Albistea
· Berbalagun egitasmoan edonork parte hartu dezake, “praktikaren bidez euskara hobetu gura duenak edo euskaraz bizitzeko aukera gehiagoren bila dabilenak”.
· Ikasturte honetan ere, Gurasolagun eta ekintza osagarriak antolatuko dituzte, eta lehiaketak ere egongo dira azaroan, otsailean eta maiatza-ekainean.
Beste urte batez, Bermeoko Udalaren Euskara Sailak, herriko euskaltegiekin eta Hizkuntza Eskola Ofizialarekin elkarlanean, Berbalagun egitasmoa martxan jarri du. Iker Bilbao San Nicolas Euskara zinegotziak gogorarazi duenez, Berbalagun egitasmoak lagunartean, euskaraz berba egiteko eta praktikatzeko aukerak ematen ditu, eskolatik eta euskaltegietatik kanpo: “Berbalagunen parte hartzen dutenek, lagunartean euskaraz eginez, hizkuntza bizia eta adierazkorra lantzen dute, eta erraztasuna hartzen dute egunerokotasunean euskara erabiltzeko”.
Berbalagun egitasmoko dinamizatzaile Marimar Hernandezek azaldu du aurten, Eraman euskara praktikara leloarekin datorrela Berbalagun. Azaldu duenez, leloak euskara jakiteaz edo ikasteaz gain, erabiltzearen garrantzia azpimarratu nahi da, eta, bereziki, mintzapraktika-programetako parte-hartzaileen zeregina: “ikasitakoa eguneroko egoeretan praktikan jartzea da helburua eta euskara erabiliz sendotzen eta erraztasuna hartzen joatea”.
Horregatik, aipatu du, mintzapraktika-programetan ez dagoela “ez zahar ez berri, ez hango ez hemengo...”. Berbalagun taldeetan “euskaraz gustura eta lasai arituz, euskararen bizindarra indartzen eta zabaltzen” dela nabarmendu du. Eta, hain zuzen ere, ideia hori islatu gura izan dute, aurtengo kanpainarako sortu duten bideoan.
Martxan dauden asteroko taldeak
Bermeon badaude zenbait Berbalagun talde sortuta, eta martxan daudenak, honakoak dira:
- Martitzenetan, 12:30etik 13:30era, Lameran
- Martitzenetan, 18:30etik 19:30era, Lameran
- Barikuetan, 17:00etatik 18:00etara, Lameran
Taldeak astean behin elkartzen dira, ordubetez, kalean euskaraz bizitzeko. Hiru talde horiez gain, beste talde batzuk eratzea espero du Hernandezek. Iaz adibidez azpimarratzekoa da herri kirolen taldea osatu izana. Talde guztietan egongo dira bidelagunak eta bidelariak, astean ordubetez euskara eroso praktikatzeko. Gogoratu du Berbalagun egitasmoan edonork parte hartu dezakeela, “praktikaren bidez euskara hobetu gura dutenak edo euskaraz bizitzeko aukera gehiagoren bila dabiltzanak”. Ildo horretan, zehaztu duenez, 5-6 laguneko taldeak izaten dira, eta horiek osatzeko kontuan hartzen dira parte-hartzaileen ordutegiak, adina eta zaletasunak. “Parte-hartzaileek erabakitzen dute non eta noiz batzen diren, betiere, lagun giroan”, gaineratu du.
Horrez gain, zaletasunen araberako taldeak ere elkartuko dira, esaterako, inguruetatik oinez ibiltzeko talde bat dago, hilean behin batuko dena, eta lehenengo irteera azaroaren 7rako jarrita daukate; 09:30ean Taraskan batuko dira Bermeo-San Kristobal-Bermeo egiteko. Menditik joango dira, eta errepidetik bueltatuko dira; 15 kilometro inguruko ibilbidea da.
Beste talde bat, berriz, dantza errazak praktikatzeko elkartuko da, azaroan hasiko da martxan, eta oraindik eguna zehazteke dago.
Gainera, aurten, ahalegin berezia egin gura da ikastetxeetan, familiak Berbalagun taldeetara erakarrita, eta udalerriko elkarteak ere animatu gura dira egitasmo honetan parte hartzera.
Bestalde, Gurasolagunentzako ekintzak ere egongo dira, familian ere euskaraz egiteko ohitura bultzatzeko. Udazkenean, Tertanga etxean, Amurrion, gurasolagunentzako asteburu pasak antolatu dituzte, urriaren 17an eta 18an eta azaroaren 7an eta 8an.
Horrez gain, berbalagunentzat eta ez direnentzat, Berbalagun lehiaketekin jarraituko dute: Udazkenekoa azaroan, negukoa otsailean eta udaberrikoa maiatza-ekainean. “Orain arte ehunka lagunek parte hartu dute, eta oso eskertuta gaude hain harrera onarekin”, adierazi du Hernandezek.
Eta, zelan ez, ikasturtean zehar, beste ekintza osagarri batzuk antolatuko dituzte, urtero egiten duten moduan: irteerak, hitzalditxoak, tailerrak... Herritarren proposamen guztiak ongi etorriak direla adierazi du.
Parte-hartzea doakoa da bai taldeetan eta baita ekintzetan, eta kide guztiek deskontu zein saritxoak eskura ditzakete. Izena eman gura dutenek https://emanizena.praktikatu.eus/ webgunearen bitartez egin dezakete, edo 607 609 580 telefono zenbakira idatzita. Informazio gehiago: https://praktikatu.eus/blog/bermeo
Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk nabarmendu du Berbalagunen parte hartzeko euskaraz berba egiteko gogoa baino ez dela behar, euskara ikasten ari direnentzat eta euskaraz normalean hitz egiten dutenentzat ere zuzenduta baitago. Horregatik, euskaraz egiteko gogoa duten pertsona guztiei, bai Berbalagun egitasmoan bai ekintza osagarrietan, parte hartzeko deia egin die.