Albistea
Bermeoko, Mundakako eta Sukarrietako udalek amaiera eman diote Lanbideren dirulaguntzaren eta hiru udalerrien arteko lankidetzaren bidez lehen aldiz garatutako laneratze-proiektuari. Otsailetik joan den astera bitartean, 34 herritarrek prestakuntza, orientazioa eta sei hilabeteko lan-kontratua jaso dituzte, tokiko administrazioan lan-esperientzia eskuratzeko eta beren gaitasun profesionalak garatzeko.
Proiektuaren amaierarekin batera, hiru udalek aitortza egin nahi izan diete programan parte hartu duten 34 pertsonei, eta oparitxo bana jaso dute mezu batekin: Zuen lana, gure herrirako bikaina. Gaurko prentsaurrekoaren helburu nagusia da, hilabete hauetan egindako lana ezagutaraztea eta haien ekarpena balioan jartzea.
Prentsaurrekoa proiektuaren emaitza ikusgarrienetako baten aurrean egin da, Dolariaga kaleko karkaban, parte-hartzaileek egindako mural baten aurrean, hain zuzen ere. Kokapenak ekimenaren helburuetako bat zuzenean erakusten du: prestakuntza eta lan-esperientzia udalerrien beharrei erantzuten dieten benetako jarduerekin uztartzea.
Sei hilabeteko programak 600.000 euro inguruko aurrekontua izan du, eta hiru udalerrietako ordezkari politikoek eta teknikariek egindako balorazioa positiboa izan da. Izan ere, proiektuak bi helburu nagusi uztartu ditu: parte-hartzaileen prestakuntza eta laneratzea sustatzea eta, aldi berean, udalerrientzat interes soziala duten lan eta proiektuak gauzatzea.
Hiru lan-esparru, hiru udalerrien beharrei erantzuteko
Parte-hartzaileek hiru lan-esparrutan jardun dute: igeltserotza eta bide-seinaleztapena, lorezaintza eta margoketa, eta udal-artxiboen digitalizazioa. Prestakuntza eta praktika uztartuta, eskuratutako ezagutzak udalerrietako benetako beharrei erantzuteko lanetan aplikatu dituzte.
Igeltserotza eta bide-seinaleztapeneko taldeek Bermeoko, Mundakako eta Sukarrietako hainbat espazio eta azpiegituratan esku hartu dute.
Bermeon, udal-eraikin eta espazio publikoen hobekuntzan egin dute lan. Besteak beste, Ametzaga eraikinaren berreskuratzearekin lotutako jarduketak egin dituzte, etorkizunean Gaztelekurako gunea hartzeko. Kurtzio eta Talako Andra Mari auzoetan ere hainbat lan egin dituzte, eta landa-auzoetan bide-segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko jarduketak gauzatu dituzte. Horrez gain, itxura degradatua zuten hainbat hiri-espazio eta koadro elektriko edertu, eta hiri-altzariak hobetu dituzte.
Mundakan, herriguneko zein landa-auzoetako hainbat gunetan egin dute lan. Besteak beste, Erreka, Alkate Mallona, hondartzako arrada, Atalaia eta Laminen eta Atorren parkea bezalako eremuetan jardun dute, eta landa-auzoetako bide-segurtasuna hobetzeko lanak ere egin dituzte.
Sukarrietan, udal-hilerriko harlangaitzezko horma garbitu eta junturak egin dituzte, Eleizbide kalearen hasierako galtzadarria konpondu eta hainbat elementu egokitu dituzte. Espaloietan zutoinak eta bolardoak jarri dituzte, ibilgailuen aparkaleku irregularrak saihesteko, eta hondatutako abiadura-murrizteko zerrendak kendu dituzte. Era berean, udal-seinale horizontalak berritu, Eleizbide kaleko zintarriak egokitu eta Txatxarramendiko identifikazio-paneletako baldosa berriak jarri dituzte.
Berdeguneak, espazio publikoak eta hiri-ingurunea zaintzen
Lorezaintza eta margotze lanetan aritu diren taldeek ere ekarpen nabarmena egin dute hiru udalerrietan.
Bermeon, Alde Zaharreko eta landa-auzoetako berdeguneak hobetzeko lanak egin dituzte, baita anbulatorioa, zaharren egoitza eta ikastetxeak bezalako funtsezko zerbitzuen inguruko espazioetan ere.
Mundakan, udalerriko auzoetako berdeguneak eta landa-auzoetako hainbat eremu zaindu eta hobetu dituzte, espazio horien egoera eta itxura hobetzeko.
Sukarrietan, Txatxarramendi uhartearen ertzeko plazatxoa egokitu dute, zuritu, errotulatu eta apainduz. Horrez gain, pantalanera sartzeko bidearen azpiko tuneleko horma-irudiaren ingurua berreskuratu dute, udal-bankuei itxura berria eman diete eta udal-hilerriaren barrualdeko pintura-lanak egin dituzte. Era berean, hainbat udal-berdegune prestatu dituzte, belar-sastrakak kenduz eta belarra moztuz.
Udal-artxiboen digitalizazioa
Proiektuaren hirugarren lan-esparrua udal-artxiboen digitalizazioa izan da. Hamar parte-hartzailek Bermeoko, Mundakako eta Sukarrietako artxiboetan jardun dute, dokumentazioa digitalizatzeko eta kontserbazio eta kontsulta-prozesuak hobetzeko.
Bermeon, udal-artxiboko funts historikoaren erabilera handiko atalak digitalizatu dituzte eta OCR bidez testua ateratzeko lanak egin dituzte, dokumentuen kontsulta errazteko. Aurrez digitalizatuta zegoen materiala dagokion datu-baseko erregistroekin formalki integratzeko lanak ere egin dituzte.
Mundakan, artxiboan zeuden hainbat dokumentu eta idazkaritzako dokumentazioa digitalizatu dituzte.
Sukarrietan, berriz, udal-artxibo dokumentala garbitzeko eta digitalizatzeko lanetan lagundu dute.
Prestakuntza eta lan-esperientzia, herrien hobekuntzarekin uztartuta
Hiru udalek nabarmendu dute proiektuaren balio nagusietako bat izan dela prestakuntza eta lan-esperientzia udalerrien beharretara eta lehentasunetara egokitu izana. Parte-hartzaileek beren gaitasun profesionalak garatzeko eta tokiko administrazioaren funtzionamendua gertutik ezagutzeko aukera izan dute, eta, aldi berean, egindako lanak herritarren egunerokoan eragina duten espazio eta azpiegituren hobekuntzan islatu dira.
Horrez gain, hiru udalerriek positibotzat jo dute lehen aldiz elkarlanean garatutako esperientzia. Udaletako ordezkariek eta teknikariek azpimarratu dutenez, elkarlanari esker enplegua eta prestakuntza sustatzeko programa bateratu bat garatu ahal izan da, herri bakoitzaren beharrei erantzunez.
Bermeoko, Mundakako eta Sukarrietako udalek eskerrak eman dizkiete proiektuan parte hartu duten langileei, baita ekimena aurrera eroateko lanean aritu diren profesionalei eta erakundeei ere. Programak prestakuntza eta lan-esperientzia eskaintzea ahalbidetu du, eta, aldi berean, hiru udalerrietan herritarren zerbitzura dauden espazio, azpiegitura eta artxiboen hobekuntzan ekarpena egin du.