Albistea
- Herritarren aspaldiko eskaera bati erantzunez, Josefin, Anton, Mari eta Lorentzo erraldoien 23 zentimetroko gomazko 1.400 figura txiki egin dira, eta Santa Eufemia Egunean jarriko dira salgai.
Bermeoko lau erraldoiak herritarren egunerokoan oraindik gehiago sartzeko prest daude. Josefin eta Anton arrantzaleek eta Mari eta Lorentzo baserritarrek beren miniaturazko bertsioa izango dute aurrerantzean, 23 zentimetroko gomazko figuretan. Guztira, 1.400 ale egin dira, 350 erraldoi bakoitzeko, eta lehenengo aleak Santa Eufemia Egunean, irailaren 16an, jarriko dira salgai, 10:00etatik 12:00etara, azokan bertan. Figura bakoitzaren prezioa 20 eurokoa izango da.
Bi hamarkadatan zehar, konpartsak herriko kaleetara eroan ditu lau pertsonaiak, eta urte hauetan guztietan herritarren artean lortu duten harrera eta atxikimendua handituz joan da. Kalejirak, saioak eta bestelako ekitaldiak Bermeoko kultur eta jaietako egitarauen parte bihurtu dira, eta, horrenbestez, erraldoiak belaunaldiz belaunaldi herritarren iruditerian txertatutako pertsonaiak dira.
Figura txikien ekoizpena herritarren eskaera bati erantzuteko sortu da. Bermeoko Erraldoien Konpartsak udalera jo zuen proiektuaren aukera aztertzeko, eta, proposamena baloratu ondoren, Bermeoko Udalak iaz abiatu zuen kontratazio-prozesua. Azkenean, Indarein enpresa arduratu da lau pertsonaien gomazko erreplikak egiteaz, eta lanaren kontratuaren zenbatekoa 25.223,66 eurokoa izan da (BEZ barne). Figura bakoitzaren prezioa ekoizpen-kostuak estaltzera bideratuta dago, eta, beraz, Udalak ez du irabazi asmorik izango ekimenarekin.
Proiektuak, gainera, hiru eragileren arteko elkarlan estua izan du oinarri: Bermeoko Udala, Bermeoko Erraldoien Konpartsa eta ekoizpenaz arduratu den enpresa. Diseinu eta ekoizpen prozesu osoan zehar, hiruren arteko koordinazioa ezinbestekoa izan da, jatorrizko erraldoien izaera eta ezaugarriak ahalik eta egokien jasotzeko eta herritarren esku kalitatezko produktu bat jartzeko.
Endika Etxebarria Telleria kultura zinegotziak nabarmendu duenez, “erraldoiak ez dira jaietako kalejiretan agertzen diren panpinak bakarrik; Bermeoko herriaren kultur ondarearen eta gure nortasunaren parte dira. Herritarrek urteetan eskatu dute etxean ere eduki ahal izatea, eta oso pozgarria da, gainera, eskaera horri erantzutea Erraldoien Konpartsaren 20. urteurrenarekin bat eginez”.
Konpartsatik ere prozesu osoan zehar izandako elkarlana eta azken emaitza azpimarratu dituzte: “Aspalditik genuen herritarrei erraldoien erreplika txikiak eskaintzeko gogoa, eta Udalera proposamena eroan genuenean bagenekien proiektuak bere denbora beharko zuela. Azkenean, lan eta koordinazio askoren ondoren, emaitzarekin oso pozik gaude. Guretzat oso berezia da lau erraldoiak herritarren etxeetara ere iristeko aukera izatea”.
Ekoiztutako aleak amaituz gero, Bermeoko Udalak aurrerago figura gehiago egiteko aukera aztertuko luke, herritarren harreraren arabera.
Ekimen honen bidez, Bermeoko kaleetan hain ezagunak diren lau pertsonaia horiek beste formatu batean ere herritarren eskura jarriko dira, eta, aldi berean, Bermeoko Erraldoien Konpartsaren 20 urteko ibilbidea ospatzeko beste modu bat izango da.