Albisteak

Albistea

Euskara ikasteko eta gidabaimena euskaraz ateratzeko dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik dago

  • Urriaren 31 da dirulaguntzak eskatzeko azken eguna, eta eskariak Berhaz bulegoan edo telematikoki egin daitezke.

Bermeoko Udalak euskararen erabilera sustatzera bideratuta dauden dirulaguntzak emango ditu. Bi dira dirulaguntzak: Alde batetik, euskara ikasleentzat, eta beste alde batetik, gidabaimena euskaraz prestatu eta azterketa euskaraz egin dutenentzat. Biak ala biak, urriaren 31ra bitartean eska daitezke.

Euskara ikasteko dirulaguntzei dagokienez, 2024-2025 ikasturtean edo udan egindako ikastaroak lagunduko ditu Bermeoko Udalak, eta eskaera orria eta dagokion dokumentazioa Berhaz bulegoan edo modu telematikoan aurkeztu behar dira.

Iker Bilbao San Nicolas Euskara zinegotziak azaldu duenez, laguntza hauen helburua da “euskara ikasten ari diren Bermeoko bizilagunei erraztasunak ematea, matrikula ordaintzea eragozpena izan ez dadin euskara ikasteko”. Ildo horretan, zehaztu duenez, dirulaguntza hauen onuradunak izango dira ikasturtean edota udan, homologaturik dauden euskaltegi edota barnetegietan, helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egiten dituzten Bermeoko biztanleak.

Eskatzaileek honako baldintza hauek bete behar dituzte: Bermeon erroldatuta egotea, matrikula egiten den egunetik ikastaroa amaitzen denera arte emandako orduen %80 edo gorako asistentzia edukitzea eta ikastaroa amaitu izana.

Ikasle bakoitzak, gehienez, 300 euroko dirulaguntza jaso ahalko du ikastaro bakoitzeko. Ikastaro bat baino gehiago egin dutenek, ikastaro guztiengatik, gehienez, 500 euro jaso ahal izango dituzte.

Era berean, Oinarrizko Errenta edo Gizarte Larrialdiko Laguntzarik jasotzen duten eskatzaileei gehienez, matrikularen %70eko dirulaguntza emango zaie eta dirulaguntzaren xede den ikasturte barruan langabezian daudenei, gehienez, matrikularen %60a (zati batean izan bada modu proportzionalean aplikatuko da). Gainontzeko ikasleek, gehienez, matrikularen %50a eskuratu ahal izango dute.

Bermeoko Udalak euskara ikasteko ematen dituen dirulaguntza hauek bateragarriak dira HABEk ematen duen dirulaguntzarekin.

Gidabaimena euskaraz

Bilbaok adierazi du, udalaren helburua dela Bermeoko bizilagunei bizitzaren arlo guztietan euskara normaltasunez erabili dezaten laguntzea, eta horretarako, uste du garrantzitsua dela gidabaimena euskaraz prestatu eta ateratzen dutenei dirulaguntza ematea.

Kasu honetan ere, interesdunek Berhaz bulegoan edo modu telematikoan aurkeztu beharko dituzte eskariak. Baldintzak betetzen dituzten eskatzaileek 150 euroko dirulaguntza jasoko dute.

Dirulaguntzak jasotzeko baldintzak honako hauek dira: Bermeon erroldatuta egotea, gidabaimenaren prestakuntza euskaraz egitea, B mailako gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz eginda eta gaindituta izatea eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen eta Bermeoko Udalarekin zorrik ez izatea.

Bilbaok azaldu duenez, Bermeoko autoeskoletan gidabaimena euskaraz prestatu daiteke, teorikako liburua eta testak egiteko informatikako programa euskaraz daudelako eta, ondorioz, azterketa euskaraz ere egin daiteke. Beraz, pertsona guztiak, eta bereziki gazteak, gidabaimena euskaraz egitera animatu ditu; izan ere, gazteak dira gehienbat gidabaimena prestatzen dutenak eta gaitasun osoa dute prestakuntza hori euskaraz jasotzeko.

Dirulaguntzei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, Euskara Sailarekin harremanetan jar daiteke (94 617 91 22, euskera@bermeo.eus edota bere web gunean www.bermeo-euskaraz.eus).

03 / 10 / 2025

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0