Albistea
Udan ere, Bermeoko Udalak bisita gidatuak antolatu ditu, Gaztelugatxeko San Juanera, Euskal Herriko kostaldeko toki ikusgarrienetako batera. Zerbitzua Bermeotik abiatuko da, eta bisitarien erosotasuna lehenesten du. Bisita gidatuak uztailaren 4tik abuztuaren 28ra bitartean egingo dira.
Bisita gidatuen iraupena hiru ordu ingurukoa izango da, eta Lamerako autobus geltokitik abiatuko dira 09:30ean eta 11:30ean. Helburu nagusiak hiru dira: garraio publikoa sustatzea, CO₂ emisioak murriztea eta aparkaleku arazoak saihestea; bisitariak Bermeora erakartzea; eta Gaztelugatxeko balio naturalak eta historikoak modu sakonean ezagutzea.
Zer eskaintzen du bisita honek?
Bisita hauen bidez, parte-hartzaileek Gaztelugatxeko nortasuna eta berezitasuna modu sakonean ezagutuko dute: bertako sinesmenak, errituak eta ohiturak ezagutzeaz gain, Matxitxako lurmuturraren ikuspegi panoramikoak eta itsasargien bitxikeriak ere aurkituko dituzte.
Nola erreserbatu eta prezioak
Erreserbak egin daitezke dagoeneko www.bizibermeo.eus webgunean. Prezioak honako hauek dira:
Bermeoko Turismo Bulegoko arduradunek azpimarratu dutenez, Gaztelugatxeko San Juan ingurune babestu bat da, eta guztion artean zaindu beharra dago. Bisita gidatuek aukera paregabea eskaintzen dute bertako kultura eta naturaren balioa lehen eskutik ezagutzeko, ikuspegi ekoturistiko batetik.
Gaztelugatxe Zentroa
Aurten, gainera, Gaztelugatxeko San Juan gehiago ezagutzeko aukera ere badago, izan ere, asteon zabaldu ditu ateak Areilza kalean kokatuta dagoen Gaztelugatxe Zentroak. Interpretazio Zentro horretan, Gaztelugatxeko baliabide naturalak eta kulturalak eta identitate-balioak daude ikusgai.
Sarrera doakoa da, eta irailaren 30era bitartean egongo da zabalik: lanegunetan 10:00etatik 15:00etara eta 16:00etatik 18:00etara; domeka eta jai-egunetan, berriz, 10:00etatik 14:00etara. Astelehenetan eta irailaren 9an itxita egongo da.
Bermeoko udako turismo eskaintza turistikoa osotasunean: www.bizibermeo.eus
Informazio gehiago Bermeoko Turismo Bulegoan:
94 617 91 54
turismoa@bermeo.eus