Albistea
Datorren zapatuan, apirilaren 18an, 10:30etik 14:00etara bitartean, Busturialdeko familiei zuzendutako ikasketa- eta lanbide-orientazioko jardunaldia egingo da Bermeoko Artza frontoian. Ekimenaren xede nagusia DBHko 4. mailan eta Batxilergoan dauden ikasleen etorkizun akademiko eta profesionalaren inguruko erabakiak hartzeko prozesuan laguntza eskaintzea da, bereziki guraso eta tutoreen bidelaguntzaren garrantzia azpimarratuz.
Jardunaldian zehar, prestakuntza-aukerak eta horiek eskaintzen dituzten lan-irteerak modu argi eta praktikoan aurkeztuko dira, bai unibertsitateko ibilbideei dagokienez, bai Lanbide Heziketako erdi eta goi mailako zikloei dagokienez. Helburua da familiek informazio eguneratua eta erabilgarria izatea, seme-alaben interes, gaitasun eta aukerak hobeto ezagutzeko eta horien arabera erabakiak hartzen laguntzeko.
Azpimarratzekoa da gurasoei zuzendutako lehenengo jardunaldia dela. Izan ere, joan den azaroan Busturialdeko ikasleei zuzendutako antzeko saioak egin ziren Bermeon eta Gernika-Lumon; oraingoan, ordea, familiei zuzenean bideratutako ekimena da.
Horretarako, hainbat prestakuntza-zentrok parte hartuko dute jardunaldian, bakoitzak bere eskaintza akademikoa eta espezializazio-arloak aurkeztuz:
Jardunaldiari edo bestelako zerbitzuei buruzko informazio gehiago eskuratu nahi dutenek www.gaztedibusturialdea.eus webgunea kontsulta dezakete, edo zuzenean harremanetan jarri 94 617 91 58, 94 625 76 09 edo 94 627 02 15 telefono zenbakien bidez.
Jardunaldia Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Foru, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Muxika, Nabarniz eta Sukarrietako udaletako gazteria zerbitzuek eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu dute, ‘Bizkaia Gazteak Busturialdea’ proiektuaren baitan.
Antolatzaileek azpimarratu nahi dute jardunaldi hau aukera paregabea dela eskualdeko familientzat, seme-alaben etorkizun akademiko eta profesionalari buruzko informazioa lehen eskutik jasotzeko eta orientazio pertsonalizatuagoa lortzeko. Horregatik, Busturialdeko familia guztiak gonbidatzen dituzte ekimenean parte hartzera eta etorkizunari begirako erabakiak modu informatuan eta seguruan hartzeko baliabideak eskuratzera.