Albistea
Bermeoko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak 2025eko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako jai-liburuan argitaratuko diren artikuluak aurkezteko deialdi publikoa zabaldu berri du.
Ekimen honen bidez, herriko sortzaileei beren lanak plazaratzeko aukera eman gura zaie, eta aldi berean, sorkuntza, tradizioa eta kultura indartu eta zabaltzea du helburu.
Parte hartzeko gonbidapena irekia da, hau da, 15 urtetik gorako edonork aurkez ditzake idazlanak, gehienez bi. Gaiak askotarikoak izan daitezke, betiere, Bermeorekin edo bermeotarrekin lotura badute: kondairak, istorioak, ipuinak, historia, ahozko zein idatzizko literatura, artea, musika, hizkuntza, folklorea… hori bai, ezingo dira iritzi-artikuluak izan.
Testuek, gehienez, 9.000 karaktere izan beharko dituzte (gutxi gorabehera lau orrialde). Paperean eta euskarri informatikoan (Word formatuan) aurkeztu beharko dira, eta ilustraziorik edo argazkirik gehitu nahi izanez gero, jpg formatuan bidali beharko dira.
Lanak aurkezteko azken eguna, 2025eko uztailaren 1a izango da, egun horretako 14:00ak arte, hain zuzen ere. Horiek aurkezteko bi bide daude:
· - Berhaz bulegoan (Ertzilla 6-8)
· - Udalaren egoitza elektronikoan
44 orrialde daude jaietako liburuan gordeta artikulu hauek argitaratzeko. Kopurua gaindituz gero, bi testu aurkeztu dituzten egileen lan bakarra argitaratuko litzateke. Argitaratu gabe gelditzen diren lanek lehentasuna izango dute hurrengo urteko liburuan.
Artikulu gehienak euskaraz argitaratuko dira, eta gaztelaniazkoek gehienez %20 hartuko dute. Euskaraz idatzitakoak lehenetsiko dira, eta beste hizkuntzetako testuak egilearen baimenarekin itzul daitezke.
Udalak ez du onartuko eduki bortitzik, diskriminaziorik edo genero-estereotipoak indartzen dituzten lanik. Idatziek ikuspegi inklusiboa izan beharko dute, eta emakumeen eta gizonen presentzia orekatuaren alde egingo da.
Oinarriak osorik kontsultatu daitezke Bermeoko Udalaren webgunean: www.bermeokoudala.eus