Albisteak

Albistea

Bermeo Tuna Pintxo Tourrak edizio berria itxi du, 38.000 pintxo inguru zerbitzatuta

Bermeo Tunak uztailean eta abuztuan bultzatutako ekimenak 2025ean baino % 25 parte-hartze handiagoa izan du, establezimendu gehiagoren inplikazioarekin eta sari zein esperientzia gastronomikoen eskaintza zabalagoarekin.

 

Bermeo, 2026ko irailaren 21a. Bermeo Tuna Pintxo Tourrak azken edizioa itxi du balantze positiboarekin, Bermeoko udako ekimen gastronomikoetako bat bezala duen presentzia indartuz. Uztailean eta abuztuan zehar, establezimendu parte-hartzaileetan atun eta hegaluze jasangarriz egindako 38.000 pintxo inguru zerbitzatu direla kalkulatzen da.

Aurten, ekimenak 2025ean baino % 25 parte-hartze handiagoa izan du, establezimendu gehiagoren atxikimenduarekin eta sari zein esperientzia gastronomikoen eskaintza zabalagoarekin. Hazkunde horrek iazko edizioari jarraipena ematen dio.

Bi hilabetez, establezimendu bakoitzak bere proposamen propioa eskaini du, atun eta hegaluze jasangarria lantzeko modu ezberdinak erakutsiz eta Bermeoko barrak produktu horiek herritarrei zein bisitariei hurbiltzeko erakusleiho bihurtuz. Dastatze-menuek, bazkariek, afariek, mokaduek eta ostalaritzak berak eskainitako beste esperientzia batzuek osatu dute edizio honetako sarien eskaintza.

Urte osoan jarraitzen duen lankidetza

Pintxo Tourra Bermeo Tunaren eta Bermeoko ostalaritzaren arteko lankidetza-ildo zabalago baten parte da. Uda honetan, bigarren urtez jarraian, sasoiko hegaluzearen erosketa bateratua ere bultzatu da. Sei establezimenduk —Akelarre, Toki Alai, Leku, Kai Alde, Joshe Mari eta Kafe Antzokiak— 2.000 kilo inguru erosi dituzte batera, sasoia aprobetxatuz produktua baldintza lehiakorretan eskuratzeko eta urte osoan baldintza onenetan eskeini ahal izateko biltegiratzeko.

Pintxo Tourraren amaierak, beraz, ez du jardueren amaiera esan nahi. Bermeo Tunak urte osoan zehar ostalaritzarekin batera ekintza berriak bultzatzen jarraituko du, udazkenari eta Gabonei begira proposamen berriak prestatuz, kontsumo kontziente eta arduratsua sustatzen eta atun eta hegaluze jasangarriaren inguruko ezagutza zabaltzen jarraitzeko, udako hilabeteetatik harago.

 

Bermeo Tunari buruz

Bermeo Tuna izaera publiko-pribatuko elkartea da, eta tunidoen balio-kateari lotutako eragile nagusiak biltzen ditu, gero eta jasangarriagoa eta konprometituagoa den sektore baterantz aurrera egiteko helburuarekin.

Elkarteak ikerketarekin, berrikuntzarekin eta jasangarritasunarekin lotutako proiektuak garatzen ditu, eta, aldi berean, atuna eta hegaluzea gizartera hurbiltzeko ekimenak sustatzen ditu. Gastronomiaren, dibulgazioaren eta sentsibilizazioaren bidez, Bermeo Tunak atunaren balio-katea lurraldearekin, ostalaritzarekin eta herritarrekin konektatu nahi du, atunaren sektoreak ekonomian, gizartean eta kulturan duen garrantzia balioan jarriz, Bermeo epizentro izanik.

21 / 09 / 2026

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0