Albistea
Bermeoko Nazioarteko Musika Astea ez da edozein hitzordu kultural. Lau hamarkadako ibilbidearen ostean, jaialdi honek Bermeoko kultura bizitzaren bihotzean jarraitzen du, eta aurten, bere 40. edizioa ospatzeko unea iritsi da.
Bermeoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin eta Oizmendi Telebistaren laguntzarekin, antolatzen duen Musika Asteak abuztuaren 4tik 8ra bitartean ospatuko da, eta bost kontzertu eskainiko dira. Astelehenetik eguenera bitartean, kontzertuak Santa Maria elizan izango dira, 20:00etan, eta barikuko azken saioa Bermeoko Kafe Antzokira eroango da, soinu-euskarri berezia behar duen talde baten eskutik. Kontzertu hori bakarrik izango da ordaindu beharrekoa (5€). Gainerako guztiak doakoak dira.
Bermeoko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen duen programarik zaharrena eta sustraituena da Musika Astea. Endika Etxebarria Telleria kultura zinegotziak nabarmendu du, ekitaldi hau “mimo handiz” prestatzen dela urtero, eta ikusleen aldetik harrera “beroa eta leiala” jaso izan duela beti.
40 urteko ibilbide emankorra eta aberatsa
Urte hauetan guztietan, jaialdiak formatu eta estilo ugari hartu ditu, baina azken urteotan Santa Maria eliza bihurtu da bere espazio nagusia, bere akustika bereziagatik. Kultura zinegotziak, urte hauetan guztietan Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiarekin egindako lankidetza “estua eta iraunkorra” nabarmendu ditu.
Gogora ekarri du, Musika Astearen historian zehar artista handiak izan direla Bermeon. Besteak beste, Oskorri, Mikel Laboa, Ara Malikian, Joaquin Achúcarro, Kortatu, Ruper Ordorika, Emma Jimenez, Felix Aio eta Bermeoko dozenaka musikari eta talde igaro dira oholtza gainetik: “Herriari musika gerturatu diote eta herritik mundura begiratu dugu euren bidez”.
Aurreko urte guztietan egin modura, aurtengo egitarauak ere, kalitatea eta aniztasuna uztartuko ditu, estilo desberdinetako aukerekin.
Abuztuak 4, astelehena — DUO BOREAL
Claudia Besné (harpa) eta Eva Calvo (gitarra) dira Duo Boreal bikotearen kideak. 2019an sortu zen Duo Boreal, Salzburgoko Universität Mozarteum unibertsitate ospetsuan. Taldea sortu zen, batetik, konexio artistiko handia dagoelako kideen artean eta, bestetik, ganbera-musikarekiko pasioa dutelako kideek. Duo Borealek ikuspegi artistiko berezia garatu du Isabel Siewers interpretatzaile ospetsuaren gidaritzapean, eta ikuspegi horrek bikaintasun teknikoa eta interpretatzeko sentikortasun paregabea ditu. Euren egitarauak emakume konpositoreen sormena eta talentua ospatzen eta aldarrikatzen du, eta emakumeek idatzitako obra klasikoak eta gaur egungoak eskaintzen ditu.
Abuztuak 5, martitzena — DUO NAKTÉ
Victor Orts Langa (saxofoia) eta Julen Murga Olabegoya (akordeoia) dira Nakté bikotearen kideak. Bi musikari sutsu dira, eta helburu komun bat dute: altxorrak bilatzea gure ondare historiko musikalaren tratu txarrean, eta egungo sorkuntzarako bide izatea, gure garaiko konpositoreekin lankidetza estuan arituz. Taldea 2021ean jaio zen, Zaragozan, eta egoitza Aragoiko Goi Mailako Musika Kontserbatorioan du (CSMA), enpastea eta konexioa modu bizian bilatuz, instrumentu konbinazio bakar eta erakargarri baten bidez: saxofoia eta akordeoia.
Abuztuak 6, eguaztena — IÑAR SASTRE
Iñar Sastre euskal musikaria eta pianista da. Bere ibilbideak interpretazioa eta sorkuntza uztartzen ditu, inprobisazioa du bereizgarri eta diziplina artistiko ezberdinekin lan egiten du. Piano-ikasketak Musikenen egin zituen, eta inprobisazioan espezializatu zen Parisko “Conservatoire National Supérieur de Musique”-n. 2025ean Maurice Ravelen jaiotzaren 150. urteurrena izango da, eta piano kontzertu honetan konpositorearen bizitzako une eta aspektu esanguratsuenetatik zeharkaldi bat egingo du. Piano kontzertu hau ez da bere musikaren errezital soil bat izango. Tartean egongo dira bere bizitzarekin zerikusia duten bestelako musikak, bere doinuen gaineko bariazioa eta estilo nahasketak, azken batean, Ravelen figuraren gaineko istorio musikal bat osatuko du.
Abuztuak 7, eguena — BILBAO ORKESTRA SINFONIKOA (BOS)
Mikel Fernandez zuzendariaren gidaritzapean ariko da BOS, eta solista gisa Lorea Lopez (sopranoa) eta Aitor Garitano (tenorea) ariko dira. Bilbao Orkestra Sinfonikoak 1922ko martxoaren 8an eskaini zuen bere lehenengo kontzertua. Arriaga antzokian izan zen, Armand Marsick zuzendariaren batutapean. Bizkaiko gizartearen babesari esker sortu zen BOS, eta oraindik ere harreman estua du lurralde horrekin, bertan garatzen baitu bere jarduera gehiena. BOSek Zarzuelako pieza batzuk eskainiko ditu: Jesus Guridiren El Caserio, La Meiga eta Mirentxuren zenbait abesti eta Mendi-Mendiyan, J.M. Usandizagarena.
Abuztuak 8, barikua — KANBALATXE (Bermeoko Kafe Antzokia)
Salva Parada (akordeoia), Imanol Iribarren (pianoa), Amaiur Cajaraville (kontrabaxua), Fede Abreu (tango-kantaria), Alazne Quintanilla (biolina), eta Asier Galardi eta Marion Belguiral (tango-dantzariak) osatzen dute Kanbalatxe. Bi munduren arteko bidaia bezala jaio ziren: bata, euskalduna eta bestea, Río de la Platakoa. Musika eta dantza dira. Elkar ukitzen duten kulturen fusioa. Euren esku eta ahotsetan, tangoa esperientzia partekatua da, iraganaren eta orainaren arteko zubia, distantziaren eta hurbilaren artekoa. Mugak gainditzen dituen musika dira, giza emozioen hizkuntza unibertsala hitz egiten duena. Akorde bakoitzean, letra bakoitzean, tangoaren esentzia bera aurkitzen dute: nostalgia, maitasuna, tristura, alaitasuna.
Kontzertu honetarako sarrera 5 euro ordaindu beharko da eta barikutik (abuztuak 1) aurrera salgai egongo dira, Gizarte eta Kultura Etxean eta Bermeoko Udalaren webgunean.
Aurten, kontzertuetara bertaratzen den jendearen feedback-a izateko, QR kode bidezko galdetegi bat zabalduko da kontzertuetan.
Urdaibaiko Organoen Zikloa
Urremendi Landa Garapenak eta Bermeoko Udalak antolatuta, eta datorren asteari amaiera borobila eman asmoz, abuztuaren 10ean, domekan, Urdaibaiko Organoen baitako kontzertua hartuko du Santa Maria elizak, 20:00etan. Miren Gabantxo Uriagereka zinegotziak jakitera eman duenez, aurten, Bermeon egingo den kontzertua Santa Maria elizan izango da, San Frantzisko elizako organoan zaharberritze lanak egiten ari direlako.
Urdaibaiko Organoen kontzertuak ez dira musika bakarrik, ondarea, artea eta emozioa ere badira. Bermeon, hain zuzen ere, Mikel Ansola (organoa) eta Aritz Labrador (txistua) izango ditugu.
Bermeoko Nazioarteko Musika Asteak kultura eta komunitatearen arteko lotura indartu du urtez urte: Ehunka artista, mila entzule, eta herri oso baten parte-hartzeak osatzen dute orain arteko bidea; belaunaldi ezberdinak lotzen dituen egitasmoa da. Hartara, Bermeoko Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu musikaz betetako aste berezi honetan parte hartzera, eta horretaz gozatzera.