berria jarri du martxan Gabonetarako. Helburua da herriko komertzioei bateratzeko eta elkarlanean aritzeko aukera ematea, Gabonetako giro berezia herrian bizirik mantenduz.
Horretarako, komertzioen kanpoaldeak apainduko dira, bertoko merkataritzaren garrantzia nabarmenduz. Egurrezko xafletan “Kalitatezkoa”, “Hurrekoa”, “Geurea”, “Konfiantzazkoa”, “Bertokoa” eta “Herrirako” bezalako hitzak jarriko dira, eta loreak eta argiak ere erabiliko dira apaingarri gisa. 50 komertzio baino gehiagok eman dute izena ekimenean parte hartzeko. Komertzio bakoitzak bere estiloan apaingarriak antolatu ahal izango ditu; horretarako, apaingarri horiek sortzeko tailer bat antolatuko da (data zehaztu barik). Udalaren iritziz, “Bermeon erosteak gure herriaren etorkizunaren eta bizitzaren alde egitea esan nahi du. Merkataritza hurbila identitatearen eta kohesio sozialaren motorra da, eta herriaren esentzia bizirik mantentzen laguntzen du. Gainera, elkar zaintzeko modu bat da, eta horregatik gonbidatzen ditugu herritarrak bertako produktuak konfiantzaz erostera”.
Merkataritzatik haratago, abendua eta urtarrilaren hasiera bete beteta izango dugu herrian. Mota askotako kirolak, kontzertu ugari, kalejirak, ikuskizunak… daude egitarauaren baitan, eta zelan ez, Mari Domingi eta Olentzero eta Hiru Errege Magoak ere gurean izango ditugu. Zelan ez, abenduaren 24an, eguaztenean, Mari Domingi eta Olentzero helduko dira gurera, goizez eta arratsaldez egongo dira Bermeotik. Eguerdian, 12:30etik 14:00etara, eurekin argazkiak ateratzeko aukera egongo da, udaletxean. Arratsaldean, berriz, 17:30etik aurrera kalez kale ibiliko dira, aurten, Goiko plazatik hasita; urtero legez, oso ondo lagunduta joango dira dantzariekin eta musikariekin.
Hiru Errege Magoak ere ez dira faltako gurean, eta aurten, birritan izango ditugu bisitan. Abenduaren 30ean, martitzenean, Bizkaibusek antolatutako Bizkaia Mugitzen Gabonak Tour barruan bertan izango ditugu, Artza frontoiaren aurrean, 17:00etatik aurrera. Ondoren, urtero legez, urtarrilaren 5ean sirena hotsarekin batera, itsasotik iritsiko dira Bermeora, 18:00etan, eta Hiru Errege Magoak ere, dantzariekin eta musikariekin batera ibiliko dira kalejiran.
Bizirik Tonpoi-Tala auzo elkartea batu da aurtengo egitaraura, eta Gabon Gau bezperarako egitarau berezia prestatu dute, Talarako. KIETBko erraldoi txikiak eta Kanta kanta lorueko kantuzaleak izango dira, berriz, aurten, abenduaren 24ko eguerdi partea girotzen lagunduko dutenak, kalez kale ibiliko baitira eguerdian.
Datorren astean hasita, Musika Eskolako ikasleek orain arte ikasitakoa erakusteko aukera izango dute, gabon giroa ardatz hartuta; mota askotako kontzertuak egongo dira aukeran, eta agertoki desberdinetan egongo dira.
Zinemazaleentzat ere aukera ugari egongo dira Gabonetako oporraldian. Oso arrakastatsuak izan diren film batzuk eskainiko dira, 3 eurotan, abenduaren 20tik aurrera. Honako filmak ikusi ahalko dira berriro Nestor Basterretxea aretoan: Aro Berria (abenduaren 20tik 22ra), Minecraft film bat (abenduak 22), Heidi. Katamotzaren erreskatea (abenduak 23), Siempre es invierno (abenduak 23), Sirat (abenduak 16), Kayara (abenduak 29), Looney tunes: lurrak eztanda egin zuen eguna (abenduak 30) eta Jone, batzuetan (abenduak 30). Horiez gain, ohiko zine emanaldiak ere eskainiko dira, estrainaldi askorekin: Rey de Reyes, Núremberg, Zootropolis 2, Golpes, Avatar: fuego y ceniza. Bermeoko Udalaren sare sozialetan jakinaraziko dugu informazio gehigarria.
Kirol eskaintza ere ugaria izango da, adin guztietako herritarrei zuzendutakoa. Artza frontoian ez dira faltako eskupilota eta zesta punta txapelketak; hainbat eguneko eskubaloi txapelketa ere egongo da, kategoria guztietako taldeekin; iaz berreskuratutako 24 orduko futbito txapelketak jarraipena izango du; Ur puzgarriak eta Ur bataioa izango dira igerilekuan… Aurten, berritasun modura, frontenis txapelketa, eskalada tailerrak, urte amaierako mendi irteera eta patinete ikastaroa antolatu dira. Patinete ikastaroaren data oraindik zehaztu barik dago.
Korrikalariek abenduaren 28an izango dute hitzordua, Eutsi Gogor Danok Batera elkarteak antolatzen duen San Silvestre lasterketa solidarioan; aurten, lehenengo dortsala Xixili Gimnastika taldeak eroango du. Gogoratu, bi ibilbide egongo direla aukeran: laburra eta luzea. Dortsalak Intersport dendan eskuratu daitezke 3 eurotan, eta lasterketaren egunean bertan Lameran ere.
Bestalde, prest daude Gabonetako apaingarriak eta argiak, azken hauek bihar bertan piztuko dira, abenduaren 5ean. Gogoratu gura dugu apaingarriak ez direla jolasteko. Herria guztiona da, eta beraz, guztion ardura da herria zaintzea. Zaindu ditzagun Gabonetako apaingarriak eta errespetuz eta arduraz jokatu!