Albistea
Bermeoko Udalak aho batez onartu zuen 2026ko Araudi Plana joan den asteko osoko bilkuran. Plan horren bidez, 2026. urtean zehar indarrean dauden udal erregelamendu eta ordenantza batzuk berrikusi, eguneratu eta egokitu egingo dira, eta, aldi berean, behar berriei erantzuteko ordenantza eta erregelamendu berriak onartzea aurreikusten da. Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk adierazi du, “beti legearen aginduz gardentasuna eta parte-hartzea” izango direla plan honen ardatz nagusiak.
Alkatearen esanetan, 2026rako aurreikuspena “asmo handikoa” da, gaur egungo errealitate sozial, ekonomiko eta urbanistikoetara egokitzeko beharra duten arau ugari berrikustea aurreikusten delako. “Hainbat ordenantza aldatu behar ditugu. Kasu batzuetan gabeziak daude, eta beste batzuetan uste dugu gaur egungo errealitatera egokitu behar direla”, adierazi du. Bermeoko Udalak onartuta dituen arauen artetik, 2026an, 11 dira aldatu nahi direnak, eta 12 dira, berriz, Bermeoko Udalak urte honetan izapidetu eta onartu gura dituen arauak.
Araudi Planaren barruan, Bermeoko oinezkoen gunea antolatzeko ordenantza berrikustea aurreikusten da, Alde Zaharrean ematen diren baimenen azterketa sakona eginez, lokal hutsen jabeei sartzeko aukerak errazteko, xedatu gabe dauden etxebizitza turistikoen erabilerak arautzeko eta, baita asteburu eta jaiegunetan portu zaharrera ibilgailuen sarbidea mugatzeko ere. Era berean, Bermeon animaliak edukitzea eta babestea arautzen duen ordenantza eguneratuko da, animalien eskubideak eta ongizatea bermatzeko, martxoaren 28ko 7/2023 Legearekin bat etorriz.
Horrez gain, espazio publikoetan terrazak jartzeari buruzko udal ordenantza berrikusiko da, azken urteotan espazio publikoan ezarritako terraza kopuruak izan duen hazkunde nabarmenari erantzuteko, eta espazio publikoaren erabilera ordenatua, orekatua eta interes orokorrarekin bateragarria bermatzeko. Bestalde, Bermeoko Udal Azokaren Ordenantza eguneratuko da, udal azokaren erabilera eta kudeaketa arautzen dituen xedapenak gaur egungo beharretara egokitzeko, bereziki postuen emakidei eta ustiapenari dagokienez, egungo araudiak ez duelako behar bezala bermatzen postuen esleipena eta funtzionamendu egokia.
Araudi Planak, halaber, partaidetzari buruzko ordenantza berri bat jasotzen du, udalak sustatzen dituen prozesu parte-hartzaileak arautu eta lankidetza-dinamikak udal jardunean modu egituratuan txertatzeko, gaur egun arlo horretan araudi espezifikorik ez dagoelako eta funtzionamendu bateratu eta sistematikoa bermatzeko beharra dagoelako. Horrez gain, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Udal Ordenantza onartzea aurreikusten da, nazioarteko, Europako, Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko araudiaren esparruan, emakumeen eta gizonen berdintasunak udalerrietan izan beharreko araubide juridikoa ezartzeko, eta udalaren antolaketa eta funtzionamendua berdintasunaren arloan behar bezala araututa eta jasota gera dadin.
Bermeoko alkateak azpimarratu du 2026ko Araudi Plana tresna estrategikoa dela Bermeo gaur egungo erronketara egokitzeko, eta honakoa adierazi du: “Helburua da araudia errealitate berrietara egokitzea, udalaren funtzionamendua hobetzeko eta herritarren beharrei erantzun eraginkorragoa emateko”. Ildo horretan, Bermeoko Udalak bere konpromisoa berresten du udal kudeaketa modernizatzeko, espazio publikoaren erabilera ordenatzeko, ongizatea eta berdintasuna indartzeko, eta herritarren parte-hartzea sustatzeko.