Albisteak

Albistea

Aste Santuko oporraldirako kirol eskaintza indartsuarekin dator Bermeo

  • Kalistenia, skatea, eskalada, aeroyoga, trabesia eta mendi martxa izango dira egitarauaren ardatz nagusiak, eta jardueretan izena emateko epea dagoeneko zabalik dago

Bermeoko Udalak, Kirol Sailaren bitartez, Aste Santuko oporraldirako kirol egitarau oparoa aurkeztu du, herritarrei oporraldia modu aktiboan eta osasungarrian bizitzeko aukera eskaintzeko helburuarekin. Proposamenak askotariko jarduerak biltzen ditu, adin-tarte desberdinetara egokituta, eta herriko hainbat gunetan garatuko dira.

Egitarauak diziplina ugari hartzen ditu barne: kalistenia, skatea, eskalada, aeroyoga, trabesia eta mendi martxa. Jarduera horien bidez, parte-hartzaileek indarra, koordinazioa, oreka zein erresistentzia landu ahal izango dituzte, betiere giro ludiko eta inklusiboan.

Martxoan nagusiei zuzendutako aeroyoga saioek izandako harrera bikainaren ostean, udalak gazteei zuzendutako aeroyoga saioak antolatzea erabaki du. Saio horiek apirilaren 7an (16:00–16:50) eta apirilaren 8an (16:30–17:20) izango dira, Areneko kiroldegiko pilates gelan, 10 eta 14 urte bitarteko gazteei zuzenduta.

Gainerako jarduerek ere egutegi eta ezaugarri zehatzak dituzte. Skate tailerrak apirilaren 8an eta 9an egingo dira, 11:00etatik 13:00etara, Ametzagako skate parkean; 8 eta 14 urte bitarteko gazteentzat dira eta gehienez 15 lagunek parte hartu ahal izango dute. Kalistenia saioak apirilaren 9an izango dira San Martineko parkean, bi mailatan banatuta: oinarrizkoa (17:00–18:30) eta aurreratua (18:30–20:00), 16 urtetik gorakoentzat.

Eskalada tailerra apirilaren 10erako antolatu da Areneko kiroldegiko boulderrean, bi adin-tartetan: 8 eta 10 urte artekoentzat (10:30–11:45) eta 11 eta 13 urte artekoentzat (11:45–13:00). Trabesia masterclassa, berriz, Bermeoko kaian egingo da: apirilaren 6an maila aurreratua eta apirilaren 11n oinarrizkoa, biak 11:00etatik 12:00etara; 16 urtetik gorakoentzat da eta parte-hartzaileek neoprenoa, palak, aletak, gorroa eta betaurrekoak ekarri beharko dituzte.

Egitaraua osatzeko, mendi martxa apirilaren 12an egingo da, 09:00etan Taraska plazatik abiatuta. Parte-hartzaileek Bermeoko “hiru handiak” —Burgoa, Sollube eta Katillotxu— zeharkatuko dituzte 25 kilometroko ibilbidean, 900 metroko desnibel positiboarekin.

Jarduera bakoitzaren xehetasun osoak —ordutegiak, baldintzak eta bestelako argibideak— ondoko estekan kontsultatu daitezke:
https://labur.eus/AsteSantuakirola

Izen-ematea dagoeneko zabalik dago. Kirol instalazioetako abonatuek aplikazioaren, webgunearen edo kiroldegiko harrerako makinaren bidez eman beharko dute izena; abonatu ez direnek, berriz, kiroldegian bertan formalizatu beharko dute inskripzioa.

Horrez gain, ate irekiak egongo dira Areneko kiroldegiko lasaitze gunean, apirilaren 7tik 10era bitartean, 10:00etatik 15:00etara.

Ekimen honen bidez, Bermeoko Udalak herritarrak kirolera eta ohitura osasungarrietara hurbildu nahi ditu, komunitate-giroa indartuz eta aisialdiaren kalitatea hobetuz Aste Santuko oporretan.

18 / 03 / 2026

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0