Albistea
Datorren domekan, maiatzaren 31n, atletismoa izango da protagonista Bermeon. Izan ere, Bermeoko Udalak eta Taraska Atletismo Taldeak elkarlanean antolatuta, Atletismoko Haur Olinpiaden edizio berria egingo da, herriko Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendutako jardunaldi ludiko eta hezitzaile baten bidez.
Ekimenaren helburu nagusia da haurrek atletismoaren oinarrizko modalitateak ezagutzea eta praktikan jartzea, baina, horrez gain, kirolaren bidez harreman osasungarriak, parte-hartzea eta talde giroa sustatzea ere bada antolatzaileen lehentasunetako bat.
Jardunaldia goizeko 10:00etan hasiko da Artza frontoian, eta parte-hartzaileek hainbat atletismo-probatan aritzeko aukera izango dute, hala nola, altuera jauzian, vortex jaurtiketan, oztopo-lasterketetan eta abiadura-probetan. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, urtez urte handia izaten da parte-hartzea, eta aurten ere harrera zabala espero dute.
Parte hartu nahi duten ikasleek euren ikastetxeetan eman beharko dute izena, eta dortsala eskolan bertan jasoko dute.
Ekimenaren prestaketa pedagogikoa indartzeko asmoz, aurten herriko ikastetxeei proposatu zaie atletismo-probak Soin Hezkuntzako saioetan lantzea. Helburu horrekin, Taraska Atletismo Taldeak berariaz prestatutako saio didaktiko bat bidali zaie ikastetxeei, irakasleek proposamen modura erabili ahal izateko. Antolatzaileen esanetan, haurrek aurrez probak lantzeak jardunaldira segurtasun handiagoz, konfiantzaz eta motibazioz gerturatzea ahalbidetzen du.
Bermeoko Udalak herriko neska-mutil guztiak animatu nahi ditu jardunaldi honetan parte hartzera, eta, aldi berean, hezkuntza-komunitateko kide guztiei eskerrak eman dizkiete haur eta gazteen artean jarduera fisikoa eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko egiten duten ekarpenagatik: “horrelako ekimenek berebiziko garrantzia dute txikitatik kirolarekiko atxikimendu positiboa eta bizimodu aktiboa sustatzeko orduan”.