Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak elkarlanerako eta adostasunerako borondatea berresten du parrokiekin duen akordioaren harira

  • Udalak elkarrizketaren eta lankidetza instituzionalaren aldeko jarrera defendatu du, herriaren interes orokorra eta ondarearen balioa uztartzea helburu

Joan den asteburuan Bermeoko Santa Maria eta Santa Eufemia parrokien inguruan komunikabide batean elizaren aldetik zabaldutako adierazpenak direla eta, Bermeoko Udalak bere ikuspegia zabaldu nahi du, egoeraren testuingurua eta udalaren jarrera argitze aldera.

Gaur egun, Bermeoko Udala eta parrokiak hitzarmen bat lantzeko fasean daude, eta udalaren borondatea hasieratik izan da elkarrizketaren eta lankidetzaren bidetik adostasunak lantzea. Ildo horretan, udalak azpimarratu nahi du hitzarmenaren helburua ez dela inoiz izan parrokien gain udal erabileraren ondoriozko gasturik uztea; aitzitik, espazioen erabilerak sor ditzakeen funtzionamendu-gastuei erantzutea izan da helburua, betiere erabilera horrek eragiten dituen kostuez jabetuta.

Horren erakusgarri da azken urteotan egin den ahalegina. Izan ere, 2018az geroztik, akordio bati esker, ekarpen ekonomikoa egin zaie, eta aurtengo proposamenean igoera nabarmena planteatu du udalak: orain arteko gutxi gorabeherako 2.400 euroko ekarpenetik, urteko 4.000 eurora igotzea proposatu da. Udalaren iritziz, urrats horrek agerian uzten du akordio orekatu eta arrazoizko bat lortzeko benetako borondatea dagoela.

Era berean, udalak gogorarazi nahi du inguruko udalerri askotan antzeko erabilera-lagapenek ez dutela inolako ordainsari ekonomikorik jasotzen. Hala ere, Bermeoko Udalak egokitzat jo izan du udal jarduerek sor ditzaketen gastuei aurre egiteko ekarpena egitea, lankidetzaren eta elkar ulertzearen ikuspegitik.

Hitzarmenaren berrikuspenaren baitan, erabileren antolaketa eta jarraipen argiagoa egitearen beharra ere mahai gainean jarri da. Zehazki, bi elizak kontuan hartuta, urtean zortzi kontzertutarako erabilera aurreikusten da, baita portikoaren erabilerari orain arteko baldintza eta dinamiketan eustea ere.

Udalaren borondatea ez da inoiz izan auzia konfrontazioaren ikuspegitik planteatzea, baizik eta herriaren interes orokorra, kultura-jarduera eta ondarearen balioa uztartuko dituen lankidetza-esparru egonkorra eraikitzen jarraitzea. Horregatik, udalak uste du oraindik badagoela elkar ulertzetik eta adostasuna bilatzetik lanean jarraitzeko tartea.

Ildo beretik, ondarearen zaintzari eta herriaren etorkizuneko aukerei begira, Bermeoko Udalak Gaztelugatxeko San Juan Interpretazio Zentroa Santa Maria elizan kokatzeko proposamena egin zion parrokiari. Proiektuaren helburua Alde Zaharrean kokapen egokia ematea zen, Kabidxeren egungo jarduna mantenduta, eta aldi berean, ondare historiko eta kulturala den espazio bati erabilera publikoa eta kulturala emateko aukera zabaltzea; baina ez da erantzunik jaso.

Bestalde, Bermeoko Udalak eskertu egin nahi du parrokiek urte hauetan guztietan erakutsitako prestutasuna eta egindako lagapena. Udalaren ustez, Santa Maria eta Santa Eufemia elizak herriko ondare historiko eta kulturalaren parte dira, eta horren adierazgarri da bi tenpluak Bermeoko turismo-zirkuituaren barruan txertatu izana, parrokiek egindako eskaerari erantzunez.

Azkenik, Bermeoko Udalak berresten du aurrerantzean ere elkarrizketaren, lankidetzaren eta herriaren interes orokorraren alde lanean jarraituko duela, adostasuna eta elkar ulertzea oinarri hartuta.

27 / 05 / 2026

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0