Albistea
Bermeoko Udalak, Kankinkabara Txistu Taldearekin lankidetzan, Gregorio Solabarrieta musikari bermeotarrari eskainitako erakusketa aurkeztuko du barikuan, urtarrilaren 23an. Ekimen honen helburua da Bermeoko ondare kulturala eta identitatea balioan jartzea, udalerriaren nortasuna indartuz eta bere protagonista nabarmenen lana erakutsiz.
Kankinkabara Txistu Taldeak hainbat musikari bermeotarrek utzitako ondare kulturala bildu eta nabarmentzeko lana egiten du, eta oraingo honetan, jatorrian Miranda de Ebron aurkeztutako erakusketa Bermeora ekarri du, Solabarrietaren figura eta ekarpena herrira itzuliz. Erakusketa hau, Gregorio Solabarrietaren loba Txutxi Solabarrietak antolatuta dago.
Erakusketa bihartik otsailaren 1era bitartean egongo da ikusgai Nestor Basterretxea aretoan, 19:00etatik 21:00etara. Bihar bertan, 19:00etan, erakusketaren inaugurazio ekitalditxo bat egingo da areto berean.
Inaugurazio ekitaldia Kankinkabara Txistu Taldearen eskutik hasiko da. Lehenik, taldeko kideek aurkezpen labur bat egingo dute, erakusketaren testuingurua eta helburuak azaltzeko. Ondoren, Gregorio Solabarrietaren lau kanta interpretatuko dituzte. Jarraian, erakusketarekin lotutako bideo baten proiekzioa eskainiko da, eta amaitzeko, bertaratutakoek erakusketa bisitatzeko aukera izango dute.
Biharko inaugurazio ekitaldian egongo dira Bermeoko udal ordezkariekin batera, Miranda de Ebroko alkate Aitana Hernando Ruiz eta Carlos Díez Javiz kultura zinegotzia, musikariaren ondareak bi udalerrien artean izan duen lotura berezia azpimarratzeko.
Gregorio Solabarrieta, musika-ibilbide oparoa
Gregorio Solabarrietak sei urte zituela hasi zituen musika-ikasketak Santa Eufemia elizako koruan, Enrique Larrea organista eta maisuaren zuzendaritzapean. Bederatzi urterekin flautina jotzen hasi zen, eta handik gutxira klarinetea Bermeoko Udal Musika Bandan. 1913 eta 1916 bitartean Jose Antonio Erauzkin bermeotarraren piano-ikaslea izan zen.
16 urte besterik ez zituela Bilbora joan zen bizitzera, eta Bizkaiko Musika Akademian (egungo Juan Crisostomo Arriaga Kontserbatorioa) sartu zen, Jesus Guridiren organo-ikasle gisa. Ikasketak amaitu ondoren, 20 urte zituela, Arrasateko Udal Musika Bandako zuzendari izendatu zuten.
1928an Miranda de Ebroko Udal Musika Bandaren zuzendaritza hartu zuen, eta bertan garatu zuen bere ibilbide musikalaren zatirik handiena, arrasto kultural sakona utziz. Bere gidaritzapean sortu zituen, besteak beste, Deportivo Mirandes futbol taldearen biribilketa eta A orillas del Ebro jota ezaguna, hiriko musika eta kultura sustatzen lagunduz.
Bere lanik ospetsuena Kresaletan zarzuela da, Txomin Agirreren Kresala ohitura-eleberrian oinarritua eta Augustin Zubikarai idazle ondarrutarrak egokitua. Lan hau Solabarrietak berak zuzendu zuen Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera Ondarroako Alameda Antzokian, Bilboko Arriaga Antzokian eta Donostiako Victoria Eugenia Antzokian.
1965ean erretiroa hartu zuenean, Miranda de Ebroko Orfeoiak eta Udal Musika Bandak omenaldi hunkigarria eskaini zioten, eta Udalak Hiriaren Zilarrezko Domina eman zion. Hil ondoren ere, bere oroimenak bizirik dirau Miranda de Ebron: kale batek bere izena darama, eta Gregorio Solabarrieta Ganbera Orkestra Gazteak bere ondare musikala omentzen jarraitzen du.