Albisteak

Albistea

Minbiziaren Aurkako Elkarteak, Bermeoko Udalak eta Osakidetzak kolon eta ondesteko minbizia prebenitzeko proba egitera animatzen dute

  • Ekimen honen helburua da Bermeoko 50 eta 74 urte bitarteko biztanleen parte-hartzea areagotzea Osakidetzaren kolon eta ondesteko minbizia goiz detektatzeko programan.
  • Programa honen tokiko partaidetza-tasa altua da, % 69koa 2023an. Hala ere, Minbiziaren Aurkako Elkarteak, Bermeoko Udalak eta Osakidetzak datozen urteetan % 100eko partaidetza lortzeko erronka planteatzen dute Bermeon.

Bermeoko Minbiziaren Aurkako Elkarteak, Bermeoko Udalak eta Osakidetzak kolon eta ondesteko minbizia goiz detektatzeko proba egitera animatu dituzte 50 eta 74 urte bitarteko herritarrak. Osakidetzak minbizi mota hori prebenitzeko daukan kanpainaren barruan kokatzen da ekimena, eta Bermeon atzo hasi ziren.

Egin ezazu testa, kolon eta ondesteko minbizia prebenitzeko kanpainak herritarrak animatu nahi ditu kolon eta ondesteko minbizia goiz detektatzeko —gorozkietan ezkutatutako odolaren testa— proba egitera. Ildo horretan, Minbiziaren Aurkako Elkartea tokiko hainbat eragilerekin harremanetan jarri da (farmaziak, dendak, elkarteak, eta abar), kanpaina zabaltzeari begira laguntza eskatzeko, eta proba egiteari lotuta parte-hartze handiagoa lortzeko. “Osakidetzak jasotako azken datuen arabera, 2023an, 50 eta 69 urte bitarteko biztanleriaren % 69,29k egin zuen proba Bermeon. Kasuen % 4,66 positiboak izan ziren", zehaztu du Oihana Urrazak, Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteko lurralde-garapeneko arduradunak.

Bermeoko Udaletik Nadia Nemeh Shomaly alkateak osasunean prebentzioak daukan garrantzia azpimarratu du, eta bizitzak salbatzeko ezinbesteko tresna gisa deskribatu du: "Bermeoko Udalak kolon eta ondesteko minbiziaren aurkako prebentzioaren garrantzia azpimarratu nahi du. Horrelako programei esker, pertsona askok garaiz detekta dezakete gaixotasuna, eta diagnostiko goiztiar batekin, tratamendua arrakastatsua izateko askoz aukera gehiago daude. Badakigu batzuetan zaila dela pausoa ematea, zalantzak edo nolabaiteko beldurra eduki daitezkeela. Baina gogorarazi nahi dugu proba hau erraza eta irisgarria dela eta bizitzak salba ditzakeela. Horregatik, 50 eta 74 urte bitarteko herritar guztiak animatzen ditugu parte hartzera eta ingurukoekin horri buruz hitz egitera. Osasuna konpromiso kolektiboa da, eta parte-hartzea zenbat eta handiagoa izan, orduan eta babestuago egongo da gure komunitatea. Elkarrekin prebentzioa funtsezko zutabe bihur dezakegu bermeotarren ongizaterako".

Bermeoko Osasun Zentrotik, Marina Cifuentesek, Familia eta Komunitateko erizainak, nabarmendu duenez "osasun-zentrotik biztanleak gonbidatu egiten ditugu baheketa horretan parte hartzera, funtsezkoa baita patologia horren lesioak goiz identifikatzeko. Edozein zalantza izanez gero, osasun-zentroan eska daiteke horri buruzko informazioa, familia-medikuei edo erizainei. Osasun-hezkuntzaren eta prebentzio goiztiarreko programa honen bidez, pazienteen bizi-kalitatea hobetzea lortzen dugu, inbaditzaileagoak diren tratamenduak eta gaixotasunaren fase aurreratuei lotutako konplikazioak saihestuz”.

Gaur egun, kolon eta ondesteko minbizia intzidentzia handieneko tumorea da Euskadin, urtean 2.000 kasu baino gehiago daude, eta ohikoagoa da gizonen artean. Orain arte, kolon eta ondesteko minbizia goiz detektatzeko Osakidetzaren programak 36.000 lesio aurre-gaizto eta 4.200 tumore inbaditzaile baino gehiago detektatu eta tratatu ditu indarrean egon den 14 urteotan; horietatik % 70,64 gaixotasunaren hasierako faseetan. "Test honek bizitza salba diezazuke, garaiz detektatutako kolon eta ondesteko minbizi batek sendatzeko % 90eko aukera duelako", gogorarazi du Urrazak.

Horrela, herritarrak testa egitera animatzen dituzte, batez ere zenbait arrazoirengatik parte hartu ohi ez duten kolektiboak. Azkenik, erakundeak argitu nahi du edonork egin dezakeela proba, osasun-txartel indibiduala eduki ala ez. Txartelik ez dutenek, deitu doako 900 84 00 70 telefonora, eta erregistratu proba egiteko.

Informazio gehiago:

Joana López de Guereñu. Osasunaren sustapenerako, prebentziorako eta informaziorako teknikaria.

joana.lopezdeguerenu@contraelcancer.es


Telefonoa: 655305622

29 / 04 / 2025

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0