Albistea
Bermeoko Udala Ahalduntzerako Gune Feminista sortzeko prozesua garatzen ari da, herriko mugimendu feministarekin, Erroxape emakumeen elkartearekin, neska gazteen taldearekin eta Errementa Armaidxue kolektiboarekin elkarlanean. Herritarren parte-hartzea ardatz hartuta, espazio berriaren izaera, erabilerak eta antolaketa modu partekatuan zehaztea da ekimenaren helburua.
Prozesuaren lehen fasean, gune horren beharra eta oinarrizko adostasunak landu dituzte. Orain, espazioak zer eskaini behar duen, nola erabiliko den eta zer antolaketa-eredu izango duen zehazten jarraituko dute. Horretarako, beste herri batzuetako esperientziak bertatik bertara ezagutzea eta horietatik ikastea lagungarria izango da Bermeoko proiekturako.
Urriaren 17an egindako asanblada irekian adostutakoari jarraituz, azaroaren 21ean, zapatuan, txango feminista egingo dute autobusez. Ibilbidean, honako espazio hauek bisitatuko dituzte: Marienea (Basauri), Lamiaena (Arrigorriaga), Galdakaoko Emakumeen Etxearen proiektua eta Andragunea (Durango).
Bisitetan, espazio horien sorrera-prozesuak, antolaketa-ereduak, eskaintzen dituzten jarduerak eta parte hartzeko bideak ezagutuko dituzte. Horrez gain, ibilbidean izandako erronkak eta ikaskuntzak partekatzeko aukera izango dute, Bermeoko proiekturako baliagarriak izan daitezkeen ideiak eta ekarpenak jasotzeko.
Autobusa 09:15ean abiatuko da Erretenetik. Eguerdiko bazkarirako, parte-hartzaile bakoitzak bere bazkaria eroan beharko du.
Antolatzaileek herritarrak gonbidatu dituzte txangoan parte hartzera eta, oro har, Ahalduntzerako Gune Feminista sortzeko prozesuan inplikatzera. Izan ere, espazioak herritarren beharrei erantzungo badie, ezinbestekoa izango da emakumeen ahotsak, bizipenak eta proposamenak kontuan hartzea.
Izen-ematea eta informazio gehiago: