Albisteak

Albistea

Berbalagun egitasmoak ‘Euskara ZU zara’ leloari jarraipena emango dio aurtengo ikasturtean

  • Berbalagun egitasmoan edonork parte hartu dezake, “praktikaren bidez euskara hobetu gura duenak edo euskaraz bizitzeko aukera gehiagoren bila dabilenak”.
  • Ikasturte honetan ere, Gurasolagun eta ekintza osagarriak antolatuko dituzte, eta lehiaketak ere egongo dira abenduan, martxoan eta ekainean.

Beste urte batez, Bermeoko Udalaren Euskara Sailak, herriko euskaltegiekin elkarlanean, Berbalagun egitasmoa martxan jarri du. Iker Bilbao San Nicolas Euskara zinegotziak gogorarazi duenez, Berbalagun egitasmoak lagunartean, euskaraz berba egiteko eta praktikatzeko aukerak ematen ditu, eskolatik eta euskaltegietatik kanpo: “Berbalagunen parte hartzen dutenek, lagunartean euskaraz eginez, hizkuntza bizia eta adierazkorra lantzen dute, eta erraztasuna hartzen dute egunerokotasunean euskara erabiltzeko”.

Berbalagun egitasmoko dinamizatzaile Marimar Hernandezek  azaldu du aurten, iazko leloarekin jarraituko dutela: Euskara ZU zara. Azaldu duenez, norbanakoek euskaldunon komunitatea osatzeko duten garrantzia azpimarratzen jarraitu nahi da, eta, bereziki, mintzapraktika-programetako parte-hartzaileen zeregina: “egunero hizkuntzan trebatzen garen, praktikatzen dugun eta euskaraz bizi garen guztiok euskaldunon sarea osatzen dugu; eta horren aldeko jarrera aktiboa dugunean, euskara gara denok”.

Horregatik, aipatu du, mintzapraktika-programetan ez dagoela “ez zahar ez berri, ez hango ez hemengo...”. Berbalagun taldeetan “euskaraz gustura eta lasai arituz, euskaldunon familia indartzen eta zabaltzen” dela nabarmendu du. Eta, hain zuzen ere, ideia hori islatu gura izan dute, aurtengo kanpainarako sortu duten bideoan.

Asteroko taldeak martxan

Bermeon badaude zenbait Berbalagun talde sortuta, eta martxan daudenak, honakoak dira:

  • Martitzenetan, 12:30etik 13:30era, Lameran
  • Martitzenetan, 18:30etik 19:30era, Lameran
  • Barikuetan, 17:00etatik 18:00etara, Lameran

Taldeak astean behin elkartzen dira, ordubetez, kalean euskaraz bizitzeko. Hiru talde horiez gain, beste talde batzuk eratzea espero du Hernandezek. Talde guztietan egongo dira bidelagunak eta bidelariak, astean ordubetez euskara eroso praktikatzeko. Gogoratu du Berbalagun egitasmoan edonork parte hartu dezakeela, “praktikaren bidez euskara hobetu gura duenak edo euskaraz bizitzeko aukera gehiagoren bila dabilenak”. Ildo horretan, zehaztu duenez, 5-6 laguneko taldeak izaten dira, eta horiek osatzeko kontuan hartzen dira parte-hartzaileen ordutegiak, adina eta zaletasunak. “Parte-hartzaileek erabakitzen dute non eta noiz batzen diren, betiere, lagun giroan”, gaineratu du.

Horrez gain, zaletasunen araberako taldeak ere elkartuko dira, esaterako, inguruetatik oinez ibiltzeko talde bat dago, hilean behin batuko dena, eta lehenengo irteera urriaren 25erako jarrita daukate. Beste talde bat, berriz, dantza errazak praktikatzeko elkartuko da, eguaztenetan, 18:30ean, Gizarte eta Kultura Etxean.

Gainera, aurten, esfortzu berezi bat egin gura da ikastetxeetan, familiak Berbalagun taldeetara erakarrita, eta udalerriko elkarteak ere animatu gura dira egitasmo honetan parte hartzera.

Bestalde, Gurasolagunentzako ekintzak ere egongo dira, familian ere euskaraz egiteko ohitura bultzatzeko. Udazkenean, Tertanga etxean, Amurrion, gurasolagunentzako asteburu pasak eskaintzen ditugu, urriaren 18an eta 19an eta azaroaren 8an eta 9an.

Horrez gain, berbalagunentzat eta ez direnentzat, Berbalagun lehiaketekin jarraituko dute: Udazkenekoa abenduan, negukoa martxoan eta udaberrikoa ekainean. “Orain arte ehunka lagunek parte hartu dute, eta oso eskertuta gaude hain harrera onarekin”, adierazi du Hernandezek.

Eta, zelan ez, ikasturtean zehar, beste ekintza osagarri batzuk antolatuko dituzte, urtero egiten duten moduan: irteerak, hitzalditxoak, tailerrak... Herritarren proposamen guztiak ongi etorriak direla adierazi du.

Parte-hartzea doakoa da bai taldeetan eta baita ekintzetan, eta kide guztiek deskontu zein saritxoak eskura ditzakete. Izena eman gura dutenek https://emanizena.praktikatu.eus/ webgunearen bitartez egin dezakete, edo 607 609 580 telefono zenbakira idatzita. Informazio gehiago: https://praktikatu.eus/blog/bermeo

Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk nabarmendu du Berbalagunen parte hartzeko euskaraz berba egiteko gogoa baino ez dela behar, euskara ikasten ari direnentzat eta euskaraz normalean hitz egiten dutenentzat ere zuzenduta baitago. Horregatik, euskaraz egiteko gogoa duten pertsona guztiei, bai Berbalagun egitasmoan bai ekintza osagarrietan, parte hartzeko deia egin du; “Bermeon euskaraz bizitzeko aukera ezin hobea baita. Euskara norbera da, euskara zu zara!”

14 / 10 / 2025

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0