Albisteak

Albistea

Badator Bermeoko XX. Herri Lasterketa, kirola eta elkartasuna uztartzen dituen hitzordua

  • Domekan, urtarrilaren 25ean, biltzen den dirua Sagrado Corazón Ikastetxeak jasoko du, aniztasun funtzionala duten ikasleen artean kirol praktikak sustatzeko.

Bermeoko Udalaren Kirol Sailak eta Taraska Gazte-Zahar taldeak antolatuta, datorren domekan, urtarrilaren 25ean, Bermeoko XX. Herri Lasterketa egingo da. Aurtengo edizioa berezia izango da, izan ere, Taraska Gazte-Zahar taldeak antolatzaile lanak egiten dituen azken urtea izango da, eta ekimen honen lekukoa beste talde batek hartzeko prozesua martxan dago, lasterketaren jarraipena eta etorkizuna bermatzeko helburuarekin. Bermeoko Udalak, eskerrak eman nahi dizkio Taraska Gazte-Zahar taldeari urte hauetan guztietan egindako lanagatik eta erakutsitako konpromisoagatik, Herri Lasterketa Bermeoko kirol egutegiko hitzordu garrantzitsu bihurtzen lagundu baitu.

Herri Lasterketa Bermeoko herritar guztiei zuzendutako kirol ekintza da, edonork parte hartu dezakeena. Herrian denok batera korrika egiteko “aukera paregabea” eskaintzen duen lasterketa da, eta ez du konpetizio-helbururik, izaera herrikoia eta soziala duelako.

Herri Lasterketaren helburuak honako hauek dira: herritarrak kirol jardueraren inguruan sentsibilizatzea; osasunaren eta kirolaren arteko harreman estua azpimarratzea; kirola Bermeoko kaleetan ikusi eta sentitzea; kirola herritarrengana hurbiltzea; kirola ez dela federatuen kontua bakarrik adieraztea; eta aurreko urteetako lasterketei jarraipena ematea, korrikalarien artean harrera ezin hobea izan duelako.

Urtero modura, adin tarteka banatutako 4 lasterketa egongo dira, eta denak Lameratik hasiko dira:

  • Gazteak eta helduak (14tik gora): Gutxi gorabehera 8 kilometro, 11:00etan hasita
  • Gaztetxoak (11-14): 1.500 metro, 12:00etan hasita. Adin tarte honetako gazteek lasterketa nagusian parte hartu dezakete, pertsona nagusi baten ardurapean
  • Umeak (7-10 urte): 800 metro, 12:10ean hasita
  • Haurrak (3-6 urte): 100 metro, 12:40an hasita

Lasterketa nagusiaren ibilbidea honakoa izango da: Lamera > Kai bidea > Artza > Errosapeko moilla > Artza > Nardiz tar Benantzio > Uhinurrategia > Nardiz tar Benantzio > Kofradia > Aroztegi > Nardiz tar Jon > Santa Barbara > Intxausti > Goiko plaza > Bidebarrieta > Talakoetxea > Baztarre > Aurrekoetxea > Irakaskintza > Ongintza > Tala > Tonpoia > Talako Andra Mari > Hilerria > Aritzatxu bidea > Matxitxako bidea > Bidegorria > Kiroldegia > Landabaso poligonoa > Bizkaiko Jaurerria > Intxausti > Goiko plaza > Aroztegi > Lamera.

Ahalik eta ibilgailu gutxien

Nagusien lasterketa 11:00etan hasi eta 12:00ak ingurura arte luzatzea aurreikusten da. Hori dela eta, ordu-tarte horretan, korrikalariak errespetatze aldera, ibilgailuak ahalik eta gutxien erabiltzeko eskatzen da.

XX. Herri Lasterketan parte hartu nahi dutenek Bermeoko Areneko kiroldegian eman beharko dute izena, eta umeek ikastetxeetan izena emateko aukera izango dute. Lasterketa egunean bertan ere izena emateko aukera egongo da 10:30ak arte; hala ere, antolatzaileen lana errazteko, aurrez izena ematea eskertzen da.

Haurrek, umeek eta gaztetxoek euro bat ordaindu beharko dute, eta nagusiek, berriz, bi euro. Aurten Herri Lasterketan batzen den dirua Sagrado Corazón Ikastetxeak jasoko du, aniztasun funtzionala duten umeen artean kirol ohitura osasungarriak sustatzeko helburuarekin.

Korrikalari bakoitzari izena ematean dortsala emango zaio, lasterketa egunean eraman beharko duena. Haurrek, umeek eta gaztetxoek dortsalak ikastetxeetan jasoko dituzte.

Lasterketa amaitzean, parte-hartzaileek BM supermerkatuek prestatutako opari-poltsa bana jasoko dute, eta Bermeoprint-en opariak ere banatuko dira parte-hartzaileen artean. Horrez gain, aurreko urteetan bezala, korrikalariek Areneko kiroldegian eta Artza frontoian dutxatzeko aukera izango dute.

XX. Herri Lasterketaren garapen zuzena eta segurtasuna bermatzeko, honako hauek ariko dira lanean: Taraska Gazte-Zahar taldea, Izaro Bikers Moto elkartea, Bermeoko Kirol, Zerbitzu eta Udaltzaingo sailak, Gurutze Gorria eta herriko boluntarioak. Halaber, lasterketaren laguntzaileak honako hauek dira: Kutxabank, BM supermerkatuak, Festak.com, Bermeoprint, Bermeoko Herri Eskola, Sagrado Corazón Ikastetxea, Eleizalde Ikastola eta Bermeoko Institutua.

Umeak, gazteak eta nagusiak kontuan hartuta, 851 korrikalari bildu zituen Bermeoko XIX. Herri Lasterketak; horietatik 209k parte hartu zuten lasterketa nagusian, eta 642k ume eta gazteen lasterketetan. Iaz, 1.145 euro batu ziren, eta Eleizalde Ikastolako Gela Egonkorrera bideratu ziren, umeen artean kirol ohitura osasungarriak sustatzeko.

Bermeoko Udalak herritar guztiak animatzen ditu XX. Herri Lasterketan parte hartzera, kirola egiteko eta ondo pasatzeko aukera paregabea baita. Era berean, urte luzez lasterketa hau aurrera ateratzeko gogor lanean aritu diren antolatzaile eta boluntario guztien lana eskertu nahi da.

20 / 01 / 2026

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0