Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak Puntu Seguruen Sarea handitzen jarraitu nahi du

  • 36 establezimenduk osatzen dute gaur egun sarea, eta udalaren helburua da mapa hori zabaltzea, elkarte, ostalari eta merkatari berriak batuta.

Bermeoko Udalak Puntu Seguruen Sarea handitzen jarraitu nahi du, eta horretarako, herriko elkarteak, ostalariak eta merkatariak parte hartzera deitzen ditu. Ekimena indarkeria matxistaren aurkako babes eta prebentzio sare komunitarioa indartzeko sortu zen, eta gaur egun 36 establezimenduk osatzen dute.

Udalaren helburua da sarea zabaltzea eta puntu seguru gehiago sortzea, herritarren babesa eta konfiantza sendotuz. Horregatik, azaroan bi saio egingo dira Puntu Seguruen Sarean interesa duten talde eta establezimenduentzat:

  • Elkarteak: Azaroak 13, eguena, 18:00etatik 19:30era, Gizarte eta Kultura Etxean. 
  • Merkatariak eta ostalariak: Azaroak 20, eguena, 19:00etatik 21:00etara, Gizarte eta Kultura Etxean.

Batean zein bestean parte hartu nahi duenak berdintasuna@bermeo.eus helbidera idatziz edo 688 638 449 telefono zenbakira deituz edo idatziz eman beharko du izena.

Puntu Seguruetan, indarkeria matxista jasan duen pertsonak lehen momentuko babesa jaso dezake, konfidentzialtasuna zainduta, behar diren baliabideak martxan jartzen diren bitartean. Sareko kideek formakuntza berezia jasotzen dute, egoera horien aurrean nola erantzun eta laguntza egokia eskaintzen jakiteko.

“Puntu Seguruak babesa eta konfiantza eskaintzen dituzten espazioak dira. Gure asmoa da sarea gero eta handiagoa izatea, herritarrek gertuko puntu seguru bat izan dezaten”, azaldu du Berdintasuneko zinegotzi Arantza Ormaza Tarantinok.

Zinegotziaren hitzetan, Bermeoko Udalaren helburua da “indarkeria matxistaren aurkako borrokan herritarren inplikazioa handitzea, guztion ardura baita. Bide horretan, puntu seguru bakoitza aurrerapauso bat da Bermeo seguruago eta berdinzaleago baten alde”.

Iaz, Puntu Seguruen Sarearen mapa eta bideoa egin ziren, eta aurten helburua da mapa hori eguneratzea eta puntu berriak gehitzea. Udalaren konpromisoa argia da: sarea handitzen jarraitzea, herria babestuago egon dadin.

06 / 11 / 2025

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0