Albisteak

Albistea

Haur, Nerabe eta Gazteen Kontseilua martxan jarri da Bermeon

  • Udalerriko haur eta nerabeek parte-hartzeko espazio propioa izango dute, eta Gazteleku berriaren inguruko erabakietan parte hartuko dute aurtengo ikasturtean.

Bermeoko Udalak Haur, Nerabe eta  Gazteen Partaidetzarako Tokiko Kontseilua sortu eta osatu du, udalerriko haur eta nerabeek beren iritziak, proposamenak eta ekarpenak modu antolatuan helarazteko aukera izango duten parte-hartze gunea abian jarriz. Gaur egin dute lehen osoko bilkura, eta hemendik aurrera hilean behin bilduko dira; ikasturte amaieran, ekainean, egingo dute bigarren osoko bilkura nagusia, ikasturtean zehar Gazteleku berriari buruz landutakoa Bermeoko alkateari eta zinegotziei aurkezteko.

Lehen bilkura hau Kontseilua osatzeko eta elkar ezagutzeko izan da, eta bertan Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak eskerrak eman dizkie gazteei parte hartzeko prest agertu direlako: “Eskerrak eman nahi dizkizuegu Gazte Kontseiluan parte hartzeko boluntario agertu zaretelako eta Bermeo hobetzeko proposamenak egiteko prest egoteagatik”. Era berean, parte-hartzea herritarren ongizatearekin lotu du: “Hiri bat lagunkoiagoa denean eta haurrak hobeto artatzen dituenean, hobea da bertako biztanle guztientzat”.

Gazte Kontseilua 14 ikaslek osatzen dute: Eleizalde Ikastolako, Sagrado Corazon ikastetxeko eta Bermeoko Institutuko DBH 1. eta 2. mailako gazteek.

Parte-hartzearen aldeko apustu irmoa

Alkateak nabarmendu du haurrek eta nerabeek eskubide osoa dutela eragiten dieten gaien inguruan parte hartzeko. Horregatik, espazio hau sortzea “beharrezkoa” zela adierazi du, parte-hartze eskubidea askotan gutxien betetzen denetako bat baita. “Udaletik espero dugu, esperientzia honekin gozatzeaz gain, zuen iritzia ematea eta zuen denborarekin herria eta bertan bizi diren pertsonen bizitza hobetzea zein aberasgarria izan daitekeen ikasteko aukera izatea”, adierazi du alkateak.

Gazteriako zinegotzi Maite Caruezo Ugaldek azaldu du, Kontseiluak kontsulta-organo izaera duela: “Helburua da adingabeen ikuspegia tokiko politiken diseinuan txertatzea. Parte-hartzaileek udalaren funtzionamendua ezagutzen dute, elkarrizketa eta erantzukizunerako gaitasunak lantzen dituzte, eta herrian eragina duten gaietan modu aktiboan parte hartzen dute”.

Hartara, ikasturte honetan, gazteek Gaztelekuarekin lotutako erabakietan parte hartuko dutela nabarmendu du: jardueren diseinua, espazioaren hobekuntzak eta proposamen berriak lantzeko aukera izango dute. Udalaren iritziz, hau “aukera aberasgarria” da gazteen ikuspegia eguneroko kudeaketan txertatzeko.

Zinegotziak azaldu du proiektuaren sorrera Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimen batetik datorrela: “Kontseilu hau Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarritako proposamen baten baitan sortu da, Bizkaiko udalerrietan Haur eta Nerabeen Tokiko Kontseiluak sustatzeko. Lehen fasea 2024ko irailean hasi eta 2025eko apirilean amaitu zen”. Gaineratu du, Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiaren 6.000 euroko dirulaguntza jaso duela Gazte Kontseilua martxan jartzeko.

Fase horretan Bermeok, Balmasedak, Etxebarrik eta Turtziozek parte hartu zuten, eta sei lan-saioz osatutako ibilbidea izan zela aipatu du: “Prestakuntza, tresnak eta orientazioa jaso genuen, gure udalerrietako haur eta nerabeek euren iritzia eman eta udal proiektuak aberasteko bide errealak izan ditzaten. Gaur aurkezten dugun Gazte Kontseilua da bide horren emaitza”.

Azkenik, bide honetan familiek eta ikastetxeek izan duten rola ere nabarmendu gura izan da: “Eskerrak ematen dizkiegu bai familiei eta baita ere ikastetxeei, beren seme-alabek eta ikasleek ekimen honetan parte hartzea ahalbidetu eta erraztu dutelako”.

10 / 12 / 2025

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0