Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak urrats berria egin du udalerria Etxebizitza Eremu Tentsionatu izendatzeko prozesuan

  • Osoko bilkurak, EH Bildu eta Guzanen aldeko botoekin, Eusko Jaurlaritzari eskaera formala egitea onartu du, alokairuaren prezioaren igoerak araudiak ezarritako muga gainditu ondoren.

2025eko uztailaren amaieran egindako prentsaurrekoan iragarritako bideari jarraikiz, Bermeoko Udalak beste urrats bat egin du udalerria Etxebizitza Eremu Tentsionatu izendatzeko prozesuan. Osoko bilkurak onartu du Eusko Jaurlaritzari eskaera formala egitea, betiere indarrean dagoen Etxebizitzaren Legeak ezarritako prozeduraren baitan. Eskaera egitea EH Bildu eta Guzanen aldeko botoekin onartu da; EAJk, berriz, aurka bozkatu du.

Erabakiak ez dakar berekin automatikoki izendapena; aitzitik, dagokion administrazio-prozedura hasteko ekimena da. Izendapena, hala badagokio, Eusko Jaurlaritzari dagokio, hark aztertu eta ebatziko baitu espedientea.

Araudiak ezarritako betekizunak aintzat hartuta, Bermeoko Udalak eskaerarekin batera aurkeztu beharreko diagnostiko, justifikazio memoria zein ekintza-plana gauzatu eta onartu ditu. Lehen biek udalerriaren egungo egoera islatzen dute; azkenak, ostera, etxebizitza-merkatuan detektatutako desorekak zuzentzeko neurri multzo egituratua jasotzen du, epe labur, ertain eta luzerako jarduketekin, eta tentsio-egoerari modu integralean erantzutea du helburu.

Azterlan teknikoek erakusten dutenez, 2018-2023 aldian alokairu-errentek %20,2ko hazkundea izan dute Bermeon (459,9 eurotik 552,9 eurora batez beste). Hazkunde hori KPIaren igoeraren (%16,5) gainetik dago, eta, hortaz, araudiak ezarritako baldintzetako bat betetzen dela ondorioztatu da: alokairu-errentaren azken bost urteetako igoerak Autonomia Erkidegoko  kontsumo-prezioen indizearen (KPI) hazkunde metatua ehuneko hiru puntutan gainditzea.

Bestalde, salerosketa prezioen bilakaerak (2019-2024) ez du KPIa gainditu (%10,9eko igoera), eta etxebizitza ordaintzeko ahalegin ekonomikoa ere %30eko mugatik behera dago (%24,9). Hala ere, udalaren iritziz, datu kuantitatibo hutsetatik harago, udalerriko etxebizitza parkearen egiturazko ezaugarriek —etxebizitza hutsen portzentaje handiagoa eta biztanleriaren ziklikotasuna— merkatuaren tenkadura areagotzen dute.

Izendapena gauzatuz gero, Bermeok etxebizitza-merkatuan esku hartzeko tresna juridiko eta administratibo gehiago izango lituzke. Besteak beste, prezioen kontrolerako mekanismoak aplikatzeaz aparte, izendapenaren indarraldian zehar etxebizitza turistikoen (VT) lizentzia berriak etenda geratuko lirateke, Eusko Legebiltzarrak Etxebizitzaren, Lurzoruaren eta Hirigintzaren arloko Presazko Neurriei buruzko 6/2025 Legeari jarraiki.

Izendapenak hiru urteko indarraldia izango luke, eta epe hori amaitzean berrikuspena egin beharko litzateke.

Gobernu taldeak berretsi du etxebizitza dela bere lehentasun estrategikoetako bat: “Gobernu talde honentzat lehentasun nagusietako bat da etxebizitza. Lehenengo egunetik lanean ari gara Bermeo herri bizia, bizigarria eta guztiontzat irisgarria izan dadin. Bermeo Etxebizitza Gune Tentsionatu izendatzea funtsezko urratsa da etxebizitza-merkatuaren desorekak zuzentzeko eta espekulazioari aurre egiteko. Etxebizitza eskubide bat dela ezin dugu ahaztu, eta berretsi nahi dugu herriaren interes orokorraren alde lanean jarraituko dugula”.

27 / 02 / 2026

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0