Albistea
· Azaroaren 8an, zapatuan, Spookypheria Productions elkarteak antolatuta, Bermeoko Kafe Antzokiak Halloween Metal Fest jaialdia hartuko du.
Gure herriko ohitura eta kulturaren sustapenean sakondu asmoz, Bermeoko Udalak Gau Beltza edo Arimen Gaua ospatzeko jarduera bereziak antolatu ditu aurten. Liburutegia eta Frantziskotarren klaustroa aukeratu dira jardueretarako; liburutegian, tailerrak eskainiko dira, eta Frantziskotarren klaustroan, berriz, Euskal Herriko ohitura zaharretan oinarritutako Ohiturak mikroantzerkiaz gozatzeko aukera izango dugu. Horrez gain, azaroaren 2rako (domeka) gazteei zuzendutako irteera antolatu da Bilboko Ilusioen Museora.
Umeen liburutegiak haur eta gazteen topagune berria izan gura du, horiek kultura eta dibertsioa eskura izan ditzaten. Hori aitzakia modura hartuta, aurten Gau Beltza edo Arimen Gaua antolatu da. Hartara, urriaren 27tik 31ra bitartean, umeen Liburutegia mozorrotu egingo da, misterio eta dibertsio giroan. Horrez gain, Gau Beltzerako, hau da, urriaren 31rako, bi ekintza berezi antolatu dira:
Gainera, Gau Beltzean ohikoa den Ziri edo Sari ekintzak umeentzako tarte beldurgarria eta gozokiak jasotzeko aukera eskainiko du liburutegian bertan, arratsaldean zehar.
Aipatu dutenez, liburutegia ez da bakarrik liburuak gordetzeko toki bat; kultur espazio bizia da, irekia eta erosoa, nahi dutena egiteko askatasuna duten gunea, alegia. Aspalditik ari da liburutegiaren kontzeptua eraldatzen: gaur egun, liburuez gain, beste hainbat jarduera eskaintzen dituen kultur eragile garrantzitsua da. Gizarte osoarentzako espazio moldakorra da, eta oraingo honetan, txikien eta gazteen beharretara egokitutako ekintza dibertigarri bat antolatu gura izan da.
Udazken Gaztearen baitako irteera
Beste alde batetik, azaroaren 2rako, domekarako, Bilboko Ilusioen Museorako irteera antolatu da Udazken Gaztearen baitan. Irteera 10 eta 14 urte bitarteko gazteei antolatuta dago, eta 17:00etatik 21:00etara izango da; autobusez joango dira Bermeotik monitoreekin.
Hainbat izango dira Ilusioen Museoan gazteek egingo dituzten jarduerak: Museoa bera bisitatu, maskara tailerra, laborategi misteriotsua, photocalla, jokoak… Ume bakoitzak, gainera, poltsa berezi bat jasoko du.
Irteerara joan gura duten horientzako izen-ematea zabalik dago GIZen (688 819 950 WhatsApp – 94 617 91 58 - giz@bermeo.eus), plaza kopurua bete arte. Plazak esleitzeko, izen-ematearen iriste ordena jarraituko da. Bermeon erroldatutakoek lehentasuna izango dute. Plaza guztiak betetzen badira, itxaron-zerrenda sortuko da.
Ohiturak mikroantzerkia, Frantziskotarren klaustroan
Gure herriko ohitura zaharrak berreskuratzeko asmoz dator, berriz, Ohiturak mikroantzerkia. urriaren 31n eta azaroaren 1ean, 18:00etatik 21:30era, eskainiko dira saioak ordu erdiro.
Ikuskizun honek gure herriko Arimen Gaua eta ohitura zaharrak erakutsiko ditu, era berean, erakutsi gura da, gure herriko ohitura zaharrak ez direla horren zaharrak, eta Ameriketako Estatu Batuetako Halloween alde batera utzita, berton ere Arimen Gaua delakoa ospatzen zela, antzeko ohiturekin. Esaterako, kalabazak erabiltzen ziren, baina gurean, horiek hustu eta kandelez betetzen ziren, bide bazterretan jartzen ziren, arimek beren bidea bilatzeko. Gaur egungo Halloween jaian egiten den modura, Arimen Gauean gazteak mozorrotu egiten ziren, baina arimek beste mundura eurekin ez eroateko egiten zuten. Mikroantzerki honek aukera paregabea eskainiko du gure kultura, historia eta ohitura txiki baina garrantzitsua ezagutzeko, beldurra eta dibertsioa uztartuz.
Halloween Metal Fest
Spookypheria Productions elkarteak ere ez dio hutsik egingo urteroko hitzorduari. Hala, azaroan 8rako, zapaturako, antolatu dute Halloween Metal Fest jaialdia. Ohi legez, Bermeoko Kafe Antzokia aukeratu dute jaialdia egiteko eta hurrengo taldeek parte hartuko dute: Vita Imana, Killus, Kruddö eta Kudai.
20:00etan zabalduko dituzte ateak. Sarrerak aurretiaz erosi daitezke 18 eurotan Bermeon (Luman) eta Bilbon (Gothic-Zone), eta www.bermeokokafeantzokia.com/tiketak webgunean. Egunean bertan ere salgai egongo dira leihatilan, 20 eurotan.
“Gau Beltza edo Arimen Gaua Euskal Herriko ohitura aberatsa eta liluragarria da. Aurten antolatu ditugun jarduera hauek aukera paregabea eskaintzen digute haur, gazte zein helduei gure kultura gertutik ezagutarazteko. Herritar guztiak gonbidatzen ditugu parte hartzera”, adierazi dute udal arduradunek.