Albisteak

Albistea

Ikasturte berriarekin batera, badatoz gurasoentzako eta etorkinentzako euskara eskolak ere

·        Irailaren 30era arte eman daiteke izena Berhaz bulegoan edo dagokion euskaltegian.

·        2026-2027 ikasturtean euskara ikasteko matrikulazio kanpaina ere martxan dago eta udalerrian hiru zentro daude euskara ikasteko: Hizkuntza Eskola Ofiziala, AEK eta Gotzon Garitaonaindia.

·        Aurten berritasun moduan, Euskara bonua martxan da. 4 ikasturte edo 720 ordu egiteko aukera 120 € ordainduta.

 

Ikasturte berriarekin batera, Bermeoko Udalak, Euskara Sailaren bitartez, gurasoentzako eta etorkinentzako euskara eskolak antolatu ditu, AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegiekin elkarlanean. Ikastaro horien bidez, alde batetik, familia bidezko transmisioa indartu gura da, euskara ez dakiten gurasoei ikasteko erraztasunak emateko; eta, beste alde batetik, Bermeora kanpotik etorri direnentzat euskara ikasteko aukera zabaldu gura da. Ikastaro hauetan parte hartzeko interesa daukatenek irailaren 30era arteko epea izango dute izena emateko; Berhaz bulegoan eman beharko da izena edo dagokion euskaltegian.

 

Iker Bilbao San Nikolas euskara zinegotziak esan du urrian hasiko diren ikastaro hauek ekainera bitartean izango direla, eta euskaltegi batean zein bestean, taldeei egokitutako metodologiak erabiliko dituztela.

 

Gurasoentzako euskara ikastaroak AEK euskaltegiak eskainiko ditu. Jakitera eman dutenez, ikastaro hauetan bai euskaraz ez dakitenek edo maila baxua dutenek parte hartu ahal dute. Seme-alabekin ohiko harremanetan komunikatzeko trebetasunak landuko dituzte, ulermena garatzen eta berba egiten hasiko dira, eta testu laburrak irakurtzen eta idazten ikasiko dira. Astean birritan izaten dira eskolak, bi ordu egun bakoitzean, eta nagusiki adingabeko seme-alaben gurasoei, tutoreei… zuzendutako ikastaroa da. Metodologia praktikoa erabiltzen dute, egunerokotasunarekin lotutako ariketak eginez.

Aurten, gainera, HABEk 120 euroko euskara bonua jarri du martxan, eta bonu edo dirulaguntza horren bidez eskolatuko dira ikasleak: 4 ikasturte edo 720 ordu egiteko aukera izango dute A0A0 edo A1A0 hasiera maila duten ikasleek 120 euroko bonu horren bidez.

 

Hasiera maila hori baino maila altuagoa duten ikasleen kasuan, irakaskuntza ibilbidea ordu kopuruan eta ikasturtetan murrizten joango da zenbat eta hasiera maila handiagoa izan ikasleek, beti ere, A2 mailara arte, eta matrikula horiek ere 120 eurokoak izango dira.

 

Ikasleren batek ordaintzeko arazorik izanez gero, ikasle horri HABEk ezarritako betekizunei lotuz tratamendu berezia emango zaio matrikula ordaintzeko orduan.

 

Gotzon Garitaonaindia euskaltegiak dauka, berriz, etorkinentzako ikastaroaren ardura. Helburu nagusia da etorkinei euskara ikasteko aukera ematea, “integrazio errazagoa izan dezaten”. Astean lau ordutan batzen dira; bi ordu, bi egunetan.

 

Etorkinentzako ikastaroan komunikatzeko oinarrizko gaitasuna lantzen da, HABEk garatutako Aisa metodologiaren bitartez. Klaseak oso praktikoak izaten dira, helburua erabilera delako, eta erabilera horren bitartez lortu gura da etorkinak gure kultura ezagutzea eta gure artean integratzea. Ikastaro hau beste herrialde batzuetatik etorri diren pertsonentzat antolatzen da, berton bizitzeko euskara ikastea lagungarria izateaz gain, integraziorako tresna garrantzitsua delako. Izan ere, euskara jakiteak hartu-emanak errazten ditu, aukerak eta bideak zabaltzen ditu, eta euskal nortasunarekin eta identitatearekin bat egiteko aukera ematen du. Ikastaro honen prezioa 10 eurokoa da gehi eskola materiala (17,50 €). Kasu honetan ere, aukera izango da 4 ikasturterako edo 720 ordurako matrikula egiteko 120 euroko bonuaren bidez.


 
Euskara ikasteko matrikulazio kanpaina martxan

 

Bestalde, 2026-2027 ikasturtean euskara ikasteko matrikulazio kanpaina martxan dagoela gogora ekarri dute. Hiru zentro daude Bermeon euskara ikasteko: Hizkuntza Eskola Ofiziala, AEK eta Gotzon Garitaonaindia. 16 urtetik gorako edozein herritarrentzat “aukera anitza eta ordutegi zabala” daukatela aipatu dute, “metodologia eguneratuak eta baliabide egokiak” eskainita.

 

Hizkuntza Eskola Ofizialak ere eskaintza zabala dauka 2026-27 ikasturterako, maila guztietarako eskolatzeko aukera eskaintzen dute. Aurreko ikasturtean esate baterako, A1eko talde bat ere izan zuten, eta aurten ere maila bereko talderen bat osatzea aurreikusten da. Ikastaro horretan ere, oinarri-oinarrizko komunikazioa lantzea dute helburu, “giro abegikorrean eta ikasle bakoitzaren ezaugarriak eta beharrizanak kontuan izanda”. Hizkuntza eskolak eskaintzen duena, “metodologia komunikatiboa eta aktiboa” dela aipatu dute. Horrez gain, bakarkako arreta eta eskola inklusiboa eskaintzen dutela gaineratu dute.

 

Hizkuntza Eskola Ofizialean izena emateko epea zabalik dago, eta abenduaren 30era arte zabalik izango da. Matrikularen prezioa “sinbolikoa” da, eta “arazorik izatekotan, bekak eskatzeko aukera ere badagoela” gogorarazi dute.

 

Gotzon Garitaonaindia euskaltegitik dirulaguntzei buruzko zehaztasunak eman dituzte. Aipatu dute Euskara bonuarekin erraztasun handiagoa dutela euskara ikasteko urratsa eman nahi duten herritarrek, doakotasunaren ikuspegitik pausu esanguratsuak ematen ari direlako, eta nabarmendu dute AOtik A2ra arteko mailak egiteko eta C1en kasuan 16-18 bitarteko gazteentzat matrikularen zenbatekoa hein handi batean diruz lagunduta dagoela. Gainerako mailetan izena emango duten ikasleek ere aurreko urteetan bezala dirulaguntzak izango dituzte, bai HABEtik eta bai udaletik.

 

Jakinarazi dutenez, AEK euskaltegian, aurten ere C2 maila izango dute. Klaseak arratsaldez izango dira, astelehenetan eta martitzenetan, 17:30etik 20:00etara.

 

Matrikula egiteko beharrezkoak direnak eta eskuratu daitezkeen dirulaguntzei buruzko informazioa euskaltegietan bertan jaso daiteke. HABEk eta Bermeoko Udalak, dirulaguntzak eskaintzen dituzte, ikasleek ordaintzen duten matrikula gastuetan “ahalik eta erraztasun handiena izan dezaten”.

 

Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak esan du “pozik” dagoela aurten ere guraso eta etorkinentzako euskara eskolak eskainiko direlako, “aukera polita” baita euskarara eta euskal kulturara hurbiltzeko. Horrez gain, herriko euskaltegietako eta Hizkuntza Eskolako kideei eskerrak emateko tartea ere hartu du, urte hauetan guztietan egin duten lanagatik. Euskara ikasteko aukera asko daudela aipatuta, herritarrak animatu ditu informazioa eskatzera eta euskara ikastera.

04 / 09 / 2026

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0