Albistea
Bermeoko Udalak gezurtatu egin du Guardian Homeland Security enpresarekin inolako lotura instituzionalik duenik, eta berretsi du Israelekin lotutako industria militar eta segurtasun-enpresen aurkako boikot instituzionalarekiko duen konpromisoa.
Azken egunotan hainbat hedabide eta sare sozialetan zabaldutako informazioek udal erakundea aipatutako enpresarekin lotu nahi izan dute. Horren harira, Bermeoko Udalak irmo adierazi du ez duela enpresa horrekin ez kontratazio-harremanik, ez lankidetza instituzionalik, ezta bestelako loturarik ere.
Udalaren esanetan, Guardian Homeland Security Israelgo segurtasun eta defentsa aparatuekin lotu izan da publikoki; ondorioz, enpresa horrek ordezkatzen duen jardun eredua bateraezina da Bermeok giza eskubideen defentsaren eta Palestinako herriarekiko elkartasunaren alde hartu duen konpromiso politiko eta etikoarekin.
Ildo horretan, udal gobernuak azpimarratu du kontratazio publiko arduratsuaren alde egiten jarraituko duela, baita okupazioa, militarizazioa eta giza eskubideen urraketak sostengatzen edo horietatik etekina ateratzen duten enpresen aurkako neurriak sustatzen ere.
Era berean, Bermeoko Udalak gaitzetsi egin ditu Loiuko aireportuan Global Sumud Flotillako kideen etorreraren harira jazotako gertaerak. Poliziaren esku-hartzeak, identifikazioak eta harrera egitera bertaratu ziren herritarren aurkako kargak “oso kezkagarritzat” jo ditu, eta gardentasuna zein erantzukizun politikoak eskatu ditu.
Udalak gogorarazi du flotillako ekintzaileek eurek aurrez salatu zituztela Gazara laguntza humanitarioa eramateko saiakeran jasandako erasoak eta tratu txarrak. Horren aurrean, Bermeok berretsi egin du nazioarteko elkartasunarekiko, giza eskubideen defentsarekiko eta bakearen nahiz justiziaren alde lanean ari diren pertsonen kriminalizazioaren aurkako konpromisoa.