Albisteak

Albistea

‘Zaintzarako sukaldaritza’ tailerra egingo dute Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean

  • Gizonei zuzendutako sukaldaritza-tailerra da, eta bi saio izango dira: otsailaren 26an eta martxoaren 5ean.

Bermeoko Udalak Zaintzarako sukaldaritza izeneko tailerra antolatu du, gizonei zuzenduta. Jarduera Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean egingo da, otsailaren 26an eta martxoaren 5ean, 18:00etatik 20:00etara.

Tailer praktiko honek sukaldaritza izango du abiapuntu, baina helburua ez da errezetak ikastea soilik. Sukaldearen bidez, umeen eta adinekoen zaintzarekin lotutako eguneroko erronkez hausnartzeko aukera eskainiko da, elikadura osasungarria modu erraz, azkar eta errealistan antolatzeko tresnak eskainiz.

Saioetan, parte-hartzaileek etxean erraz errepikatu daitezkeen errezetak prestatuko dituzte, “plater osasuntsuaren” oinarria ezagutuz, eta elikagai nagusiak, proteinak eta barazkiak modu orekatua eta praktikoan uztartzeko moduak landuko dituzte. Halaber, erosketa eta eguneroko antolaketa errazteko trikimailuak azalduko dira, denbora aurrezteko eta elikadura-ohitura osasungarriak sendotzeko.

Sukaldaritza-lanarekin batera, tailerra elkarrizketarako eta elkar-entzunerako gune modura ere pentsatua dago. Parte-hartzaileek esperientziak partekatu, ikasi eta elkarrekin hausnartzeko aukera izango dute: nola bizi da aitatasuna egunerokoan, zer gertatzen da zaintza gure gain hartzen dugunean, eta nola eraldatzen diren harremanak ardura horiei lekua egiten diegunean.

Tailerra Samurrak Elkarteko kide Aritz Resines Ruizek eta Onekin Nutrizioko Andrea Larrea Garcia eta Nahia Zeziaga Bengoa nutrizionistek gidatuko dute. Diziplina osagarrietatik abiatuta, nutrizioari, zaintzari eta eguneroko bizitzari lotutako ikuspegi praktikoa eskainiko dute, teoria eta sukaldaritza-lan praktikoa uztartuz.

Bermeoko Udaleko Berdintasun Saileko zinegotzi Arantza Ormaza Tarantinok herriko gizonak parte hartzera animatu ditu: “Zaintza egunerokoan egiten diren keinu txikietan hasten da, eta elikadura horietako bat da. Tailer honek gizonentzako espazio atsegin eta segurua eskaintzen du, sukaldean trebatzeaz gain, zaintzari buruz pentsatzeko eta elkar entzuteko. Bermeoko gizonak animatu nahi ditugu pausoa ematera”.

Antolatzaileek gogorarazi dute parte-hartzaileek amantala eta tupperrak ekarri beharko dituztela, tailerrean prestatutako jakiak etxera eraman ahal izateko.

Izen-ematea zabalik dago, interesa baldin badaukazu Berdintasun sailarekin harremanetan jarri: berdintasuna@bermeo.eus/ 688 638 449.

13 / 02 / 2026

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0