Albistea
Arrain Azoka elkarteak aho batez erabaki du 2026ko XXIX. Hegaluze Saria Bermeoko Nautika Eskolari ematea. Erabaki honek aitortza publikoa egin nahi dio arrantza munduan prestakuntzak duen funtsezko garrantziari eta, bereziki, Bermeoko Nautika Eskolak azken 50 urteotan egindako ekarpen esanguratsuari.
Izan ere, arrantza sektorea lehiakorra eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko gai izango bada, ezinbestekoa da kalitatezko formakuntza. Testuinguru horretan, Nautika Eskolak herrian bertan eskaintzen duen hezkuntza zerbitzua balio handikoa da, eskaintza anitza eta espezializatua bermatzen duelako, eta itsasoari lotutako lanbideak aukera profesional duin eta erakargarri gisa kokatzen laguntzen duelako.
Mende erdiko ibilbidean, eskarmentu handiko erakundea dela frogatu du Nautika Eskolak, egokitzeko eta berritzeko gaitasuna erakutsiz, eta oraindik ere etorkizunera begira zer eskaini handia duela agerian utziz. Halaber, bere izaera integratzaile eta anitzagatik nabarmendu da: hainbat herrialdetatik etorritako ikasleak hartzen ditu, askorentzat bizi-proiektu berri bati ekiteko ateak zabalduz.
Bestalde, azpimarratzekoa da emakumeen presentzia eta integrazioa modu naturalean bultzatu izana, tradizionalki maskulinizatua izan den sektore batean aukera-berdintasuna sustatuz. Ildo berean, Nautika Eskolak izaera herrikoia izan du beti, eta elkarlaneko jarrera erakutsi du tokiko beste hezkuntza-eragileekin, baliabideak partekatuz eta komunitatea indartuz.
Arrain Azokarekin izan duen lotura estua ere azpimarratzekoa da: urteetan zehar modu aktiboan parte hartu du, eta une jakin batzuetan ekimen bereziak bultzatu dira, hala nola, Juan de la Cosa itsasontzi-ospitalaren bisitak, herritarrentzat esperientzia aberasgarriak eskainiz.
Ezin uka, halaber, Bermeok arrantza munduan duen ospea eraikitzen lagundu duen eragileetako bat Nautika Eskola bera izan dela, bertan formatutako profesionalek mundu osoan zehar egindako lanari esker.
Hori guztia dela eta, une egokia da erakunde honi merezitako aitortza egitekoa, bere 50. urteurrenaren harira eta itsasoarekin eta arrantzarekin lotura estua duen Arrain Azokaren testuinguruan.
Aurtengo Arrain Azoka maiatzaren 22tik 24ra bitartean ospatuko da, eta Hegaluze Sariaren banaketa maiatzaren 22an egingo da, inaugurazio ekitaldiaren baitan. Ekitaldi horrek hasiera emango dio, beste behin ere, Bermeoko agenda sozioekonomiko eta kulturalaren hitzordu garrantzitsuenetako bati.