Albistea
Bermeoko Udalak Bermeo, 1860-1975. Hirigintza eta Arkitektura liburua aurkeztu du gaur. Gorka Perez de la Peña Oleagak sinatutako lana Bermeoko ondare garaikidea ezagutzeko, aitortzeko eta maitatzeko ezinbesteko tresna da, eta udalaren babesarekin egindako ikerketa-dokumentu zabal eta sakon baten emaitza da.
Liburuak Bermeoko bilakaera garaikidea aztertzen du 1860 eta 1975 urteen artean, hirigintzaren eta arkitekturaren ikuspegitik. Ikerketa-lan zehatzaren bidez, alde batetik, hiri berri baten artikulazioa azaltzen du, eta, bestetik, Bermeok duen arkitektura aparta balioan jartzen du. Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak azaldu du, liburu honek aukera ematen digula Bermeo garaikidea ulertzen, aitortzen eta maitatzen hasteko: “Askotan gure aurrean izan dugun ondarea aberatsa da, baina ezezaguna”.
Proiektuaren jatorria
Liburu honen sorrera ez da kasualitatea izan. Proiektuaren lehen hazia 2014ko urrian landatu zen, Bizkaiko Ondare Jardunaldien barruan antolatutako bisita gidatu batean. Jardunaldi haien gaia Etxez Etxe izan zen, eta testuinguru horretan, Kikunbera etxea barrutik ezagutzeko aukera egon zen Gorka Perez de la Peña Oleagaren eskutik. Egun hartan, 80 pertsona inguruk parte hartu zuten bisitan.
Esperientzia hark bide luze bati hasiera eman zion. Ordutik aurrera, Bermeoko Turismo Bulegoa eta Gorka Perez de la Peña Oleaga elkarlanean aritu dira, urtez urte udazkeneko bisita gidatuak antolatuz, herriko altxor ezezagunak jendeari hurbiltzeko helburuarekin. Aldi berean, Gorkak bere ikerketa akademiko eta historikoa garatzen jarraitu du, eta prozesu horretan, herritarrek Bermeoko ondarea gero eta sakonago ezagutzeko aukera izan dute.
Urte hauetan guztietan, bisitek arrakasta handia izan dute, eta egilearen inguruan jarraitzaile-talde sendo bat sortu da. “Gorkak Bermeoko ondarea ezagutarazi digu, eta, aldi berean, bera ere herri honen ondarearekin maitemindu da”, azpimarratu du alkateak. Aurten ere bisitek erantzun bikaina izan dute, 60 pertsona baino gehiagok parte hartuta.
Bisita horien bidez, herritarrek eraikin eta espazio esanguratsu ugari ezagutzeko aukera izan dute, besteak beste, Batzokia, Kofradi Zaharra, Kasinoa, Goizeko Izarra Kofradia, Bermeoko ospitalea, Casa del Niño eta kanposantua. Azken honetara egindako bisitak bereziki azpimarragarriak izan dira, “benetako deskubrimendu bat” izan baitira.
Ondarearen balioa
Gorkaren prozesuaren bidez, gutxi-gutxika herritarrak Bermeoko ondare garaikidea eta ondare hori sortu zuten arkitektoak hobeto ezagutzen joan dira. Izan ere, Pedro Ispizua, Teodoro Anasagasti eta Fernando Arzadun bezalako arkitekto bermeotarrak, askorentzat oraindik ezezagunak badira ere, “lehen mailako profesionalak izan ziren, eta euren lanak nazioarteko mailakoak dira”. Gaineratu du, Gorkagandik ikasi ahal izan dutela arkitekto horiek gure herrian egindako lanek nazioarteko balioa dutela: “Hori guztia geureganatu behar dugu; izan ere, Bermeo arkitektura garaikidean ere lehen mailako herria da”.
Liburuak, balioa emateaz gain, ondare garaikidearen inguruan dauden erronkak ere mahai gainean jartzen ditu. Ondare mota hori zabaltzea ez da erraza, baina mantentzea eta birgaitzea are zailagoa da: “Askotan jabe askoko eraikinak dira, kostu handiko lanak eskatzen dituzte, eta, gainera, gutxi ulertutako ondarea izaten da asko eta askotan”.
Birgaitze-lanetan ondarearen zati garrantzitsuak galdu izan direla ere gogorarazi du: “Xehetasun txikiak, eraikinei arima ematen dietenak, askotan ez dira kontuan hartzen, eta horrek ondorio larriak ditu ondarearen osotasunean”.
Testuinguru horretan, liburu hau mugarri gisa kokatu du: “Arkitektura garaikidearen inguruan lan handia dugu aurretik, baina liburu hau argitaratzea lehen pausoa izan da; eta ez da pausu txikia, oso garrantzitsua baizik”.
Bermeo, 1860-1975. Hirigintza eta Arkitektura liburua Gorka Perez de la Peña Oleagak ilusio handiz eta urteetako lanaren ondorioz egindako lana da. Prozesu horretan, Bitor Uriarte izan du laguntzaile eta bidelagun. Alkateak nabarmendu duenez, “ezinbestekoa izan da Bitorren ekarpena; liburu hau egiteko beharra zegoela ikusita, zinegotzi gisa ez ezik, pertsona eta historialari profesional gisa ere parte hartu du”.
Amaitzeko, alkateak azpimarratu du liburu hau “guztiz beharrezkoa” dela herriarentzat: “Orain, bertan jasotzen den ondarea zaintzea, maitatzea eta mantentzea dagokigu. Ez dena ezagutzen, ez da maitatzen; eta ez dena maitatzen, ez da zaintzen”.
Bermeoko Udalak eskerrak eman nahi dizkie Gorka Perez de la Peña Oleagari egindako lan handiagatik eta bere prestutasunagatik, eta baita Bitor Uriarteri ere, proiektu honetan zehar Gorkaren bidelagun izateagatik.
Gaur arratsaldean liburua jendartera aurkeztuko da. Aurkezpen publikoa 19:00etan izango da, Nestor Basterretxea aretoan. Aurkezpenean egongo dira egilea bera, Bitor Uriarte, Bermeoko alkatea eta Alberto Santana. Interesa daukanak liburua erosteko aukera izango du gaur arratsaldean, 35 euroko prezioan.