Albisteak

Albistea

Portuzarreko sarbide-kontrol sistema berria martxan da gaurtik

Matrikulak irakurtzeko kamerak aktibatu dira, eta behin-behineko baimen guztiak plataforma digital bakar baten bidez izapidetu beharko dira hemendik aurrera

Bermeoko Udalak gaur jarri du indarrean Portuzarreko sarbide-kontrol sistema berria, udaldiko portuko itxierarekin bat etorrita. Gaurtik hasita irailak 20ra arte, Portuzarra egunero itxiko da 13:00etatik 18:00etara. Aurrerantzean, itxiera-ordutegietan eremura sartzen diren ibilgailuen kontrola matrikulak irakurtzeko kameraren bidez egingo da.

Udala apirilaren 15etik ekainaren 15era bideratzen aritu da baimenak bideratzen, eta ordenantzan xedatutakoa betetzen duen edonork, aurrerantzean ere eskatu dezake. Gaurtik hasita baimenik izan barik, itxita dagoen tartean portura sartzeko zein Alde Zaharrera sartzeko behin-behineko baimenen web plataforma digitala martxan jartzen da.

Hortaz, gaurtik aurrera, Portuzarreko eremurako nahiz Alde Zaharrerako behin-behineko baimen guztiak bide horretatik eskatu beharko dira, honako web atarira sartuta: https://oinezkobaimenak.bermeo.eus 

Horrenbestez,  aurrerantzean web formulario hori izango da behin-behineko baimenak eskatzeko bide bakarra. 

Orain arte aurkeztutako baimen-eskaera guztiak ebatzi dira dagoeneko, eta une honetan jasotzen diren eskabide berriak egunero izapidetzen ari dira. 

Indarrean dagoen ordenantzaren arabera, behin-behineko baimenek gehienez sei hilabeteko indarraldia izango dute. Epe hori amaitutakoan sarbidea mantendu nahi duten pertsonek eskabide berri bat aurkeztu beharko dute.

Laguntza Berhazen

Udaletik gogorarazi nahi da plataforma digitalaren erabileran zailtasunak izan ditzaketen herritarrek Berhaz bulegoaren laguntza izango dutela. Bertako langileek izapidea egiteko beharrezkoak diren datuak plataforman txertatzen lagunduko diete, inor prozesutik kanpo gera ez dadin. 

Aurkezten diren behin-behineko baimen-eskaera guztiei posta elektronikoz emango zaie erantzuna. Era berean, interesdunek une oro kontsultatu ahal izango dute beren eskabidearen egoera, eskaera egitean jasoko duten erreferentzia-kodearen bidez. 

Gogorarazi behar da Portuzarreko sarbidea mugatuta dagoela urteko hainbat garaitan. Hala, Aste Santuan, uda-sasoian —ekainaren 15etik irailaren 20ra bitartean—, Gabon-sasoian —abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra bitartean—, jaiegunetan eta urteko asteburu guztietan (bariku, zapatu eta domeketan), eremua 13:00etatik 18:00etara egongo da itxita. 

Sarbide-baimenak Portuzarretik sarbidea duten etxebizitzetan erroldatutako herritarrei, amarristei, portuko jardueretan diharduten eragile ekonomikoei, ostalariei, merkatariei, elkarteei eta portuko lonjen erabiltzaileei zuzenduta daude, betiere kasu bakoitzean eskatzen den dokumentazioa aurkeztuta eta baldintzak beteta. 

Bermeoko Udalaren iritziz, baimen-sistema eta sarbide-kontrol berriak Portuzarraren erabilera modu orekatuagoan antolatzen lagunduko du, bertan garatzen diren jarduera ekonomikoak, profesionalak eta sozialak bateragarri eginez eta espazioaren nortasun berezia zainduz. Helburua da ibilgailuen presentzia behar-beharrezko kasuetara mugatzea, jardueraren garapena bermatuta. 

Azken batean, neurri honen helburua da Portuzarra herritarren topagune atsegin, bizia eta kalitatezkoa izaten jarraitzea, oinezkoen erabilera lehenetsiko duen eta denon gozamenerako izango den espazio publiko modura sendotuz. 

15 / 06 / 2026

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0