Albistea
Bermeoko, Mundakako eta Sukarrietako hamalau establezimenduk aintzatespena jaso dute astelehen arratsaldean, arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko egindako lanagatik. Eskertza ekitaldia Bermeoko Toki Alai tabernan egin dute, eta bertan izan dira hiru udalerrietako alkate eta udal ordezkariak, bai eta Bizkaiko Foru Aldundiko euskara zuzendari nagusi Isaac Amezaga.
Aitortza horren bidez, udalek eskerrak eman nahi izan dizkiete sarituei euskararen alde erakutsitako konpromisoagatik eta eguneroko jardunean hizkuntza bultzatzeko egindako ahaleginagatik. Azpimarratu dutenez, tokiko establezimenduek zeregin garrantzitsua dute herritarren hizkuntza-ohituretan eragiteko, eta haien inplikazioa funtsezkoa da euskararen presentzia eta erabilera indartzen jarraitzeko.
Guztira, 70 establezimendu inguruk parte hartu dute Eskueran egitasmoan, eta ekitaldian gehien nabarmendu diren hamalau negozioak saritu dituzte.
Sarituak honako hauek izan dira:
Sukarrietan: Toña taberna.
Mundakan: La Leñera taberna, Donde Alejo barria taberna eta Izarzugaza harategia.
Bermeon: Toki Alai taberna, T Kimua te denda, Balea kafetegia, Mailur lentzeria, GuZuBio denda, Mertzeria 95, Julita lentzeria, Seine ume eta gazteen moda, Amatxu denda eta Gabilondo farmazia.
Ekitaldiaren helburua izan da egindako lana aitortzea eta parte hartu duten establezimenduei eskertza adieraztea. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, jakitun dira oraindik bide luzea dagoela egiteko —establezimendu batzuetan beste batzuetan baino gehiago—, baina “garrantzitsuena pausoak ematen hastea da”. Ildo horretan, bide onetik doazen establezimenduen lana aitortu nahi izan dute, eta aldi berean Euskaraz barra-barra ikurra ezagutarazten jarraitu.
Eskueran egitasmoaren bidez, hiru udalerriek tokiko merkataritza, ostalaritza eta enpresetan euskararen erabilera sustatu nahi dute, eta bide horretan tokiko establezimenduek egiten duten lana eskertu eta balioan jarri nahi izan dute. Udalek nabarmendu dutenez, tokiko enpresen eta establezimenduen inplikazioa ezinbestekoa da euskararen normalizazioan aurrera egiten jarraitzeko.