Albisteak

Albistea

Europako ordezkariek Tonpoiko berreskuratze lanen proiektua ezagutu dute

  • IHOBEk antolatutako jardunaldien baitan, bertatik bertara ezagutu dute LIFE Urban Klima 2050 egitasmoaren barruan garatutako Tonpoiko esku-hartzea

Europako hainbat herrialdetatik etorritako 100 teknikari eta politikari inguruk bisita egin dute Bermeora, Tonpoiko berreskuratze proiektua bertatik bertara ezagutzeko. Jarduera IHOBEk antolatutako jardunaldien barruan kokatzen da, LIFE programaren eta Urban Klima 2050 ekimenaren esparruan.

Nadia Nemeh Shomaly alkateak eta Zigor Uriondo Arrue Ingurumen zinegotziak egin diete harrera bisitariei, eta ibilbidea Talan hasi ondoren, Tonpoira bertaratu dira. Bertan, udal ordezkarien eta teknikarien azalpenak jaso dituzte, egindako esku-hartzearen xehetasunak ezagutzeko.

Tonpoiko eraldaketa LIFE Urban Klima 2050 proiektuaren barruan garatu da, klima-aldaketara egokitzeko jardunbide egokien adibidetzat. Esku-hartzearen bidez, biodibertsitatea indartu da, itsasbazterra lehengoratu da eta herritarrentzat berdegune erresiliente eta irisgarri bat sortu da.

Leheneratze lanak egin aurretik, eremua degradatuta zegoen, baratzeek, behin-behineko eraikinek eta bestelako egitura irregularrek okupatuta. Halaber, landaredi inbaditzailea eta kontrolik gabeko hondakinak zeuden. Eremuaren ezaugarri geografikoek —itsasoarekiko hurbiltasuna eta malda handia— arrisku handia eragiten zuten lur-jausien aurrean, bereziki euri-jasa handien eta olatu bortitzen ondorioz.

Esku-hartzearen bidez, 1,4 hektareako gune berde bat sortu da herrigunetik gertu. Guneak itzalpeko espazioak eskaintzen ditu eta Aritzatxu hondartza herrigunearekin lotzen du oinezkoentzako ibilbide baten bidez.

Orain arte, proiektuak ia 600.000 euroko inbertsioa izan du. Horretarako, Bermeoko Udalak 425.000 euroko dirulaguntza jaso du, LIFE Urban Klima 2050 programaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Kosta Mugapearen laguntzarekin.

Alkateak adierazi du “harro” dagoela egindako lanarekin, eta azpimarratu du proiektuak herritarren eta bisitarien bizi-kalitatea hobetu duela. Era berean, adierazi du Bermeon garatutako eredua beste udalerri batzuentzat erreferente bihurtzen ari dela. Hala ere, zehaztu du proiektua ez dagoela amaituta, hirugarren fasea gauzatzeke baitago finantzaketa faltagatik.

Alkatearen hitzetan, “esku-hartze honen bidez, ingurumen berreskuratzetik harago, oinezkoentzako ibilbide bat sortu da, herritarrek ingurune natural batean ariketa egiteko aukera izan dezaten, klima-aldaketara egokituta eta zarata zein kutsaduratik urrun”.

Bisitak agerian utzi du Bermeon garatutako esku-hartzea nazioarteko intereseko adibidea dela, eta klima-aldaketara egokitzeko tokiko politiken erreferente gisa kokatzen ari dela.

22 / 04 / 2026

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0