Albisteak

Albistea

Uda gaztea: kirola, kultura eta ingurumena uztartzen dituen eskaintza

  • GIZek  9 eta 14 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutako jarduerak antolatu ditu uztailerako. 

Bermeoko Udalak, Gazteria Sailaren bitartez, 9 eta 14 urte bitarteko haur eta gaztetxoei zuzendutako Uda gaztea: Crossfit kids izeneko udako jarduera-programa antolatu du uztailerako. Programaren helburua da kirola, euskal kultura, ingurumenarekiko kontzientzia eta aisialdia modu ludikoan uztartzea. 

Uztailaren hiru eguazten aukeratu dira irteerak egiteko: 

-Uztailak 9: Crossfit, Herri Kirolak eta Wod tailerrak (09:00-14:30)

-Uztailak 16: Crossfit eta hondartza garbiketa txapelketa (09:00-14:30)

-Uztailak 23: Crossfit, eskalada tailerra eta ginkana (09:00-18:00) 

Jarduerak Muxikako Kortiñe-Maume aterpetxean eta Laidako hondartzan egingo dira, Basque Cross Camp aisialdi taldearen eskutik. Jakitera eman gura da, umeak begirale talde baten ardurapean egongo direla beti. 

Egun osoko jardueran (uztailak 23), parte-hartzaile bakoitzak bere janaria eta edaria eraman beharko ditu, eta gainerako egunetan hamaiketakoa eroan ahal dute. 

Izen-ematea GIZen 

Zabalik dago izena emateko epea, eta interesa daukatenek GIZera bertaratu beharko dute, astelehenetik barikura, 10:00etatik 14:00etara. 

Goizeko jardueren prezioa 20 eurokoa izango da, eta egun osoko jarduerarena, 30 eurokoa. Jarduerak banakakoak dira; beraz, batean, bitan edo hiruretan eman daiteke izena. 

Bermeon erroldatutako ume zein gazteek lehentasuna izango dute plazak esleitzerako orduan. Plazak izen-ematearen iriste-ordena jarraituz banatuko dira. Plaza guztiak betetzen badira, itxaron-zerrenda egingo da. 

Udako eskaintzaren ardura izango duen Basque Cross Camp taldeak herriko ume eta gaztetxoei zuzendutako erakustaldi bat egingo du Lameran, datozen egunotan. Hartara, uztaileko jardueretan zer egingo den jakiteko aukera izango dute interesa daukaten horiek guztiek. 

 

23 / 06 / 2025

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0