Albisteak

Albistea

Mañuko Karmen jaiak bihar hasi eta zapatura bitartean ospatuko dira

  • Hiru egunetan txupinazoa, mezak, herri kirolak, zaldi-proba erakustaldia, DJ saioa eta VIII. Tortilla Txapelketa izango dira, besteren artean, Bermeoko auzoan.

Bermeoko Mañu auzoa prest dago aurtengo Karmen Jaiak ospatzeko. Uztailaren 16tik 18ra bitartean, auzoak hiru eguneko egitarau zabala hartuko du, tradizioa, gastronomia, musika eta herri kirolak uztartuz. Adin guztietarako proposamenekin, jaiak auzoko bizilagunak ez ezik, bermeotar guztiak eta bisitariak ere elkartzeko hitzordu bihurtuko dira.

Jaiei, bihar, uztailaren 16an, Karmen Egunean, emango zaie hasiera. Txupinazoarekin hasiko dituzte jaiak, eta ondoren, 11:30ean meza nagusia ospatuko da. 13:00etan, umeentzako jolasak izango dira, eta arratsaldean gaztetxoek gaztelu puzgarrian gozatzeko aukera izango dute. Egun berean egingo da arratsaldeko meza ere, eta iluntzean Sustabizen herri kirol erakustaldiak hartuko du protagonismoa. Ikusleek aizkora, harri-jasotzea, trontza eta ingude jasotzea bezalako modalitateak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute. Egun osoan zehar, gainera, trikitilariek girotuko dute auzoa.

Uztailaren 17an, Karmengo bigarren egunean, gastronomiak eta zaletasun tradizionalek hartuko dute lekukoa. 20:00etan makailoa dastatzeko aukera egongo da, trikitiaren laguntzarekin, eta 21:00etan zaldi-proba erakustaldia izango da.

Jaiei amaiera uztailaren 18an, zapatuan, emango zaie. Arratsaldean zabalduko da VIII. Tortilla Txapelketan parte hartzeko izen-ematea, eta DJ Bogdan Ruma arduratuko da jai-giroa berotzeaz. Ondoren egingo dira lehiaketako tortillen aurkezpena eta epaimahaiaren balorazioa, eta 20:30ean sari-banaketa izango da. Lehen hiru sailkatuek 80, 60 eta 40 euroko sariak jasoko dituzte, otzara banarekin batera. Eguna boletoen zozketarekin eta jaien amaierarekin borobilduko da.

Urtez urte bezala, Karmen jaiek auzolana, parte-hartzea eta elkarbizitza izango dituzte oinarri. Horregatik, antolatzaileek herritarrak jaietan parte hartzera gonbidatu dituzte, Mañuko giro berezia ezagutu eta auzoko tradizioei elkarrekin eusteko.

15 / 07 / 2026

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0