Albistea
Hirugarrenez, Bermeoko Udalak 2026. urtera begira, aurrekontu parte-hartzaileen prozesua abiaraziko du. Modu horretara, herritarrek proposamenak egin ditzakete udal aurrekontuaren zati bat erabiltzeko moduari buruz. Hala, astelehenetik (urriak 20) azaroaren 2ra bitartean, herritarrek beren ideiekin eta proposamenekin parte hartu ahalko dute datorren urteko aurrekontuan eragiteko.
Proposamenak egiterako orduan, herritarrek kontuan izan beharko dute, proiektu guztiak ez direla baliagarriak izango, eta zenbait ezaugarri bete beharko dituzte. Interes orokorrekoak eta udalaren ahalmen eta eskumenen barrukoak izan beharko dira, eta, gehienez ere, 50.000 euroko aurrekontukoak. Hautatutako proiektua zenbateko horretara iristen ez bada, gainerakoa, proposamen zerrendako beste proiektu batera bideratuko da. Proposamena inbertsio bat edo urte bateko kontratua izan beharko da. Baldintza hauek guztiak udalak onartutako oinarrietan jasota daude, eta publikoak izango dira.
Jasotako proposamenak aztertzeko mahai bat osatuko da, teknikari eta ordezkari politikoez osatutakoa, kasu guztietan adierazitako ezaugarriak bermatzen direla ziurtatzeko.
Prozesuak fase desberdinak izango ditu:
1. FASEA. Proposamenak aurkeztea, urriaren 20tik azaroaren 2ra
2. FASEA. Baldintzak bermatzeko, bideragarritasun teknikoaren azterketa, azaroaren 3tik 7ra
3. FASEA. Proiektuen zerrenda publiko egin, azaroaren 14an
4. FASEA. Ontzat eman diren proiektuen bozketa, azaroaren 14tik 30era
5. FASEA. Proiektu irabazlearen berri ematea, abenduaren 1etik 5era
Astelehenetik aurrera, herritarrek aukera desberdinak izango dituzte euren proposamenak aurkezteko. Batetik, fisikoki egiteko aukera edukiko dute Berhazen, Gizarte eta Kultura Etxean, Liburutegian, Areneko Kiroldegian eta Zaharren egoitzan jarriko diren kutxetan. Eta, bestetik, elektronikoki ere egin ahalko da, karteletan agertzen den QR kodea erabilita. NAN edo AIZ duten adin guztietako pertsonek parte hartu dezakete, baldin eta Bermeon erroldatuta badaude.
Iazko prozesuan, 76 proposamen finalista egon ziren herritarren artean bozkatzeko. Proiektu irabazlea San Frantzisko Herri Ikastetxeko patioa konpontzeko proposamena izan zen, 291 botorekin. Aurrekontu parte hartzaileen prozesuan ekimen bat garailea izateak, eremu edo jarduera horretara berriro prozesu honetako diru kopurua bideratzeko ezintasuna ezartzen du, hiru urtetan.
Bermeoko udal arduradunek herritarrak deitzen dituzte aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan parte hartzera, prozesu honetan “herritarrek duten inplikazioa garrantzitsua” dela azpimarratuta.