Albistea
Bermeoko Udalak kanposantuko ordenantza aldatzea onartu du, gaur egindako osoko bilkuran. Ordenantza aldatzearen helburua da gorpuak edo gorpuzkiak hobitik ateratzeko erabakietan sor daitezkeen gatazka eta lege-hutsuneei irtenbidea ematea.
Orain arte, ordenantzak baimendu egiten zuen gorpuak edo gorpuzkiak hobitik ateratzea, zinpeko aitorpen bat aurkeztuta bakarrik. Hala ere, prozedura horrek ez ditu behar bezala bermatzen inplikatutakoen eskubideak, batez ere, horma-hobiaren titulartasuna eta hildakoaren oinordekoa pertsona bera ez badira. Egoera horren ondorioz, batzuetan, familia-desadostasunak, gatazkak eta administrazio-arazoak sortu dira, eta agerian utzi dute indarrean dagoen erregulazioa eguneratzeko beharra.
Gai delikatua da, eta, legeriak ez du gai honi buruzko irizpide argirik ematen; hortaz, Bermeoko Udalak bere ekimenez jardun du, segurtasun juridikoa bermatzeko eta etorkizuneko desadostasunak saihesteko. Hala, tokiko ordenantza aldatzea erabaki da, prozedura bermatzaileagoa eta zorrotzagoa ezarri aldera. “Arlo pribatuko gaiak dira, eta badakigu ordenantza aldaketa honekin ezingo direla gatazka guztiak ekidin, baina aurrerapauso bat eman gura izan da, interesdunei berme bat emateko”, adierazi du Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk.
Ordenantza aldatuta, hemendik aurrera ezinbestekoa izango da hobitik gorpua edo gorpuzkiak ateratzeko eskatzen duen pertsonak bere datu pertsonalak eta nortasun-agiria aurkeztea. Gainera, ezinbestekoa izango da hildakoaren legezko oinordekoa dela egiaztatzea, legez baliozkoa den edozein dokumentu aurkeztuta. Hartara, aurrerantzean, zinpeko aitorpen hutsa ez da nahikoa izango, eta dokumentazio objektiboa aurkeztu beharko da.
Ordenantza aldaketa honekin inplikatutako pertsonen segurtasun juridikoa indartu gura da, familia arteko gatazkak eta desadostasunak saihestu eta kudeaketa gardenagoa eta ordenatuagoa bermatu gura da, eremu hau oso sentikorra izaten baita.