Albistea
Bermeoko Udalak Portuzarrera sartzeko baimen iraunkorrak eskatzeko epea zabaldu du, herritarrei eta portuarekin lotura zuzena duten eragileei informazio argia eta garaizkoa eskaintzeko helburuarekin. Neurri hau Portuzarran ezarri den zirkulazio-murrizketaren baitan kokatzen da, espazioaren erabilera orekatuagoa eta oinezkoen lehentasuna bermatzeko asmoz.
Gogorarazi behar da udalak erabaki duela portua 13:00etatik 18:00etara itxita egotea ibilgailuentzat, asteburuetan, jaiegunetan eta urteko sasoi jakin batzuetan: Aste Santuan, uda garaian (ekainaren erdialdetik irailaren erdialdera) eta Gabonetan (abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra). Neurri horren helburua da Portuzarra herritarren aisialdirako eta elkarbizitzarako gune atseginago bihurtzea.
2026ko ekainaren 15etik aurrera, sarbidearen kontrola bideo-zaintzaren bidez egingo da. Horretarako, ezinbestekoa izango da aurrez dagokion baimena izatea, eta horregatik jarri da martxan orain eskariak egiteko epea.
Baimenak eskatzeko epea hasita dago eta ekainaren 15era bitartekoa izango da, eta aurkeztutako eskariak astebeteko epean ebatziko dira. Baimenek urtebeteko iraupena izango dute, automatikoki luzatzeko aukerarekin; hala ere, udalak ofizioz egiaztapenak egiteko aukera izango du, eta bost urtero berritze-prozesu bat aurreikusten da.
Gehienez, bi ibilgailuren matrikulak
Eskaria egiteko bi bide egongo dira: aurrez aurre, Berhaz bulegoan, edo Bermeoko Udalaren egoitza elektronikoaren bidez. Azken aukera honetan, “Portura sartzeko baimen iraunkorrak” izeneko prozedura eskuragarri dago, beharrezko urrats eta dokumentazio guztia zehaztuta.
Eskabidea egiteko, nahitaez bete beharko da dagokion inprimakia (IN-444), eta, kasu guztietan, gehienez bi ibilgailuren matrikulak aurkeztu ahal izango dira pertsona bakoitzeko, matrikulak eta ibilgailu modeloa adierazita.
Baimenak honako kolektibo hauei zuzenduta daude:
Aurrez zehaztuta ez dauden egoerak ere aztertuko dira, herritarren beharrei ahalik eta erantzun egokiena emateko asmoz. Udalak malgutasunez jokatzeko konpromisoa hartu du, antzeman daitezkeen kasu bereziei irtenbidea emateko.
Bestalde, Bermeoko Udalak lanean dihardu behin-behineko sarbide-sistema osagarri bat prestatzen, une puntualetan sortzen diren beharrei erantzun arina emateko, ekainaren 15etik aurrera inor beharrezko sarbiderik gabe gera ez dadin.
Udalaren ustez, baimen-sistema honek Portuzarraren erabilera antolatzen lagunduko du, jarduera desberdinak bateragarri eginez eta espazioaren izaera zainduz. Helburua da ibilgailuen presentzia ahalik eta txikiena izatea, betiere beharrezko jarduerak bermatuz.
Azken batean, neurri honek Portuzarra herritarren topagune atsegin, lasai eta bizia izaten jarraitzea du xede, denon artean gozatzeko moduko espazio gisa sendotuz.