Albistea
Bermeoko Udalak martxan jarri du Irisgarritasun Plana berrikusteko prozesua, eta herritarren ahotsa izango da ardatza, oinarria, eta norabidea markatuko duen indarra. Horregatik, herritarren parte-hartzea erdigunean jartzen duen ekimen bat abiarazi da.
Plan berria ez da bulegoetan bakarrik idatziko, ez da bakarrik teknikarien edo agintarien artean adostuko. Aitzitik, egunerokoan herrian bizi diren zailtasunak, oztopoak eta aukera faltak ezagutzen dituztenen esperientzietatik abiatuko da. Herritarren begirada da baliotsuena, eta Udalak hori entzun gura du, eta batez ere, kontuan hartu.
Horretarako, galdetegi bat zabaldu da, ahalik eta herritar gehienen iritzia jaso asmoz. Galdetegi hori sarean bete daiteke (https://labur.eus/km3pv7b5), eta, horrez gain, hainbat udal eraikinetan ere eskuragarri dago formatu fisikoan. Hain zuzen, galdetegiak ondorengo guneetan aurki daitezke: Gizarte eta Kultura Etxean, Intxaustiko udal eraikinean, Sancti Spiritus zaharren egoitzan, Areneko Kiroldegian eta Berhaz bulegoan. Galdetegia betetzeko azken eguna maiatzaren 12a izango da.
Galdetegiak udalerriaren irisgarritasunaren inguruko kezkak, beharrak eta hobekuntza proposamenak bildu gura ditu: bide publikoen egoera, garraioaren erabilgarritasuna, komunikazio eta informazio kanalek sortzen dituzten zailtasunak... Eta guzti horren atzean, galdera nagusi bat: nola sentitzen zara hirian mugitzeko orduan?
Galdetegia betetzea erraza eta arina da, baina haren balioa handia da. Ekarpen bakoitza kontuan hartuko da, eta Plana berrikusteko diseinuan txertatuko da. Ez da iritzia jasotzeko ariketa huts bat, izan ere, adierazitakoak kontuan izango dira.
Horregatik guztiagatik, Udalak herritarrak deitzen ditu parte hartzera, “irisgarritasuna guztion kontua delako, guztion artean herri hobe bat lortu dezakegu”.