Albisteak

Albistea

Bermeok San Juan Bezpera ospatuko du kalejira, sua eta herriko talde ugariren parte-hartzearekin

  • Gaztelugatxe Zentroak ateak irekiko ditu San Juan Bezperan, Gaztelugatxeko ondare naturala, historikoa eta kulturala ezagutarazteko espazio berri gisa

Bermeok prest du San Juan Bezperako ospakizuna. Ekainaren 23an, herriko talde, elkarte eta boluntario ugarik parte hartuko dute urtero ehunka herritar erakartzen dituen hitzorduan. Kalejira, musika, dantza, irrintziak eta San Juan sua izango dira gau berezi honetako protagonista nagusiak.

San Juan Bezperako kalejira 21:00etan hasiko da Gizarte eta Kultura Etxean. Bertan elkartuko dira kalejiran parte hartuko duten herriko taldeetako kideak: Bermeoko Abesbatza, Alkartasuna Dantza Taldea, KIETB Erraldoi Txikien Konpartsa, Antortxeroak (Gaztelugatxe Danborrada Taldea eta Erraldoien Konpartsa), Kankinkabara Txistu Taldea, Ttakuntxo Txalaparta Taldea, irrintzilariak, adarjoleak, Kanta Kanta Lorue, Arrekatxutxa eta hainbat boluntario.

Kalejira Gizarte eta Kultura Etxetik abiatu ostean, Talaranzko, Aurrekoetxea, Baztarre, Santa Klara eskailerak, Portuzarra, Lamera, Hurtado Mendoza Kardenalaren aldatsa, Talaranzko, Gizarte eta Kultura Etxea, Irakaskintza, Sanjuanportale eta Doniene zeharkatuko ditu, Goiko plazan amaitzeko. Ibilbidean zehar sei geldialdi egingo dituzte, eta horietan parte-hartzaileek abestiak, dantzak eta herri kulturaren bestelako adierazpenak eskainiko dituzte.

Goiko plazara iristean, txalapartaren doinuek eta irrintziek emango diote hasiera unerik berezienetako bati. Ondoren, San Juan sua piztuko da, urteko gau sinbolikoenetako bati jarraipena emanez. Segurtasuna bermatzeko, Herri Babesako boluntarioak eta Bermeoko Gurutze Gorriko kideak arituko dira zaintza lanetan.

Bermeoko Udalak Goiko plazako auzokideen lankidetza eskatu du segurtasun neurriak behar bezala bete daitezen. Hala, balkoietako ate eta leiho guztiak ixtea, pertsianak jaistea eta kamaretako argizuloak ondo itxita daudela egiaztatzea gomendatu du. Era berean, ezingo da balkoi edo terrazetara irten sua guztiz amaitu arte.

Udalak gogorarazi du, halaber, ezin izango dela edozein motatako sastarrik sutara bota. Sutara botatako material desegoki guztiak kendu egingo dira, eta sua egiteko udal eraikinetan banatutako paperezko kartazalak edo paper txikiak baino ezingo dira erabili.

Kartazalak Gizarte eta Kultura Etxean, Turismo Bulegoan, Areneko kiroldegian, Berhaz bulegoan eta Sancti Spiritus zaharren egoitzan eskuratu ahal izango dira. Ekainaren 23an bertan, Kabidxen ere eskuragarri egongo dira.

Gaztelugatxe Zentroaren irekiera

Aurtengo San Juan jaietako berrikuntza nagusia Gaztelugatxe Zentroaren irekiera izango da. Ekainaren 23an bertan zabalduko ditu ateak zentro berriak, Bermeoko Alde Zaharrean, Gaztelugatxerako bide historikoa hasten zen Sanjuanportaletik metro gutxira.

Espazio berriak Gaztelugatxeko itsas ondarea, natura eta historia modu interaktibo eta irisgarrian ezagutzeko aukera eskainiko du. Bisitariek monumentu naturalaren historia, herri identitatea, tradizioak eta ingurune naturalaren balioa sakonago ezagutzeko aukera izango dute bertan.

Gaztelugatxe Zentroa ekainaren 23tik irailaren 30era egongo da zabalik. Lanegunetan 10:00etatik 15:00etara eta 16:00etatik 18:00etara zabalduko da; domeka eta jai-egunetan, berriz, 10:00etatik 14:00etara. Astelehenetan eta irailaren 9an zarratuta egongo da.

San Juan Eguna Gaztelugatxen

Ospakizunek ekainaren 24an izango dute jarraipena, San Juan Egunean. Ohiturari eutsiz, herritar eta bisitari ugari Gaztelugatxeko San Juanera igoko dira. Bertan lau meza ospatuko dira: 06:30ean, 07:30ean, 08:30ean eta 12:00etan.

Bermeoko Udalak eskerrak eman nahi dizkie San Juan jaiak antolatzen eta garatzen laguntzen duten talde, elkarte eta boluntario guztiei, eta herritarrei dei egin die segurtasun neurriak errespetatu ditzaten, jaiak modu seguruan eta giro onean ospatu ahal izateko.

18 / 06 / 2026

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0