Albisteak

Albistea

Abian da 2026-2027 ikasturteko aisialdiko begirale ikastaroan izena emateko epea

  • Bermeoko Udaleko Gazteria Sailak antolatutako ikastaroak Eusko Jaurlaritzak homologatutako titulua eskuratzeko aukera emango du

Gazteei prestakuntza eta garapen aukerak eskaintzea da Bermeoko Udaleko Gazteria Sailaren helburu nagusietako bat. Ildo horretan, 2026-2027 ikasturterako aisialdiko begirale ikastaroa antolatu du, hezkuntza ez-formalean eta aisialdi hezitzailean interesa duten gazteei zuzenduta. Bereziki, ume eta gazteekin heziketa-lanetan jardun nahi dutenentzat aukera ezin hobea izango da, euskaran eta balio hezitzaileetan oinarritutako prestakuntza jasotzeko.

Ikastaroa gainditzen dutenek Ume eta Gazteen Aisialdirako Begirale titulua eskuratuko dute, Eusko Jaurlaritzak homologatua. Prestakuntza metodologia parte-hartzaile baten bidez garatuko da, tokiko errealitatera egokituta, eta feminismoa, parte-hartzea, aniztasuna eta kulturartekotasuna izango ditu ardatz. Helburua da aisialdi hezitzailearen eta euskararen sustapenean eragile aktibo izango diren begiraleak prestatzea.

Ikastaroa 2026ko urriaren 17an hasiko da, eta 2027ko apirilaren 24an amaituko da. Izena emateko epea urriaren 9ra arte egongo da zabalik, plazak lehenago betetzen ez badira. Interesdunek Bermeoko Gazteentzako Informazio Zerbitzura (GIZ) jo beharko dute, Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean, eta bertan izen-emate orria bete.

Prestakuntzaren saio teorikoak eta praktikoak ikasturte osoan zehar banatuko dira. Horietatik bederatzi asteburu Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean egingo dira, zapatuetan, 10:00etatik 18:30era bitartean, bazkaltzeko etenaldiarekin. Horrez gain, beste hiru asteburu La Arboledako aterpetxean egingo dira, zapatuko 10:00etatik domekako 15:00etara.

Ikastaroak bi atal izango ditu: alde teorikoa, 150 ordukoa, eta praktikoa, 160 ordukoa. Titulua lortzeko, nahitaezkoa izango da bi atalak gainditzea.

Parte hartu ahal izateko, ikasleek 2027an 18 urte bete beharko dituzte, gutxienez, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) titulua eduki. Ikastaro osoa euskaraz eskainiko denez, ezinbestekoa izango da hizkuntza horretan behar adinako gaitasuna izatea.

Prestakuntzaren helburu nagusien artean daude gizartean eragiteko eta gizartea eraldatzeko kontzientzia kritikoa lantzea; aisialdiko jarduerak planifikatzeko, dinamizatzeko eta ebaluatzeko beharrezko tresnak eskuratzea; talde-lanerako gaitasunak garatzea; umeen eta gazteen errealitate soziokulturalak ezagutzea; eta hausnarketa kritikoa nahiz sormena sustatzea.

Matrikularen prezioa 360 eurokoa izango da 35 urtetik beherako eta Bermeon erroldatutako gazteentzat; gainerakoentzat, berriz, 460 eurokoa. Zenbateko horretan sartuta daude La Arboledako aterpetxean egingo diren hiru egonaldiak, mantenu osoarekin.

Ikastaroari buruzko informazio gehiago eskuratu nahi dutenek 94 617 91 58 telefono zenbakira deitu edo 688 81 99 50 WhatsApp zenbakira idatz dezakete.

01 / 06 / 2026

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0