Albisteak

Albistea

Bermeo ia prest dago urteko egunik berezienak bizitzeko

  • Garoa Martinez Anasagasti izango da aurtengo pregoilaria, herritarren bozketa irabazi ostean
  • Jai inklusiboagoak egiteko neurriak indartuko dira aurten, eta Salome Campos Itsas Zeharkaldia zein Sukalki Eguna bueltatuko dira egitaraura
  • Bermibus Gautxoria eta Puntu Morea: Irailak 7, 9, 11 eta 12, 00:00etatik 05:00etara

Bermeok ia prest ditu irailaren 7tik 16ra ospatuko diren Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak. Herriaren nortasunarekin eta tradizioarekin estuki lotutako hamar egun izango dira, eta aurten ere kultura, musika, kirola, gastronomia, kale-giroa eta herritarren parte-hartzea uztartuko dituen egitarau zabala prestatu da.

Gaur goizean egindako jaien aurkezpenean eman dugu ezagutzera aurtengo jaietako pregoilaria. Herritarren bozketa bidez aukeratuta, Garoa Martinez Anasagasti halterofiliako txapeldunak izango du irailaren 7an udaletxeko balkoitik jaiei hasiera emateko ardura, alkatearekin batera. Alkartasuna Dantza Taldea eta Bermeoko Erraldoien Konpartsa izan dira beste bi hautagaiak. Bermeoko Udalak Garoa zoriondu du, eta eskerrak eman dizkie hirurei, Bermeoren izena zabaltzeko egiten duten lanagatik. Horrez gain, bozketan parte hartu duten herritar guztiak eskertu dituzte. Guztira, 1.007 boto jaso dira Interneteko botoak eta Gizarte eta Kultura Etxean jarritako kutxan jasotako botoak kontuan izanda. Garoak 464 boto (%46) eskuratu ditu; Bermeoko Erraldoien Konpartsak 300 (%30), eta Alkartasuna Dantza Taldeak 243 (%24).

Endika Etxebarria Telleria Kultura zinegotziak Jai batzordeak eta Txosna batzordeak urte osoan egiten duten lana nabarmendu du. Haren esanetan, Bermeoko jaien bereizgarrietako bat da herritarrek herritarrentzat prestatutako jaiak izatea, eta horrek egiten ditu jaiak herrikoi eta parte-hartzaile. Bereziki azpimarratu du Jai Batzordeak Almikako jaitsiera bezalako ekimenak antolatzeko duen inplikazioa eta urte osoan zehar egiten duen etengabeko lana, jaien oinarrian dagoen antolaketa-lan isila baina ezinbestekoa agerian utziz. Era berean, Txosna Batzordearen ekarpena ere azpimarratu du, haien proposamenek jaien egitaraua osatzen eta herritar guztientzako eskaintza zabaltzen laguntzen dutelako. Eta, zelan ez, jaietako egitarauan parte hartzen duten udalerriko talde eta elkarte guztien lana ez du ahaztu nahi izan: “Eskerrik asko beti hor egoteagatik”.

Jai inklusiboagoen aldeko urrats berria

Bermeoko Udalak lanean jarraitzen du Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak gero eta inklusiboagoak izan daitezen. Aurreko urteetan abiatutako neurriak mantendu egingo dira, eta, aurten, beste urrats bat emango da. Berritasun modura, Lamerako kontzertu gunean mugikortasun urriko pertsonentzako plataforma bat jarriko da, kontzertuak ikusgarritasun eta baldintza egokiagoetan jarraitu ahal izateko. Udalak esan du ahalik eta lasterren emango dituela neurri horren inguruko xehetasun gehiago.

Jaien hasierako ordutegia mantenduko da, hau da, txupinazoa 20:00etan izango da, herriko txikienek ere jaien hasieraz gozatzeko aukera izan dezaten. Era berean, su artifizialak eta Xixiliren doluzko ibilbidea 21:30ean egingo dira, iaz hasitako bideari jarraipena emanez. Barraka isilak ere mantenduko dira, eta irailaren 4an eta 14an prezio herrikoiak eta ordutegi isilak (21:00ak arte musika barik) izango dituzte barrakek.

Azken urteetan, gainera, zeinu hizkuntza ere txertatu da txupinazoan, eta aurten ere neurri hori mantenduko da, jaien hasiera guztientzat irisgarriagoa izan dadin.

Egitarauak, gainera, azken urteetan faltan botatako hainbat ekitaldiren itzulera ekarriko du. Horien artean daude jaien bezperan, irailaren 5ean egingo den Salome Campos Itsas Zeharkaldia, eta Sukalki Eguna, irailaren 12an Talan ospatuko dena, Eleizalde Ikastolak berriro antolatzea erabaki ostean.

Benito Barrueta Arte Elkarteak 75 urte betetzen ditu, eta efemeride hori dela eta, urtero Arrantzaleen Kofradia Zaharrean antolatzen duen erakusketaz gain, erakusketa berezia jarriko du Nestor Basterretxea aretoan. Bertan, Bermeoko Udalaren bilduma piktorikoko obra esanguratsuenetako batzuk bilduko dira. Herritarren begietara oharkabean pasa daitezkeen artelanak ikusgai jarriz, Bermeoko ondare artistikoa ezagutzeko eta balioesteko aukera eskainiko du erakusketak. Irailaren 5ean inauguratuko da 19:00etan, eta irailaren 9an izan ezik, irailaren 16ra bitartean bisitatu ahal izango da, 19:00etatik 21:30era.

Bestalde, Bermeoko Erraldoien Konpartsak 20. urteurrena ospatzen du aurten. Horren harira, eta herritarrek urteetan egindako eskaerei erantzunez, Bermeoko Udalak erraldoien panpinak kaleratuko ditu. Lehen aleak irailaren 16an, Santa Eufemia Egunean, jarriko dira salgai.

Urtero modura, musikak protagonismo handia izango du jaietan. ETS taldeak emango dio hasiera jaiei irailaren 7an, txupinazoaren ondoren Lameran eskainiko duen kontzertuarekin.

Hala ere, eskaintza ez da talde bakar batera mugatuko, eta hainbat estilo eta proposamen izango dira hamar egunetan zehar. Besteak beste, Cherry and The Ladies, Mariachi Imperial, Oxabi, Txapela Brava, Niña Dioz, Merina Gris, Akerbeltz eta gainerako talde eta artistek ere beteko dituzte Bermeoko kale eta plazak. Era berean, kalejirak, fanfarreak, elektrotxarangak eta trikitilariak izango dira jaietako giroaren ezinbesteko osagai.

Motorrak berotzen: Almikako jaiak    

Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako giroa iritsi aurretik ere izango da zer egin. Irailaren 5ean, Salome Campos Itsas Zeharkaldiaz gain, Bermeo Mesi Masters zesta puntako txapelketaren emakume eta gizonen finalak jokatuko dira Artza frontoian.

Horrez gain, Almikako jaiak izango dira, beste behin ere, Bermeoko jai-egutegiaren abiapuntuetako bat. Almikako jaietako egitarauak hainbat proposamen bilduko ditu adin eta gustu guztietarako, Almika auzoko Jai batzordeak antolatuta. Irailaren 6an, Untxi Sukalki Eguna izango da, eta egun osoan zehar hainbat jarduera izango dira: irrintzi lehiaketa, nesken giza proba, umeentzako puzgarriak, Musika Jartzailea… Artza frontoiak, berriz, Bermeo Hiria Open Bizkaia Esku Pilota Txapelketaren jardunaldia hartuko du.

Irailaren 7an, berriz, Almikako jaitsiera izango da jaietako hitzordu nagusietako bat. Iazko formatuari eutsiz, herritarrei taldeka parte hartzeko gonbidapena egin zaie, talde bakoitzak bere izena eta mozorroa aukeratuta; iazko moduan, izena eman beharko da. Parte-hartzaile bakoitzaren esku egongo da jaitsieran musika eta giroa sortzea, txarangak, bozgorailuak, turuta edo bestelako baliabideak erabilita; motordun ibilgailuak debekatuta egongo dira.

Aurten, gainera, berritasunak izango dira Almikan bertan, jaitsieraren aurretik: musika jartzailea, mozorro lehiaketa eta turuta tailerra izango dira. 18:00etan abiatuko da jaitsiera eta Almikatik Taraskaraino egingo du ibilbidea.

Irailaren 7an, astelehenean, izango da jaien hasiera ofiziala. Goizean, Itsasoko Eguna ospatuko da Espigoian. Almikako jaitsiera eta Erriberako Toparen ostean, jaiek eztanda egingo dute: 19:45ean Xixili aurkeztuko da Goiko plazan, eta, 20:00etan, alkatearen pregoia, ikurrinaren jasotzea eta dunbada egingo dira, zeinu-hizkuntzaren itzultzailearekin. Ondoren, aurreskuak eta jaitsiera egingo dira, eta 22:00etan, ETSren kontzertu handia izango da Lameran.

Andra Mari eta Arrantzale

Irailaren 8a, Andra Mari Eguna izango da jaietako lehen egun handia eta, aldi berean, protokoloz betetako eguna. Udalbatza Almikarako bidean jarriko da goizean, Bermeoko Erraldoien Konpartsak, Aiarako Musika Bandak, Alkartasuna Dantza Taldeak eta Kankinkabara Txistu Taldeak lagunduta. Almikan ohorezko aurreskua egingo zaio Udalbatzari, eta Alkartasuna Dantza Taldearen eta Erraldoien Konpartsaren ekitaldia izango dira.

Egunak ez ditu, ordea, ekitaldi instituzionalak bakarrik izango. Barrueta Arte Elkartearen ohiko erakusketa inauguratuko da antzinako arrantzaleen kofradian, Erraldoien Konpartsak kalejira egingo du, Aiarako Musika Bandak kontzertua eskainiko du, umeentzako skate eta patin tailer eta erakustaldiak izango dira, eta Gaztelugatxe Danborrada Taldearen umeen danborradaz gozatzeko aukera egongo da. Gauean, Zaragoza Pirotekniaren suzirien ostean, Cherry and The Ladies taldearen kontzertua izango da Lameran.

Irailaren 9a, Arrantzale Eguna, itsasoari eta arrantzaren munduari lotutako egun berezia da. Santa Eufemia elizan, arrantzaleen omenezko meza egingo dute, eta ondoren lore eskaintza eta omenaldia izango dira.

Goiko plazan aurreskuak eta zabaletakoak izango dira, eta ondoren Taraskari lore eskaintza egingo zaio. Herriko kaleak fanfarreek eta trikitilariek girotuko dituzte. Arratsaldean eta gauean ere ez da musikarik faltako: Mariachi Imperial taldearen kontzertua eta Oxabiren erromeria izango dira Lameran, besteak beste.

Irailaren 10ean, hirugarren Andra Mari Egunak musika, kirola eta bertsolaritza uztartuko ditu. Txapela Bravaren kontzertua, umeentzako puzgarriak, Esku Pilota Txapelketa, bertso saioa eta Txosna batzordearen jarduerak izango dira.

Irailaren 11n, Gaztelugatxe Danborrada Taldearen nagusien danborrada ibiliko da kalez kale, euren giro bikainarekin. Itsas Gane futbol zelaiko partiduaren ostean, 22:00etan hasita, Niña Dioz eta Merina Gris izango dira Lameran. Txosnagunean, mozorro eguna dute. Horrez gain, XXI. Alkartasun Batel Estropada izango da, Euskal errepresaliatuen alde, Queer poteoa eta kontzertuak.

21:30etik 00:30era, alkohola kontsumitzeari lotutako arriskuak prebenitzeko eta murrizteko zerbitzua jarriko da liburutegiaren ondoan.

Irailaren 12an, bueltan izango dugu Sukalki Eguna Talan, txapelketa eginez, Eleizalde Ikastolari esker. Egun osoan zehar sukalkiaren inguruko jarduerak izango dira, haurrentzako tailerrak eta jolasak barne. Arratsaldean fanfarrearen kalejira, Xixiliren jaitsiera eta suzko zezenak izango dira, eta gauean Akerbeltzen erromeria.

Irailaren 13an, Gaztelugatxeko San Juanen uretan dagoen Begoñako Ama tronuratzearen LXIII. urteurrena ospatuko da, itsasoz eta lehorrez egingo diren ekitaldiekin. Esku Pilota Txapelketaren finalak, Tio Teronen Semeak dantza ikuskizuna eta herri kirolak ere izango dira, besteak beste.

Irailaren 14an, Almikara egingo dute irteera, Sancti Spiritus zaharren egoitzakoek. Arratsaldean, berriz, txokolatada, gaztetxoentzako jolasak, Tortilla Txapelketa eta Eskalada txosneroa izango dira, eta gauean Bermeoko berbekin jolasean aritzeko Eingule? ere bai, txosnagunean bertan.

Irailaren 15ean, Santa Eufemia bezperan, Play-back Txapelketa izango dugu Lameran, eta aurten hiru kategoria egongo dira: umeak, gaztetxoak eta nagusiak. Interesa daukatenek, irailaren 1etik 7ra bitartean eman beharko dute izena, Gizarte eta Kultura Etxean.

Eta irailaren 16an, eguaztenean, Santa Eufemia Egunean, jaiei agur esango zaie. Lameran jarriko da Baserri Giroko Azoka, 10:00etatik 15:00etara, eta Euskal Oiloaren Bizkaiko txapelketa eta oiloen erakusketa ez dira faltako.

Protokolo eguna ere izango da, eta Udalbatza Gaztelura abiatuko da Aiarako Musika Bandak eta Bermeoko txistulariek lagunduta. Bertan izango dira Erraldoien Konpartsaren ekitaldia, Aiarako Musika Bandaren saioa eta ondorengo kalejira. Eguerdian, gainera, Balkoitik Balkoira bertso saioa izango da, Onintza Enbeita Maguregi, Aissa Intxausti Aburruza eta Alaia Martin Etxebesterekin.

Arratsaldean, Bermeo Hiria Inpesca Pilota Festibalaren finala jokatuko da Artza frontoian, eta Aiarako Musika Bandak dantzaldia eskainiko du Lameran. Jaiei amaiera emateko, 21:30ean Xixiliren ohiko doluzko ibilaldia egingo da, eta ondoren Xixili agurtu eta suziriak jaurtiko dira.

Jaiak errespetuz

Bermeoko Udalak jaiak errespetuz eta askatasunez bizitzeko deia egin du, errespetua elkarbizitzaren eta guztien gozamenerako oinarria dela azpimarratuta.

Horretarako, aurreko urteetan bezala, Bermibus Gautxoria eta Puntu Morea izango ditugu. Gautxoria irailaren 7an, 9an, 11n eta 12an egongo da erabilgarri, 00:00etatik 05:00etara, ordu erdiro. Ibilbidea honako geltokietatik igaroko da: Artzako biribilgunea, Adubidxe, San Migel, Ondarruburu kalea, San Andres bidegurutzea, Askatasun bidea, Ibarreta kalea, San Martin, Bizkaiko Jaurerria, Sanjuanportale, Tala, Aritzatxu bidea, Bizkaiburu kalea, udal azoka eta Txibitxiaga kalea. Ibilbide zehatza izan arren, geltoki malguak ere eskainiko dira herritarrek hala eskatuz gero.

Gautxoria dagoen egun berberetan, Puntu Morea ere egongo da liburutegiaren alboan, zalantzak argitzeko, informazioa emateko eta behar duenari laguntza eskaintzeko.

Udal ordezkariek herritarren eta Bermeora jaietara datozenen segurtasuna bermatzeko konpromisoa berretsi dute: “Bizi ditzagun jaiak askatasunez, inongo erasorik barik!”

Jaietako programa jasotzen duen liburua irailaren 1etik aurrera egongo da salgai Gizarte eta Kultura Etxean eta Turismo Bulegoan, euro baten truke.

Txosna batzordeak ere egitarau zabala dakar

Txosnagunea irailaren 5etik 19ra egongo da zabalik, eta Txosna batzordeak egitarau zabala prestatu du egun horietarako. Adin eta interes guztietako herritarrei zuzendutako proposamenak izango dira, eta musika, jolasak, tailerrak, lehiaketak, kale-ekintzak eta kontzertuak uztartuko dituzte.

Irailaren 5ean bertan hasiko da Txosna Txikiren programazioa, Ross dantza tailerrarekin, Motx pailazoaren Oroitzapen ederrak ikuskizunarekin eta Txupinazo Txikiarekin. Irailaren 7an, berriz, Txosneroen Txupinazoa izango da, eta hurrengo egunetan Mus Txapelketa, Bingo Musikatua, txalaparta tailerra eta erakustaldia, Queer Poteoa, umeentzako tailerrak, lasterketak, Bitsaren Jaia, Tortilla Txapelketa, Eskalada Txosneroa, Postre Lehiaketa eta Eingule? bezalako proposamenak izango dira.

Horrez gain, musika izango da Txosna Batzordearen egitarauaren beste ardatzetako bat, DJ eta kontzertuekin.

Jaiak amaitu ostean, irailaren 18an eta 19an programazioarekin jarraituko dute, eta Estropada Egunerako trikipoteoa, herri bazkaria, kuadrillen arteko lehiaren sari-banaketa eta kontzertuak antolatu dituzte, besteak beste.

Bermeoko Udalak, Jai batzordeak eta Txosna batzordeak herritar guztiak gonbidatu dituzte Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan parte hartzera eta jaiak errespetuz eta askatasunez bizitzera. Izan ere, herritarren parte-hartzea eta inplikazioa dira Bermeoko jaiak jai herrikoi eta parte-hartzaile egiten dituzten ezaugarri nagusiak.

12 / 08 / 2026

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0