Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak udazkeneko ekimen feministak aurkeztu ditu, ahalduntzea eta hausnarketa ardatz

  •      Urritik abendura bitartean, autonomia, osasuna, kontsumo-ohiturak eta literatura landuko dira.
  •        Urriaren 17an, gainera, Ahalduntzerako Gune Feminista elkarrekin eraikitzeko asanblada irekia egingo da.

Bermeoko Udaleko Berdintasun Sailak udazkeneko egitarau feminista aurkeztu du. Urritik abendura bitartean, hainbat jarduera egingo dira. Besteak beste, autonomia lantzeko prestakuntza, kontsumo-ohiturak ikuspegi feministatik aztertzeko tailerrak, osasunari buruzko saioak eta literaturatik abiatutako hausnarketak egingo dira.

Egitarauaren barruan, urriaren 17an, 10:30ean, Ahalduntzerako Gune Feminista elkarrekin eraikitzeko asanblada irekia egingo da udal azokan. Herritarrek aukera izango dute etorkizuneko gunearen izaerari, erabilerei, antolaketari eta lehentasunei buruzko ekarpenak egiteko.

Saio horrekin, proiektua gauzatzeko bide-orria adosten hasiko da udala. Horretarako, herriko emakumeen eta emakumeen taldeen beharrak eta interesak hartuko dira kontuan.

Egitarauko lehenengo ikastaroa Biziraupenerako Brikolajea II izango da. Martxan dago eta azaroaren 17ra bitartean egingo da. Parte-hartzaileek tresna elektrikoak erabiltzen eta etxean sor daitezkeen ohiko konponketak egiten ikasiko dute. Elektrizitateari eta iturgintzari buruzko aurreko ikastaroen ildotik, emakumeek tradizionalki presentzia txikiagoa izan duten esparru batean trebatzea du helburu.

Azaroan, ehungintzari eta kontsumo-ohiturei erreparatuko zaie. Ehungintza birziklatzeko tailerrean, arropa berrerabiltzeko eta eraldatzeko teknikak ikasiko dituzte parte-hartzaileek. Ez da beharrezkoa josteko makina izatea. Tailerrak alderdi praktikoa ez ezik, hausnarketarako tartea ere izango du. Arropa merkeak atzean zer duen aztertuko da, eta ehungintzak emakumeen eskubideekin, migrazioekin eta ingurumenarekin duen loturaz hitz egingo da. Saioak azaroaren 12an, 19an eta 26an izango dira, 18:00etatik 20:00etara, Gizarte eta Kultura Etxean.

Abenduaren 10ean eta 17an, berriz, Menopausia eta perimenopausia: elikaduraren bidez ongizatea zaintzen tailerra egingo da. Saioak euskaraz izango dira, eta bi egunetan egingo dira, toki eta ordutegi berean. Lehen saioan, menopausian eta perimenopausian gertatzen diren aldaketak eta elikaduraren inguruko zalantzak landuko dira. Bigarrenean, ikasitakoa praktikan jarriko dute parte-hartzaileek. Horretarako, elkarrekin errezetak prestatuko dituzte.

Literaturak ere izango du bere lekua udazkeneko egitarauan, Irakurle Txoko Feministaren bidez. Hiru saio egingo dira, hilean behin. Urriaren 28an, Maddi Ane Txoperenaren Ez erran inori izango dute hizpide. Azaroaren 25ean, Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik. Eta abenduaren 16an, Samara Velteren Eta Karmele?.

Nagore Fernandez Zabalak gidatuko ditu saioak. Liburuetatik abiatuta, generoak eguneroko bizitzan eta gizartean duen eraginari buruz hitz egiteko eta hausnartzeko gunea izango da Irakurle Txoko Feminista.

Udazkeneko programazioarekin batera, Berdintasun Sailak abian dituen beste lan batzuen berri ere eman du. Besteak beste, Bermeoko zaintza-diagnostikoa eta I. Zaintza Plana lantzen ari da. Horrez gain, indarkeria matxistaren aurreko arreta-protokoloa eguneratzen eta Puntu Seguruen Sarea zabaltzen ari da.

Azaroan, Puntu Seguruen Sareko taberna eta saltokien mapa berria aurkeztea aurreikusten du Udalak.

Ikastaroetako plazak mugatuak dira, eta Bermeon erroldatutako pertsonek lehentasuna izango dute. Informazio gehiago jasotzeko, izena emateko edo irisgarritasun-beharrizanak jakinarazteko, Berdintasun Sailarekin harremanetan jar daiteke berdintasuna@bermeo.eus helbidean edo 688 63 84 49 telefonoan.

07 / 10 / 2026

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0