Albisteak

Albistea

Bermeok hartuko du XXXVIII. Nagusien Busturialdeko Dantzari Eguna zapatuan

 

  • 225 dantzari eta musikari inguru bilduko dira Artza frontoian, eskualdeko dantza tradizionalen erakustaldian.

Bermeok XXXVIII. Nagusien Busturialdeko Dantzari Eguna hartuko du datorren zapatuan, azaroaren 7an. Artza frontoia eskualdeko dantzarien topagune bihurtuko da, eta 225 dantzari eta musikari inguru elkartuko dira bertan, euskal dantzen eta dantza tradizionalen aberastasuna erakusteko. Aurtengo hitzorduak, gainera, esanahi berezia izango du Bermeoko Alkartasuna Dantza Taldearentzat, taldearen 50. urteurreneko ospakizunei amaiera emango baitie.

Guztira, Busturialdeko eta inguruko zazpi dantza taldek hartuko dute parte: Alkartasuna Dantza Taldea (Bermeo), Itxas Alde (Bakio), Irrintzi Alai (Busturia), Urdaibai (Forua), Elai Alai (Gernika-Lumo), Baso-Txoritxu (Ibarruri) eta Artie (Gautegiz Arteaga). Hala, eskualdeko dantza-taldeek urteko hitzordu garrantzitsuenetako bat partekatuko dute, bakoitzak bere herriko eta inguruko dantza-tradizioaren erakusgarri.

Dantza saioa 18:30ean hasiko da, talde guztiek batera egindako emanaldi batekin. Lehenengo, Dantzari Dantza, Gipuzkoako dantzak eta Kaskarotak edo Sardinerak egingo dituzte,, Fandangoa eta Arin-Arinarekin.

Lehen emanaldi bateratuaren ostean, talde bakoitzak bere dantza-saioa eskainiko du, hainbat herri eta lurraldetako errepertorio tradizionala oholtzara eroanez. Itxas Aldek Bakioko polkak dantzatuko ditu; Irrintzi Alaik, Iribaseko ingurutxoa; Elai Alaik, Erronkariko Ttun Ttun; Baso-Txoritxuk, Lapurdiko polkak; Artiek, Kortesko dantzak; Urdaibaik, Sara eta Lekorneko dantzak; eta etxeko taldeak, Alkartasunak, Luzaideko dantzak.

Emanaldiari amaiera emateko, zazpi taldeetako dantzariak berriro elkartuko dira Larrain dantza elkarrekin egiteko. Horrela, talde guztien parte-hartzearekin eta dantza bateratu batekin borobilduko dute aurtengo topaketa.

Dantza-erakustaldia amaitutakoan, jai giroak jarraipena izango du erromeriarekin. Hala, dantzariek zein bertaratzen direnek musikaz eta dantzaz gozatzen jarraitzeko aukera izango dute, arratsaldeari amaiera alaia emanez.

2026a urte berezia izaten ari da Alkartasuna Dantza Taldearentzat. Izan ere, taldeak 50 urte bete ditu, eta urteurren hori ospatzeko hainbat jarduera eta ekitaldi antolatu ditu urtean zehar. Urte hauetan guztietan, Bermeoko dantza eta kultura tradizionala sustatzen, belaunaldi berriei transmititzen eta herriko kultur bizitzan parte hartzen jardun du taldeak.

Nagusien Busturialdeko Dantzari Eguna Bermeon ospatzea, beraz, urteurreneko ospakizunei amaiera emateko aukera berezia izango da. Etxeko taldeak eskualdeko beste dantza talde batzuk hartuko ditu herrian, elkarrekin dantzatzeko, esperientziak partekatzeko eta dantza tradizionalaren inguruan sortutako loturak indartzeko.

Hitzorduak, azken batean, dantza tradizionalaren bizitasuna eta talde-lanaren garrantzia jarriko ditu agerian, belaunaldiz belaunaldi transmititutako ondareari jarraipena ematen dioten dantzariak elkartuz.

04 / 11 / 2026

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0