Albistea
Areneko kiroldegiak irailaren 1etik 16ra itxi zituen instalazioak, urtero egin ohi diren mantentze eta hobekuntza lanak gauzatzeko. Bermeoko Udalak onartutako egutegiari jarraituz, kiroldegia irailaren 17an zabaldu zuen berriro.
Itxiera-aldian hainbat lan egin dira instalazioen mantentze-lanak bermatzeko, espazioak egokitzeko eta kiroldegiaren erabilera eta zerbitzuak hobetzeko.
Igerilekuari dagokionez, urtero egin ohi den moduan, igerilekua hustu eta zirkuitu guztiak garbitu dira, eta ingurua egokitzeko lanak ere egin dira. Horrez gain, legionellaren aurkako tratamendua egin da ur beroaren eta ur hotzaren zirkuituetan, eta DDD tratamendua ezarri da, intsektuen, arratoien eta mikroorganismoen aurkako kontrol-neurri gisa. Era berean, garbiketa orokor eta sakona egin da, makineria mekanikoa erabilita, eta beharrezko errejunte-lanak ere gauzatu dira.
Ildo horretan, gogorarazi behar da aurten martxan jarri dela igerilekuko ura berrerabiltzeko sistema, ur hori kale-garbiketara bideratzeko. Neurri horri esker, baliabide hidrikoak modu eraginkorragoan erabiltzen dira eta udalerriko kale-garbiketako lanetan berrerabili daiteke igerilekuko ura.
Instalazioen hobekuntzei dagokienez, argindar-sistema osoa berritu da. Era berean, kiroldegiko hainbat espazioren erabilera eta antolaketa berrikusi dira.
Biking gela gimnasioaren ondoko eremura lekualdatu denez, lehen biking gelak hartzen zuen espazioan, skate pista txiki bat egokitu da. Pista osoa erabiltzeko alokairuaren prezioa 14 eurokoa izango da orduko, eta erabilera partekatua egiten den kasuetan, tarifa 1 eurokoa izango da orduko; laster martxan egongo da.
Bestalde, bigarren solairuan ikasgela berri bat egokitu da. Espazio hori Areneko kiroldegiaren ohiko ordutegian egongo da zabalik, eta 16 urtetik gorako erabiltzaileen eskura egongo da ikasteko edo bestelako lan akademikoak egiteko.
Gimnasio-eremua ere handitu egin da. Gaur egun, goiko gimnasioak 800 metro koadro inguruko azalera du eta, beheko gimnasioa ere kontuan hartuta, Areneko kiroldegiak 1.000 metro koadrotik gorako gimnasio-eremua dauka. Oraingoz, dagoen makineria espazio zabalagoan berrantolatuko da eta erabilera beste modu batera dinamizatuko da. Makineria berria datorren urtean txertatzea aurreikusten da, kontratu berriarekin batera. Gimnasioaren obra honek eskaera historiko bateri erantzuna eman ahalko dio, eta horrela, uda sasoian, eguerdi partean, gimnasioa zabalik edukitzeko aukera eskainiko du.
Horrez gain, batzar-gela berri bat sortuko da goiko gimnasioaren ondoan, eta bizikleten mantentze-lanetarako gune bat ere egokitzen ari dira kiroldegiaren atzealdean.
Azkenik, instalazioen mantentze eta egokitze lanen barruan, margotze-lanak egin dira Areneko kiroldegiaren sarreran zein fatxadan.
Horrela, Areneko kiroldegiak ohiko jarduerari ekin dio berriro, instalazioetan egindako mantentze eta hobekuntza lanak amaituta.
Bermeoko Udalak eskerrak eman nahi dizkie erabiltzaileei instalazioak itxita egon diren egunetan erakutsitako ulermenagatik. Izan ere, kiroldegiaren itxiera beharrezkoa da egin diren lan guztiak behar bezala gauzatu ahal izateko. Udalak espero du egindako hobekuntzek erabiltzaileen beharrei erantzutea eta Areneko kiroldegiaren eguneroko erabilera eta esperientzia hobetzea.
2026-2027 ikasturtearen hasiera
Areneko kiroldegia berriz zabaltzearekin batera dator 2026-2027 kirol ikasturtearen hasiera. Eskaintzak adin guztietarako jarduerak biltzen ditu:
- 60+ ikastaroak: Biking, OKI (oreka, koordinazioa eta indarra), Pilates eta Yoga.
- Lurra ikastaroak: Aeroyoga, Pilates, Bizkar osasuntsua, Fit Balance, Yoga, Indarfit 45+, Gaztefit.
- Ura ikastaroak: Matro-igeriketa, igeriketa eskola (3-14 urte bitartekoentzat), seniorren igeriketa, akuafit, akuarunning, kardioaletak.
- Eskalada tailerra: 8 urtetik gorakoei zuzendutako 20 saioko tailerra izango da. Azaroaren 5ean hasiko da.
Eskaladarena izan ezik, gainontzeko ikastaroak urrian hasiko dira, hileko kuotarekin, eta kudeaketa salmenta-makinetan, udal webgunean eta Bermeo Kirolak App aplikazioaren bidez eman ahalko da izena. Oraindik plaza batzuk libre daude, beraz, izena eman ez baduzu, sasoiz zaude.
Bestalde, laster emango da ikasturtean zehar egongo diren saio solteen berri ere.