Albistea
Amaitu da XXXII. Arrain Azoka, eta lehen balorazioa “oso positiboa” izan dela adierazi dute antolatzaileek. Maiatzaren 22tik 24ra bitartean, milaka lagun igaro dira Bermeotik itsasoari lotutako kulturaz, gastronomiaz, tradizioaz eta herri giroaz gozatzeko.
Eguraldiak lagundu egin du asteburu osoan zehar, eta horrek azokako gune guztietan jende mugimendu handia egotea ahalbidetu du. Aurreikusitako egitaraua osorik bete da, eta antolatutako jarduerek erantzun oso ona jaso dute, bai herritarren bai bisitarien aldetik.
Aurtengo edizioak, gainera, itsasoaren zaintza eta jasangarritasuna jarri ditu erdigunean Itsasoa zaindu, bizia dastatu lelopean. Mezu horren bueltan antolatu dira hainbat tailer, familia-jarduera eta sentsibilizazio ekimen, itsasoarekiko ardura eta kontzientzia sustatzeko helburuarekin.
Euskarak ere presentzia nabarmena izan du azokaren baitan. Eskueran proiektuaren bidez, euskararen erabilera arlo sozioekonomikoan sustatzeko lanketa egin da, eta Arrain Azokako hainbat espaziotan hizkuntzaren presentzia eta erabilera indartzeko ekimenak garatu dira. Antolatzaileek azpimarratu dute euskarak tokiko merkataritzan, enpresetan eta herriko jarduera ekonomikoan duen garrantzia, eta Arrain Azoka horretarako erakusleiho egokia dela.
Postuetako arduradunek ere pozik amaitu dute azoka. Salmentak “oso onak” izan direla nabarmendu dute, eta aurten lehen aldiz antolatutako Pop-Up Kresaltsua gune berriak ere harrera beroa izan du. Tokiko artisauen presentziak eta itsasoan inspiratutako proposamenek interesa piztu dute bisitarien artean.
Arrakasta handia izan du aurten ere Lamerako karpa solidarioak. Asteburu osoan zehar ilara luzeak sortu dira marmitakoa eta hegaluze errea dastatzeko, eta prestatutako guztia agortu egin da. Antolatzaileek bereziki eskertu dute boluntarioen, herriko taldeen eta parte hartu duten eragile guztien inplikazioa, ekimen solidarioa posible egiteagatik.
Asteburuan zehar, Arrain Azokak askotariko ekintzak hartu ditu: dastaketak, itsas irteerak, erakusketak, familia-jarduerak, arrain salmenta itxurak, nabigazio-simulagailua eta herriko kultur zein kirol taldeen emanaldiak, besteak beste. Fanfarreak, txistulariak, trikitilariak, dantza taldeak, erraldoiak eta danborrada kalez kale ibili dira, herriko giroa indartuz.
Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk azpimarratu du Arrain Azokak “Bermeoren izaera eta herri nortasuna” erakusten jarraitzen duela: “Beste behin ere, herriak erakutsi du elkarlanean eta auzolanean egiteko gaitasun handia daukala. Arrain Azoka ez litzateke posible izango atzean dagoen pertsona, talde eta eragile guztien konpromisorik barik”.
Ildo horretan, eskerrak eman dizkie antolakuntzan eta azokaren garapenean parte hartu duten guztiei: boluntarioei, udal langileei, kultur eta kirol taldeei, babesleei, postuetako arduradunei, erakundeei eta egunotan azokara hurbildu diren herritar eta bisitari guztiei.
Hala ere, aitortu du domeka goizean Portuzarra eta ingurua hondakinez beteta agertu izanak “kezka eta tristura” eragin dituela: “Ondo pasatzea eta errespetua eskutik joan behar dira. Gure herria eta gure itsasoa zaintzea guztion ardura da”. Ildo horretan, gogorarazi da aurtengo leloak —Itsasoa zaindu, bizia dastatu— mezu argia uzten duela: jai giroa eta ingurumenarekiko ardura bateragarriak direla.
Era berean, eskerrak eman nahi izan zaizkie bereziki garbiketa lanetan aritu diren udal langileei, asteburuan zehar egindako lanagatik eta erakutsitako konpromisoagatik.
Bestalde, Arrain Azoka Elkartea hurrengo egunetan bilduko da aurtengo edizioaren balorazio sakonagoa egiteko. Helburua, urtero bezala, hobetzen jarraitzea izango da, Arrain Azokak herriarentzat eta bisitarientzat erreferentziazko hitzordua izaten jarrai dezan.