Albistea
Bermeoko Udalak hasiera eman dio udalerria Etxebizitza Eremu Tentsionatu izendatzeko prozedurari, Etxebizitzaren Legean ezarritakoaren arabera. Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak eta Zigor Uriondo Arrue Hirigintza zinegotziak prentsaurrekoa eman dute gaur, alokairuak herrian pairatzen duen presio handiari aurre egiteko eta hirigintza eredu iraunkorrago eta orekatuago baten alde aurrera egin ahal izateko, martxan jarriko diren neurriak zehazteko.
Bermeo eremu tentsionatu izendatzeko eskaeraren oinarri nagusia, azken bost urteetan alokairuaren prezioaren etengabeko gorakada izan da. 2018an, Bermeoko alokairuaren batez besteko prezioa 459,9 eurokoa zen hilean, eta 2023an, berriz, 552,9 eurokoa; hau da, % 20,2ko igoera izan zuen urte horietan. Igoera horrek Etxebizitza Legeak ezarritako % 19,6ko muga gainditzen du, hori baita prozedura hau hasteko baldintzetako bat. Alokairua ordaintzeko batez besteko ahalegin ekonomikoa %24,9koa da, eta ez du gainditzen %30eko muga. Hala eta guztiz ere, Bermeoko Udalak adierazgarritzat jotzen du egoera hori. Horregatik, udalak eskaerarekin batera doan beharrezko ekintza-planaren idazketa esleitu du, eta hori urrats sendoa da Eusko Jaurlaritzak ofizialki Bermeo eremu tentsionatu izendatu ahal izateko.
Neurri horrez gain, etxebizitza turistikoen erabilera arautzeko, Bermeoko Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa puntual bat egiteko prozedura hasi du. Udalerrian gero eta gehiago dira mota horretako ostatuak, eta horrek eragin zuzena dauka etxebizitzen alokairuaren merkatuan. Jarduera honen bitartez, erantzun bat eman gura zaio herrian ugaritzen den arazo horri.
“Udalak badaki etxebizitza turistikoen hazkundeak eragina duela ohiko alokairu-eskaintzan, eta hortaz, gure herritarren bizitzan. Gure eskumenen baitan, urrats sendoak ematen ari gara fenomeno hau ordenatzeko eta etxebizitza duin baterako sarbidea bermatzeko”, adierazi du Hirigintza zinegotziak. Bere hitzetan, HAPOren aldaketa da udalak erabili dezakeen tresna juridiko bakarra egoera honi aurre egiteko.
HAPOren aldaketak parte hartze prozesu bat izango du bere baitan, udazkenerako aurreikusten diren hiru saio irekirekin. Prozesu honen helburua da, herritarrek etxebizitzaren erabilera turistikoa arautzeko duten ikuspegia jasotzea eta hirigintza-erabakiek udalerriaren benetako beharrei erantzuten dietela bermatzea.
“Gobernu talde honentzat lehentasun nagusietako bat da etxebizitza. Lehenengo egunetik lanean ari gara Bermeo herri bizia, bizigarria eta guztiontzat irisgarria izateko. Bermeo Etxebizitza Gune Tentsionatu izendatzea eta etxebizitza turistikoak arautzea urrats garrantzitsuak dira, baina ez dira helburu bakarrak”, adierazi du Bermeoko alkateak.
Zentzu horretan, Bermeoko Udala honako helburu hau lortzeko lanean ari da: alokairu sozialeko etxebizitzak bultzatzea. Jarduera-ildo hori funtsezkoa izango da epe ertainean, erregulazioa, babesa eta etxebizitza eskuratzeko aukera berriak uztartzen dituen estrategia jarraituta.